Gabonak igarota, Olentzero eta Mari Domingiren kalejira eta Erregeen kabalgata antolatzen duen taldeak aurtengo balorazioa egin du. Atzo eguerdian egin zen bilera, udaleko Gazteria saileko arduradun tekniko eta politikoekin, bi hitzorduen antolaketaz arduratzen den Gure Zirkuko kideekin, eta ikastetxeetako edo aisialdi taldeen parte hartzearekin. Hauxe da akta:
Olentzero eta Mari Domingiren kalejirarekin, helburuak beteta:
Goizean jendetza izan zen Gure Zirkuko karpan. Gerturatu ziren haurrek banan-bana agurtu ahal izan zituzten Olentzero eta Mari Domingi, eta tartetxo batez haiekin bakarka egon ahal izan zuten. Leku goxoa da, magiaz betea, eta urtetik urtera arrakasta areagotuz doa. Bi protagonistek goxokiak banatu zizkieten haur guztiei, eta ilaran itxaroten ari ziren bitartean gurasoen artean 10 kilo txistorra eta ardoa banatu ziren. Asko estimatzen dute gurasoek.
Arratsaldeko kalejiraren ordutegia ordu erdiz atzeratzearekin –17:30etik 18:00etara– asmatu egin dela baloratu da. Ilunduta egiteak beste xarma bat eman zion ekitaldiari, nahiz eta euriak ez zuen askorik lagundu.
Kalejira indartzeko hartutako neurriak ere oso ondo baloratu dira, bultzada handia eman zaio etorrerari. Parte hartzaile kopurua asko handitu da eta, azken urteetan ez bezala, ez da haurrik parte hartu gabe geratu. Aurten, lehenegoz, Incansables txaranga ere irten zen, eta musika horrek asko bete zuen.
Pertsonaia berriek ere asko jantzi dute, bai bisualki, baita giro aldetik ere. Dena dela, zanpazarren txanoekin zer egin ote daitekeen birpentsatuko da, euriagatik azkar hondatu baitziren gehienak. Galtzagorriei ere beste elementuren bat gehitzeko aukera aztertuko da, gehiago aktibatu daitezen edo gehiago girotu dezaten.
Hobetzeko puntu gisa, txanoak egiteko tailerren antolaketa zehaztu da. Topagunean egun batzuetan jende asko pilatu zen, eta nahiz eta bertako hezitzaileek zerbitzua indartu zuten egun horietan, ezinezko izan zen guztiei arreta ematea. Eskulanerako beste aukera batzuk aurreikusi beharko dira.
Olentzero eta Mari Domingi estalpe batean zihoazen eta ondo baloratu da. Aurten argiak zituzten aurrean, eta ikusgarriago egiten zituen horrek. Haurrengandik gertu zeuden, eta agurtzeko aukera eman zuen horrek.
Orokorrean oso balorazio ona egin da, eta bide beretik lantzen jarraitzeko asmoa azaldu da. Ikastetxeek azaldu dute inoiz baino zorion mezu gehiago jaso dituztela. Kalejira indartzeko helburua lortutzat eman da.
Erregeen kabalgata: onartutako kritikak eta beste zenbait azalpen:
Urtarrilaren 5 goizean ere jendetza izan zen Gure Zirkuko karpan; abenduaren 24an baino gehiago. Goiz osoan zehar haurrek eta familiek Errege Magoekin egoteko aukera izan zuten bakarka. Olentzero eta Mari Domingik ere egin bezala, erregeek haur bakoitzari goxokiak eman zizkieten. Gurasoentzat, berriz, beste 10 kilo txistorra eta ardoa banatu ziren. Zirkuak puntualizatu du banatzen diren goxokiak erosterako orduan, kontutan hartzen dela glutenik gabeak eta gomazkoak izatea, txikienek erraz irensteko.
Goizean sobratutako goxokiak kabalgataren hasieran bota ziren, baina Berdura Plazara iritsi orduko amaitu ziren. Puntualizatu behar da Erregeek ez dituztela azken hamarkadatan goxokiak bota izan, arrisku egoerak edota harrapaketak ekiditeko, haurrek inpultsoz jokatzen baitute askotan. Beste leku batzuetan arrazoi berberagatik ezbeharrak gertatu izan dira. Ondorioztatu da horrela jarraitu behar dela. Aurreko urteetan gimnasia erritmikako taldeak banatu izan ditu beren babesleen goxokiak, eta aurten ez dutenez parte hartu, hor izan da hutsunea. Taldeak nahiko balu, behintzat, beren parte hartzearekin kontatzen jarraitzen du talde antolatzaileak.
Jaiotza lehiaketari dagokionez, udalak antolatu zuen, eta Gure Zirkuan guztia prest zegoen lehiakideen lanak jasotzeko. Sariak eta goxoki poltsak ere gordeta zituzten. Ez zen, ordea, parte hartzailerik aurkeztu eta, ondorioz, ez zen kabalgatan halakorik ikusi. Kirikiñok proposatu du oinarriak lehenago bidaltzea ikastetxeetara, lantzeko denbora gehiago izateko. Ontzat jo da proposamena.
Hasiera ordua orduerdi aurreratu zen, 18:30etik 18:00etara. Argi berezia izan zen hasieran, azken argi printzekin bete-betean iritsi baitziren laguntzaileak Izaskundik Santa Klarara. Kirikiñok ilun dagoela egitea planteatu du, 18:30ean, baina hobetsi da bi kalejirak ordu berean egitea.
Izaskundik beherako bidean, Kirikiñok proposatu du bengala kopurua handitzea, pandemiaz geroztik gutxiago erabiltzen baitira, eta egoki ikusi da. Erregeak Izaskungo aldapako lokal batean egon ziren zain, eta laguntzaileak iritsi orduko, oinez joan ziren Santa Klarara. Horrela egiten jarraitzea egoki ikusi da.
Udalak zaldiak kentzeari buruzko argibideak eman ditu, gaizki ulertuak ekiditeko. Aurreko urteetan erabili izan diren zaldiak bikain zainduta daude, eta laguntzaileek egiten duten lana aparta da. Horri bere balioa eman behar zaio.
Animaliak ateratzea ez dago debekatuta, baina horretarako baimenak lortzea zaildu egin da azken urteetan, eskakizunak eta kudeaketa asko zorroztu baitira. Animalien Ongizaterako estatuko legeak animaliei ingurune seguru bat bermatu behar zaiela dio, eta kabalgatan ezin da hori bermatu, espazio guztiz irekian baitaude, eta bi alboetan publikoa baitago. Tolosan, bereziki ibilbidearen lehen zatia da zaurgarriena, Zerkausia eta Korreo kaleak. Animaliek arriskua eragin dezake parte hartzaile zein ikusleen artean, hainbat herri eta ekitalditan ikusi ahal izan den bezala. Hori da udaletik arauen inguruan egin den interpretazioa. Beste herri eta hiri batzuetan ere antzerako neurriak hartu dira.
Aldi berean, animalien erabilerarako baimena Aldundiak ematen du, eta horrekin batera, animaliak babesteko hartuko diren neurriak zehazteko eskatzen du. Udalak zehaztutako neurriak nahikoa ez direnaren ohartarazpena jaso zuen iaz udalak, eta justu-justu lortu zen baimena. Bada udalak egin ezin duen zerbait: gerora hartuko edo aplikatuko ez dituen neurriak zerrendatzea, baimena lortzeko helburu bakarrarekin. Ibilbidean zehar istripurik gertatuko balitz, arazo handia litzateke, babes guztia galduko luke eta. Zaldien erabilera modu seguruan egiteko neurriak bermatzeko zailtasunak nabarmenak dira, beraz. Udala kontziente da zaldiek ikusgarritasun handia ematen diotela kabalgatari, baina ikusleen eta animalien segurtasuna lehenetsi behar dela argi ikusi da. Kirikiñok zaldiak berreskuratzea baloratzeko eskatu du.
Karrozari dagokionez, Gure Zirkuak argitu du ikusgarritasun onena ematen zuen karroza hautatu zela kabalgatarako: Aurrera elkartearena, mailakako egitura irekia duelako. Argitu dute ere bai, zalantza izan zutela atzeko aldea atontzearen inguruan, eta horrela utzi zutela propio, Aurrera elkartearen irudia ikus zedin, karroza uzteagatik aitortza egiteko.
Lehen asmoa Erregeak maila baxuenean esertzea bazen ere, egunean bertan, eta Erregeetako batek proposatuta, gorago jarri ziren, publikoari ikusteko erraztasun gehiago emateko. Karrozari lotuta, bi iritzi nagusi jaso dira herritarren aldetik: batetik, umeenganako urruntasuna edota gerturatzeko zailtasuna; eta hiru Erregeak batera joan izanak denbora gutxiagoz agurtzeko aukera eman izana. Zentzu horretan, beste buelta bat eman eta hobetzeko proposamenak landuko direla adostu da.
Bai kabalgata, eta baita abenduaren 24ko kalejiraren kasuan ere, Euskal Herria plazako geldialdia berreskuratzearen ideia ere mahai gainean jarri da. Urteak dira ez dela ekitaldi hori egin. Hori egingo balitz, ezingo litzateke San Frantziskon gorako ibilbidea egin. Datorren urteko antolaketara begira aztertuko da.
Amaitzeko, zorion mezuak eskertu, errespetuz egindako kritikak onartu, eta hobetzekoekin lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute bildutako guztiek. Bi hitzorduak aurrera eramateko lan egiten duen jende asko dago, eta guztiak eskertu dituzte antolatzaileek. Era berean, gogorarazi dute beti daudela proposamen berriak entzuteko prest, baita parte hartu nahiko luketen boluntario eta talde berriak jasotzeko gogoz ere. Antolaketan parte hartu nahiko lukeen inor balitz, Gazteria Sailarekin harremanetan jar daiteke.