-
Eszena bonuak bakarrik erosi ahal izango dira astelehenera bitarte; Udalak antolatutako ekitaldietako sarrerak astelehenetik aurrera jarriko dira salgai.
-
Bederatzi saiotarako sarrera bana eskuratzeko aukera emango du Eszena Bonuak, eta 40 euroko salneurria izango du.
Gabonak pasatzearekin batera, urtarrilaren 9an abiatuko da Tolosako neguko eta udaberriko kultur eszenako eskaintza. 25 ekitaldi izango dira guztira: 9 musika emanaldi; 7 antzerki saio; 4 haur ikuskizun; hiru bakarrizketa-saio; eta bertso eta dantza emanaldi bana.
Eszenako emanaldi horiez gain, ekainean, Udaleko kultur tailerretako taldeen jaialdiak ere izango dira Leidor Aretoan. Ekainaren 13an izango da dantza tailerrekoa, eta bi saio izango dira, 12:00etan eta 18:00etan. Ekainaren 19an, berriz, antzerki taldearen emanaldia izango da, 20:00etan. Aurrerago emango dira bi ekitaldi horietako xehetasunak.
Eszena bonua eta sarrerak
Ohikoa den eran, Eszena bonua ere izango da eskuragarri. Bederatzi saiotarako sarrera bana eskuratzeko aukera emango du. Dagoeneko salgai daude, leidorantzokia.janto.es helbidean eta Leidorreko leihatilan, 40 euroren truke. (Gogon izan behin bonua erosita, ekitaldi horietako bakoitzaren sarrera erosteko prozesua egin beharko dela, bonuaren kodea sartuta). Honako saio hauek barne hartzen ditu bonuak:
-
Urtarrilak 24. Semaforoa. Haur-antzerkia.
-
Urtarrilak 30. Verde Prato. Musika.
-
Otsailak 27. Loreen hizkuntza. Antzerkia.
-
Martxoak 6. Olatz Salvador. Musika.
-
Martxoak 13. La Senior – Larrua. Dantza.
-
Apirilak 18. Hodei guztien gainetik. Haur-ikuskizuna.
-
Apirilak 24. Rafael Álvarez: El Brujo. Antzerkia.
-
Maiatzak 16. Kaka. Antzerkia.
-
Maiatzak 29. Zanbuila. Antzerkia.
Udalak antolatutako ikuskizunetako sarreren salmenta, berriz, astelehenean, hilaren 15ean, aktibatuko da, webgune berean. Topic-eko aretoko emanaldien kasuan, topic.eus atarian edo bertako leihatilan eskuratu ahal izango dira. Udala antolatzaile ez den ekitaldi batzuetako sarrerak, berriz, jada salgai daude.
Zine saioetarako 2026ko bonuak ere salgai daude. Hiru aukera daude: 10 saio, 20 saio edo 30 saiotarako balioa dutenak. Film bakoitzeko bi sarrera hartu ahal izango dira bonuarekin. Urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arteko balioa dute. 2025eko bonuak urtea amaitu baino lehen erabili beharko dira eta ez dute baliorik izango urtarrilaren 1etik aurrerako saioetarako.

Egitaraua
Jon Plazaola: AA Aita | Bakarrizketa
Urtarrilak 9, ostirala | 19:00 | Leidor | Euskara | Antolatzailea: Barreman
Aitatasunak eman diona publikoarekin elkarbanatuko du Plazaolak lan berrian. Esperientzia onak elkarbanatu eta funtsezkoena: oinazea monetizatu. Aitatasuna ardatz eta aitzaki izango da patetismo eta ergelkeria propioaz aritzeko eta gainontzekoen patetismo eta ergelkerian sakontzeko.
Go!azen 12 | Musika
Urtarrilak 10, larunbata | 12:00 eta 16:00 | Leidor | Euskara | Antolatzailea: Irurako Ikastola
Maitanek ideia zoragarri bat garatu du aurten: Basakabi “bigarren aukeren” udalekua bilakatu du. Kontua da Garaziri ez diola bere planen berri eman eta Basakabi arazoak dituzten gaztez bete da. Etorri diren gazte berriek iskanbilak sortuko dituzte eta, gainera, Kuxkuxero izeneko pertsona batek, ikasle guztien inguruko informazioa zabalduko du sare sozialetan. Maitasuna, anaien arteko gorrotoa, mendekua eta, jakina, abesti berri ugari!
Mikel Azpiroz: Pake Pieza | Musika
Urtarrilak 16, ostirala | 20:00 | Leidor | Antolatzailea: Tolosako Udala
Sei urte zituela hasi zen pianoa ikasten; musika klasikoko ikasketak egin eta laster bideratu ziren jazzaren eta bluesaren esparruetara. Inpresionismoa, beste lurralde batzuetako printza exotikoak, baita Euskal Herrikoak ere, bluesik izkinakoenak, abangoardiako joera sotilak… uztartzen ditu. Bere laugarren diskoa aurkeztuko du: Pake pieza, Karlos Arancegui (bateria) eta Fernando Neira (kontrabaxua) alboan dituela.
Ataria bertso jaialdia | Bertso-saioa
Urtarrilak 17, larunbata | 18:00 | Leidor | Euskaraz | Antolatzailea: Ataria
Atariak Harituz bertsozale elkargunearekin eta Galtzaundi euskaltzaleen elkartearekin batera antolatzen du bertso jaialdia. Andoni Egaña, Maider Arregi, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal, Xabat Illarregi eta Onintza Enbeita ariko dira bertsotan, eta Amaia Agirre gai-jartzaile lanetan.
Querida Agatha Christie | Antzerkia
Urtarrilak 23, ostirala | 20:00 | Leidor | Gazteleraz | Antolatzailea: Ein produkzioak
1927. Puerto de la Cruz, Tenerife. Taoro hotela. Agatha Christie eleberrigileak gau berri bati aurre egin beharko dio. Senarrarekin hautsitako harremanaren mamuek eta ama galdu berriak kalte handia eragin diote. Erokeria bat egiteko prest dago, behingoz sufritzeari uzteko. Zaldun misteriotsu baten ustekabeko bisitak irauli egingo ditu gertaerak.
Semaforoa | Haur-ikuskizuna - Antzerkia
Urtarrilak 24, larunbata | 17:00 | Leidor | Euskaraz | Antolatzailea: Tolosako Udala | E.Bonua
Antzerkia, bideo-animazioa, interakzioa eta musika uztartzen ditu. Enekok ez die kasurik egiten semaforoei. Berehala lortu nahi ditu gauzak eta, horregatik, semaforoak oztopo bat dira berarentzat. Semaforoa gorrian dagoela, bidea zeharkatu eta ziztuan igaroko den argi erraldoi batek ia-ia bertan irentsiko du. Sustoarekin ametsezko mundu batean sartuko da.
Verde Prato | Musika
Urtarrilak 30, ostirala | 20:00 | Leidor | Antolatzailea: Tolosako Udala | Eszena Bonua
Ana Arsuaga musikari tolosarraren izen artistikoa da Verde Prato. Bere azken albuma, Bizitza eztia, Donato Dozzyrekin batera grabatu eta ekoiztua da, eta feminismoa, askatasuna, bakardadea eta natura bezalako gaiak aztertzen ditu. Argien eta itzalen arteko oreka bilatuz, gozotasunez eta lasaitasunez beteta dago. Aurten Singular filmaren soinu banda sortu du Jon Aguirrezabalagarekin elkarlanean. Era berean, Joan Manuel Serraten ‘Mediterraneo’ lanaren bertsio esklusiboa ere egin du The Designer is Dead dokumentalerako.
Porrotx, Marimotos, Pupu eta Lore: Zerua lapurtu dute | Haur-ikuskizuna, pailazoak
Urtarrilak 31, larunbata | 11:00 eta 16:00 | Leidor | Antolatzailea: Katxiporreta | Euskaraz
Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore arduratuta daude izarrik ikusten ez dutelako. Zer gertatu da zeruarekin? Lapurtu egin al digute? Birtxi farozainaren laguntzaz urdin infinitura abiatu dira izarren bila… unibertsoaren sekretuak ezagutzera, urrunera begiratuz barrura begiratzeko!
Abraham Cupeiro: Los sonidos olvidados | Musika
Otsailak 20, ostirala | 20:30 | Leidor | Antolatzailea: Vitamin
Multiinstrumentista eta instrumentu-egilea da, antzinako tinbreak berreskuratu eta lengoaia garaikideekin uztartzen dituena. Milaka urteko instrumentuak — zelta tradizioko karnyxa edo galiziar korna, esaterako—, folkarekin, jazzarekin eta musika sinfonikoarekin nahasten ditu.
Loreen hizkuntza: La Mapatxa | Antzerkia
Otsailak 27, ostirala | 20:00 | Leidor | Antolatzailea: Tolosako Udala | E.Bonua | Eus+Cas
Hasi berria da La Mapatxa euskal antzerki-konpainia. Unai Izquierdo, Olatz Ganboa eta Mikel Losada dira antzezleak, Getari Etxegarairen zuzendaritzapean. Ibon Belandiak konposatu eta interpretatutako zuzeneko musika du. Itxaropena abiapuntu hartuta, XXI. mendeko maitasun-harremanak jorratzen ditu, eta nola aldatu den ligatzeko prozesua azken urteotan. Zenbait egoeraren bidez, gogoeta egiten du gai horietaz, betiere umorearen ikuspegitik.
David Cepo: No cruces los brazos | Bakarrizketa
Martxoak 5, osteguna | 20:00 | Leidor | Antolatzailea: DV | Gazteleraz
Komikoa jaiotzez eta influencer ezustean, bat-batekotasunari esker sare sozialetan ikur bihurtu da. Bere bideo asko biralizatu egin dira eta orain antzerkira iegin du jauzi, umorez betetako ikuskizun batekin, non bere showaren protagonista sentiaraziko duen ikuslea.
Olatz Salvador: Zainak eman | Musika
Martxoak 6, ostirala | 20:00 | Leidor | Antolatzailea: Tolosako Udala | Eszena bonua
Bere hirugarren bakarkako lana da, soinu organikoak eta elektronikoak oreka ezin hobean uztartzen dituena. Musika Bulegoa saria jaso zuen Salvadorrek 2022an.
La senior: Proyecto Larrua | Dantza
Martxoak 13, ostirala | 20:00 | Leidor | Antolatzailea: Tolosako Udala | Eszena bonua
Aritz Lopez gasteiztarrak eta Jordi Vilaseca kataluniarrak osatzen duten dantza garaikideko konpainia da Larrua Proiektuak. Heldutasuna eta esperientzia aldarrikatzen ditu emanaldiak, dantzako adinari buruzko estereotipoak hautsiz eta arte eta gizarteko edadismoari buruzko elkarrizketa irekiz.
Gora musika! | Haur-ikuskizuna - Musika
Martxoak 14, larunbata | 17:00 | Leidor | Antolatzailea: Irurako ikastola | Euskaraz
Familiak dantzan jarriko dituen ikuskizuna da, abesti ezagunenak, dantzagarrienak eta kantu berriak uztatuz. Abesti bakoitzak, bere koreografia erraza eta dantzagarria du.
Txalo produkzioak – Trajea | Antzerkia
Martxoak 27, ostiraa | 20:00 | Leidor | Antolatzailea: Tolosako Udala | Euskaraz
Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza dira protagonistak. Hiriburuko saltoki handietako merkealdiaren lehen eguna da. Jendea tropelean sartu da eta istripu bat izan da. Eraikinaren erraietan, segurtasun-zaintzaile batek negozio-gizon bat galdekatu du, jantzi bat erostera etorri delako eta gertakariekin zerikusia izan duelako. Baina, zein dira gertakariak zehazki?
Tolosako Udal Musika Banda | Musika
Martxoak 28, larunbata | 19:00 | Topic | Antolatzailea: Tolosako Udala
Tolosako Udal Musika Bandaren udaberriko kontzertu berezia. Kolaborazio bereziekin egin ohi du bandak kontzertu hau. Aurtengoaren xehetasunak aurrerago jakinaraziko ditu bandak.
El Show de Ignatius Farray | Bakarrizketa
Apirilak 10, ostirala | 20:30 | Leidor | Antolatzailea: Vitamin | Gazteleraz
Bi hamarkadako ibilbidea du Tenerifeko komikoak Stand-up formatuan. David Broncanorekin eta Hector de Miguelekin egindako La vida moderna izeneko programarekin egin zen ezagun. Hiru liburu ere idatzi ditu. Iaz Juan Mayorga antzerkigile eta zuzendariak zuzendutako antzerki sorkuntzako masterra egin zuen Carlos III.a Unibertsitatean.
Markeliñe: Hodei guztien gainetik | Haur-ikuskizuna - Antzerkia
Apirilak 18, larunbata | 17:00 | Leidor | Antolatzailea: Tolosako Udala | E.Bonua | Euskaraz
Konortea galdu eta gero, esnatzean kartoiz egindako zeru batean dago aita bat. Aingeru batek galdutako inozentzia berreskuratzera gonbidatzen du. Espazio magiko horretan, kutxa bakoitza unibertso bat da: baserri bat, laino artean murgiltzeko lekua edo izarretatik harago doan gurdi bat. Goitik bakarrik jolasten ari den haur bat ikusten dute, ihes egindako denbora gogoratuz.
Rafael Álvarez, El brujo: Mi vida en el arte | Antzerkia
Apirilak 24, ostirala | 20:00 | Leidor | Antolatzailea: Tolosako Udala | Eszena bonua | Gaztelera
Rafael Alvarezen goitizena da El Brujo. Bertsoa gainditu gabeko irakasgaia da beti antzerkia benetan maite duen edozein aktorerentzat. Testu klasikoek antzinako duintasunaren eta magia errepikaezinaren arte eszenikoa irudikatzen dute.
Musikene Big Band | Musika
Maiatzak 8, ostirala | 20:00 | Leidor | Antolatzailea: Tolosako Udala
Donostiako Musikene goi mailako musika zentroko ikasleek osatutako musika taldea da, jazz estiloko ikasleek osatutakoa. Ikasturte amaierako emanaldia eskainiko dute.
Paloma San Basilio: Dulcinea | Antzerkia
Maiatzak 15, ostirala | 20:00 | Leidor | Antolatzailea: Txalo produkzioak | Gaztelera
Emakume perfektua izatea Dulcineak jasaten jarraitu nahi ez duen pisua da. Idealek gero eta leku gutxiago duten mundu batean, etikak estetikari eta moralak ustelkeriari bide eman dien mundu batean, ez du zentzurik ezinezko ametsak defendatzen jarraitzeak. Kantua eta interpretazioa uztartuz, Paloma San Basilio topikoz eraikitako emakume ideal honen azalean jartzen da, bere nortasunaren alde lantza bat hausteko. Ikuskizun honetan artistak musika eta hitza erabiltzen ditu beste ikuspegi batetik kontatzeko. Julio Awad pianoan lagun duela, umoretik eta ironiatik hasi eta saminera eta apaltasunera arte.
Kaka: Erika eta Xanti | Antzerkia
Maiatzak 16, larunbata | 20:00 | Leidor | Antolatzailea: Tolosako Udala | E.Bonua | Euskaraz
AEK-Korrikako II. Kultur Sorkuntza Beka irabazi zuen Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizolaren proiektuak. Mikel Laskurain eta Ainhoa Aierbe ere ariko dira aktore lanetan. Herriko plazan kaka-mokordo bat agertu da. Kaka azaleratu da eta egoeraren analisia egin behar da. Nork egin du? Noiztik dago hor? Eta orain, zer egin kaka honekin? Noren arudra da? Mundua nolakoa litzateke, bakoitza bere kakaren jabe egingo balitz? Norbanako, kolektibo edo herri gisa batzen gaituen, baina ezkutatzen dugun horren guztiaren azaleratze-festa da Kaka.
Esanezin: Hormetan idazten | Musika
Maiatzak 22, ostirala | 20:00 | Topic | Antolatzailea: Tolosako Udala | Euskaraz
Altzagako taldeak bere lan berria kaleratu du, 2025eko udan grabatua. Bederatzi kantuk osatzen dute diskoa, eta Sara Zozaya zein Idoiarekin aritu dira elkarlanean. Pop alternatiboa eta indiearen eraginak uztartzen ditu, lirika barnerakoi batez lagunduta.
Zanbuila: Lolak kolektiboa | Antzerkia
Maiatzak 29, ostirala | 20:00 | Leidor | Antolatzailea: Tolosako Udala | E.Bonua | Euskaraz
Esti Curielen barne-bidaia batetik sortu da obra: itsasoaren ertzean bizi izan diren Zumaiako emakumeen bizipenetatik abiatzen den ibilbidea DA. Kareletik egitasmoaren testuinguruan, emakume askoren ahotsak jaso zituen, arrantzaleak, saltzaileak, lagun eta senideak, itsasertzean bakarrik sortzen diren oroitzapenak, isiluneak eta keinuak bilduz. Hau da antzezlan klasiko bat, ezta hitzaldi soila: entzuteko gonbitea da, eguneroko unibertso gogor batek ukitzen uzteko, itsasoarekin beti pauso batean bizi izan diren emakumeek ehundua.
Amaterra: Polaris | Musika
Maiatzak 30, larunbata | 19:00 | Topic | Antolatzailea: Tolosako Udala
2025. Urtean argitaratutako lana da Polaris. 9 abesti biltzen ditu, soinu melodikoak aztertuz. Besteak beste, Jone Portela eta Pablo Zurutuzaren kolaborazioa izan dute diskoa ontzeko. Rock eta pop alternatiboa uztartzen ditu. Taldekideen artean dago, besteak beste, Iñaki Letamendia perkusio-jole tolosarra.
