Apirilaren hasieran zabalduko da Tolosako udako udaleku irekietan izena emateko epea

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/03/10 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Ekainaren 30etik uztailaren 24ra bitartean eskainiko dira, bi adin tarterentzako eskaintzarekin: 6-10 eta 11-14 urte.
  • Asteka eman ahal izango da izena, eta aste kopuruaren araberako prezio publikoak izango ditu matrikulak.

 

Parte hartze bidezko aurrekontuen prozesuan herritarrek aukeratu bezala, Tolosako Udalak udaleku irekiak antolatuko ditu uda honetarako. Dagoeneko esleitu da kontratua, eta aurki zabalduko dira deialdia eta eskaintzaren xehetasun guztiak. 

Bi adin tarterentzako eskaintza izango da: 6-10 (2015-2019) eta 11-14 (2011-2014) urte bitartekoentzat. Udalekuen ordutegia 09:30etik 13:30era bitarte izango da, nahiz eta lehenago eta ondoren ordubeteko zaintza zerbitzua ere eskainiko den, hau da, 08:30etik aurrera, eta 14:30ak arte. 11-14 urte bitartekoen kasuan, astean bitan, astearte eta ostegunetan, 16:30ak arte luzatuko da, irteera eta egunpasak egingo baitituzte.

Izen ematea apirilaren hasieran zabalduko da, eta asteka eman ahal izango da izena. Hau da, nahi adina astetan eman ahal izango da izena, eta kopuru horren arabera ordaindu beharko da matrikula. Hauek izango dira datak:

  • Ekainaren 30 - Uztailak 4

  • Uztailaren 7-11

  • Uztailak 14-18

  • Uztailak 21-24

Prezio publikoak, berriz, hauexek izango dira: astebeterako 25 euro; bi asterako 45 euro; hiru asterako 65 euro; lau asterenak, berriz, 85 euroko balioa izango du. Prezio murriztuak ere izango dira. Familia ugariei eta guraso bakarrei % 50ean murriztuko zaie prezio publikoa, eta Gizarte Zerbitzuen eta Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoen onuradunei, berriz, % 80, betiere Udalarekin zorrik ez badute. Horrez gain, bizikidetza unitateen diru sarreren arabera ere prezio murrizketa gehiago aplikatu ahal izango dira.

Bestalde, 14 urtetik gorako nerabeentzako auzolandegi itxiak ere antolatuko ditu udalak, indusketa lanak eta abentura jarduerak uztartuko dituztenak: astebeteko bi txanda, zehazki. Eskaintza honen berri ere aurrerago emango da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA