Egitaraua aurkeztearekin batera, abiatu da inauterietarako atzera kontaketa

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/02/02 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak ahoz baieztatu dio Udalari zezenak egiteko baimena izango duela; ostegunean jarriko dira salgai sarrerak.

  • Igandean, Zaldunita egunean, Nafarroa etorbidetik egingo da txarangen jaitsiera, San Frantzisko pasealekuan izaten ziren pilaketak ekiditeko.
     

Tolosa inauterietan murgiltzeko gogoz da. Festa hasteko egun gutxi batzuk baino ez dira falta: asteburuarekin iritsiko dira lehen hitzorduak: larunbatean, haur jaialdia eta kaldereroen kalejira; igandean, berriz, pregoi kontzertua izango da, Berdura plazan. Testuinguru horrekin, aurtengo egitarauaren eta berrikuntzen berri eman du Udalak.

Deskargatu hemen egitaraua

Isabelita Gunea 

Haur eta gaztetxoei begirako programazioa sustatzeko eta zezenek irauten duten bitartean bestelako ekitaldiez gozatzeko aukera izateko helburuarekin iaz hasitako bideari jarraipena emango zaio aurten ere: Isabelita Gunearen karpa handia Alondegi plazan izango da, eta egunero izango da ikuskizun, kontzertu edo jolaserako ekitaldiren bat. Ezer programatuta ez dagoen tarteetan ere, inauterizaleek erabili ahal izango dute espazioa, gauean izan ezik.

Ostegun Gizenean, esaterako, Sudur gorrien kalejira egingo da txarangen igoeraren ondoren, zezen plazatik Isabelita Guneraino. Pirritx eta Porrotx pailazo ezagunek hartuko dute parte, eta ondoren, inauteri giroko ekitaldi berezia eskainiko dute Alondegi plazan.

Isabelita Gunetik kanpo ere izango da eskaintza; batik bat, igandean. Arrakasta izaten ari den bingo musikatua egingo da arratsaldean, zezenek iraun bitartean, Emeterio Arrese kalean, Alex Padillaren eskutik. Gauean, Janus Lesterrek kontzertua emango du Euskal Herria plazan.

 

Zezenak

Azken orduko ezusterik ezean, zezenak eta sokamuturra izango dira inauterietan. Dermatosi nodular kutsakorraren aurkako prebentziozko neurri gisa, animaliekin lotura duen ekitaldi oro debekatu zuen Eusko Jaurlaritzak, otsailaren amaierara arte. Bada, abereen txertaketa abiatu eta gero, Aldundien esku utzi zuen baimen bereziak emateko aukera. 

Hala, joan den ostiralean, eta baldintzak betetzen direla ikusita, ahozko baimena eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak Udalari. Baimen horrekin, ohiko prozedurarekin jarraitu du udalak: albatariek azterketak egingo dituzte orain, eta abereak ondo daudela ziurtatu ondoren jasoko da behin betiko baimena. Ostegunean, 16:00etan, jarriko dira salgai sarrerak, BIBE plataforman. Bihar-etzitan emango da sarrera horiek eskuratzeko informazio guztia. Txarangekin saltoka zezen plazara sartzeko gonbidapenen zozketa ere egin da, eta datozen egunotan jakinaraziko zaizkie emaitzak parte hartzaileei.

 

Txarangen jaitsiera eta plataformak

Zaldunita egunean izango da aurtengo inauterietako nobedare handienetako bat. Igandean, zezenen ondorengo txarangen jaitsiera Nafarroa etorbidetik egingo da aurten. Halaxe egitea adostu dute Udalak eta txarangek, San Frantzisko pasealekuan sortzen ziren arazoak ekidin nahian. 

«Igandean jende asko biltzen da San Frantziskon; kanpotik jende ugari etortzen da, eta bertan dauden karrozen inguruan pilatzen da. Karrozak ezin dira handik mugitu, segurtasunagatik eta argindarraren posteetara konektatuta daudelako. Txarangek ezin zuten beren ibilbidea behar bezala egin, eta dantzaldietara ere ez ziren garaiz iristen. Hori horrela, proba gisa, Nafarroa etorbidetik egingo da jaitsiera, txarangazaleek ere gozatzeko aukera izan dezaten», azaldu du Aitzol Gartzia jaietako zinegotziak. Igandean bakarrik egingo da hori: gainerako egunetan, txarangek San Frantzisko pasealekutik egingo dute jaitsiera.

Hori horrela egin ahal izateko, gaztetxoen plataformak lekuz aldatuko dira aurten. Nafarroa etorbidean beharrean, Rondilla kalean izango dira, han izango diren karrozen segidan. Aurten, gainera, soinu ekipoei muga jartzeko sistema jarriko zaie guztiei. Zortzi izango dira guztira. Karrozak, berriz, ohiko kokalekuetan jarriko dira: 14 guztira.

Txarangei dagokienez ere, izango da beste berrikuntza bat, kasu honetan, hiru inauterizale tolosarrek  festari ekarpena egiteko helburuarekin sustatuta: inauterietan parte hartzen duten eguneko eta gaueko txarangak uneoro non dauden azaltzen duen aplikazio bat sortu dute. Google Play plataforman jarri dute eskuragarri, doan.

 

Zerbitzuak herritarren eskura, eta errespeturako deia

Festa bermatzeko, zerbitzuak ere ezinbesteko dira: garbiketa, prebentzioa, segurtasuna... Urtero moduan, zerbitzuak indartuko dira jaiei begira. Hala eta guztiz ere, elkarbizitzarako eta errespeturako deia egin du Udalak. 

  • Edukiontziak: Zaborren bilketarako edukiontzi kopurua biderkatu egiten da inauteri egunetan. Tabernen inguruetan edukiontzi gehiago jarri ziren iaz; aurten ere gauza bera egingo da. Kaleko janari postuen inguruan ere jarriko dira aurten. Karrozei ere banatuko zaizkie, erraztasun gehiago emateko helburuarekin. Zaldunita gauetik Astelenita goizerako garbiketa zerbitzua ere ordubete aurreratuko da. «Kale garbitzaileek izugarrizko lana egiten dute egunero, zer esanik ez inauterietan. Jaiaren funtsezko osagai dira. Edukiontziak erabiltzea eta langileekiko begirunea eskatzen ditugu», adierazi du Andu Martinez de Rituerto alkateak.

  • Komunak: Aurten ere, festa guneetan komunen zerbitzua indartuko da. Horiek erabili eta kale, etxe atari eta saltokiak errespetatzeko deia egiten du, beste behin, Udalak.

  • Puntu Morea: Hiru egunetan emango du zerbitzua, Ostegun Gizenean, Zaldunitan eta Astelenitan. Bi gune izango dira, baina iazkoarekin alderatuta, ordutegietan aldaketa izango da, arratsaldez ere emango baitu zerbitzua aurten: 19:30-01:30 artean, Trianguloa plazan informaziorako puntua izango da; 23:30-03:00 artean, berriz, Andragoran arreta gunea izango da. Ostalaritza establezimenduekin ere lanketa egin da aurten, gune seguruak izan daitezen. Taberna gehiago atxikitu dira, gainera, erasoen aurkako protokolora. Hori horrela, eraso matxista, homofobo eta xenofoborik gabeko jaiak aldarrikatu ditu Goiuri Ezeiza berdintasun zinegotziak. 

  • Udaltzaingoa: Zerbitzua eta zaintza lana indartuko du egun guztietan. 24 orduko arreta zerbitzua emango du, eta larrialdietan, 943 67 58 58 telefonora deitu ahal izango da. Ertzaintzarekin koordinatuta egingo du lan hori. Udaltzaingoak duela pare bat aste aurkeztu zion Ertzaintzari betebeharrak eta lan prozedura definitzen dituen inauterietarako Segurtasun Plana. Hala, errespetuzko eta zentzuzko jaiak aldarrikatu ditu alkateak: «Ez dugu inolako istilu edo erasorik nahi. Ondo pasa eta festaz gozatu besterik ez dugu egin nahi, inork hori oztopatu behar izan gabe».

  • Kontsumo arduratsua: Urtero egiten den bezala, sentsibilizazio kanpaina egin du udalak nerabeekin, eta jai egunetan, Ailaket elkarteko teknikariek esku hartzeak egingo dituzte kalean gazteekin.

«Gutariko bakoitzak, bere erara, egiten du inauteria. Horrek, ezinbestean, garamatza gainerakoak errespetatu behar izatera, elkar ulertzera eta espazioak elkarbanatzera. Den-denek topera gozatzea, horixe da Udala osatzen dugun guztion nahia. Ondo pasa», esanez amaitu du aurkezpena alkateak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA