-
Tolosako Udal Musika Bandak lehenengoz parte hartuko du Olentzero eta Mari Domingiren etorrerako kalejiran.
-
Erregeen kabalgatarako, berriz, Udalak altuera baxuko hiru plataforma erosi ditu, bakoitzak berea izan dezan eta haurrengandik gertuago egon daitezen.

Iristear dira eguberriak eta, ohikoa den bezala, jai egunak Tolosan igarotzeko aitzakia ugari izango dira. Udalak ez ezik, herriko eragile ugarik antolatutako hitzordu sortaren berri eman da gaur. 50 ekintza baino gehiago izango dira: musika, zinea, haurren aisialdirako hitzorduak, kirol ekitaldiak eta ekintza solidarioak, besteak beste.
Berrikuntzak Olentzeroren eta Mari Domingiren, eta Erregeen kalejiretan
Iaz hasitako bideari eutsiz, Olentzero eta Mari Domingiren etorreran laguntzaile modura parte hartuko dute haur ugarik, galtzagorri eta joaldun itxurako pertsonaiak gorpuztuz. Hain zuzen, joaldunen txapelak egiteko tailerrak egingo dira Gazte Topagunean: abenduaren 10, 12 eta 19an egingo dira, 17:00-18:30 eta 18:30-20:00 ordu tarteetan. Izen ematea Topagunean bertan edo kultur etxean egin beharko da.
Kalejira 18:00etan abiatuko da Plaza Zaharretik eta honako ibilbide hau jarraituko du: Zerkausia, Korreo kalea, Gorriti plaza, Rondilla kalea eta San Frantzisko pasealekua, Geltoki kaleraino.
Nobedade nagusi bat izango da: Tolosako Udal Musika Bandak parte hartuko du kalejiran, lehenengoz. Ondoren, bere ohiko kalejira egingo du, 19:30etik aurrera, Gorriti plazatik.
Azken urteetan bezala, Gure Zirkuko kideek koordinatuko dute kalejira. Bada, goizean, San Esteban auzoan zirkuak duen karpan Olentzerorekin eta Mari Domingirekin egoteko aukera ere izango da, 10:30etik 13:30era. Haurrentzako gozokiak ere banatuko dituzte.
Urtarrilaren 5ean ere, antzeko egitura izango dute harrerek. Goizean, zirkuko karpan egongo dira Erregeak, laguntzaileekin. Gozokiak ere banatuko dituzte. Jaiotza lehiaketan parte hartzen duten lanak ere ikusgai izango dira bertan. Lehiaketan parte hartzeko, izena eman beharko da, abenduaren 30a baino lehen, kultur etxean, eta landutakoa urtarrilaren 4an 12:00etarako eraman beharko da Gure Zirkuaren karpara. Nahi dutenek kabalgatan parte hartzeko aukera ere izango dute. [Jaiotza lehiaketako oinarriak hemen ikusgai]
Arratsaldeko kabalgata 18:00etan abiatuko da Plaza Zaharretik, eta abenduaren 24ko ibilbide bera izango du. Iazkoarekin alderatuta, eta jasotako iritziak kontuan hartuta, aldaketa nagusi bat izango da: errege bakoitzak bere egitura izango du. Udalak altuera baxuko hiru plataforma homologatu erosi ditu horretarako, haurrek Erregeak eskuragarriago izan ditzaten. Zirkuko lantaldeko kideek atonduko dute. Gainerakoan, urteroko parte hartzaileekin egingo da kabalgata.
Gabonetako Azoka Berezia
Eguberrien atarian, abenduaren 20an, gabonetako ezohiko azoka egingo da, artisau ugariren parte hartzearekin. Aurten, nobedade bat izango da, Tolosa&Co-ko saltokiak ere gehituko baitira. ‘Denden azoka’ egingo dute: beren produktuak denden atarietara aterako dituzte egun osoan zehar, 20:30ak arte. Datorren astean informazio zabalagoa emango da.
Elkartasunarekin lotutako ekintzak
Ekintza solidarioak ere izango dira egunotan. Larunbat honetan, esaterako, hilak 13, Herrikide ikastetxeko ikasleek eta Kirikiño Aisialdi Taldeko kideek janari eta produktuak bilduko dituzte, goizean eta arratsaldean, herriko supermerkatuen atarietan, Caritas elkartearentzat.
Eduardo Mocoroa Udal Musika Eskolak ere egingo du kontzertu solidarioa. Abenduaren 19an, ostirala, izango da, 18:30ean Topicen, ikasle talde ugariren parte hartzearekin. Sarrerek 5 euroko salneurria izango dute, eta bildutako dirua Palestinaren alde lan egiten duen UNRWA elkartera bideratuko da.
Urtea korrika amaitzeko aukera ere izango da beste urte batez. Samaniego eta Orixe ikastetxe publikoek antolatuko dute elkartasun krosa. Aurki emango dira xehetasun guztiak.
Laskorain Ikastolaren urteroko gabonetako merkatu txikiak ere ez du hutsik egingo. Kultur etxeko aretoan kokatuko da, abenduaren 22tik urtarrilaren 4ra —jaiegunetan izan ezik—. Irabaziak Tolosaldea Sahararekin, Zutani eta Ibarratik Misio Taldearentzat izango dira.
Kontzertuak, zinea, umorea...
Kultur jarduerak ere izango dira: Hodeiertz eta Lask abesbatzen, Isidro Larrañaga musika eskolako taldeen, eta Tolosako Udal Txistulari eta Musika Banden kontzertuak; haurrentzako eta helduentzako zine emanaldiak; eta magia, antzerki eta musika ikuskizunak ere izango izango dira Leidor eta Topic antzokietan.
Gure Zirkuak ere herrian igaroko ditu gabonak, eta bederatzi egunetan emanaldiak eskainiko ditu. Zirkuko saioez gain, ‘Gure umorea’ komedia jaialdia ere hartuko du zirkuko karpak, abenduaren 23an, Galtzaundi Euskaltzaleen Elkarteak antolatuta. Nerea Arriola, Julen Portillo, Kike Amonarriz, Antton Telleria eta Jone Bengoak parte hartuko dute.
Haur eta nerabeentzako ekintza gehiago
Ohikoa den eran, Gazte Topaguneak Gazte Astea antolatu du. Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra egitarau berezia osatu dute, irteera, tailer, zine saio, txapelketa eta festa banarekin. Izen ematea Topagunean bertan egin beharko da, igandea, hilak 14, baino lehen.
Txikienek ere izango dute gozatzeko aukera. Gabonetako haur parkea izango da Zerkausian hilaren 28tik 30era. 11:00-14:00 eta 16:00-20:00 tarteetan izango da zabalik.
