Hasi dira inauteriak: «gora Tolosa, gora Ostegun Gizen!

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/02/12 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Pintxana txarangak Plaza Zaharretik hasi du bere ibilbidea aurten, eta ‘Sasikoipatsu’ kantuarekin dantzan jarri du Tolosa.
  • Olatz Artolak eta Izarne Olanok irabazi dute Tolosa Turismoak eta Tolosa&Co merkatarien elkarteak antolatutako balkoi lehiaketa.

Hasi da festa, hasi dira Tolosako Inauteriak! 12:00ak pasatxoan, suziria lehertzearekin batera, saltoka hasi da Plaza Zaharrean bildu den jende oldea. Aurten, ordea, Sasikoipatsuren lehen notak ez ditu jo Kabi Alai txarangak: Kuttuna izendapena jaso duen Pintxana txarangaren erritmora dantzatu dute ehunka lagunek.

‘Kabi Alai Kuttuna’ izendapena jaso eta gero, Pintxana txarangako sei kideren artean bota dute txupinazoa udaletxeko balkoitik. Txarangako gainerako kideek ez dute unea galdu nahi izan: ohiturak atzean utzita, Plaza Zaharretik atera da 150 musikari inguruko taldea, Plaza Berritik beharrean. Kabi Alaik, haiei utzi die festa abiatzeko ardura. Eta, gero, bakoitzak bere bidetik jarraitu du, Alde Zaharreko kaleak zeharkatuz.

Kabi Alairen aurtengo parodia Euskal Herriko jai onenen sarien finalari buruzkoa izan da. Finalista gisa, Kabi Alaik Zeledon, San Fermin edo Mari Jaia nabarmendu ditu, Tolosako inauteriez gain. Erabakia herri bozketa bidez hartu da, plazan zeudenen artean, eta, nola ez, publikoak Tolosako inauteriak aukeratu ditu Euskal Herriko jairik onena modura.

«Hunkituta eta pozez» jaso dute aitortza musikariek, udaletxeko pleno aretoan eta aitortu dute ohorea dela, tolosar ororentzat «horrelako une baten protagonista izatea. Gaudenak eta ez daudenak dira Pintxana. Pintxanatarrak diren guztiei eskaintzen diegu». Andu Martinez de Rituerto alkateak ere balioa eman dio Pintxanak duen kutsu herrikoiari: «Musikari askok debuta egin dute Pintxanarekin; zenbat eta zenbat jende atera den, eta ateratzen den, adina edo maila edozein dela ere. Horrek egiten du berezi Pintxana, eta horrelako txarangek egiten dute berezi Tolosako inauteria».

Horrekin batera, jaiak gozatzeko dei egin du, baita errespetuz eta arduraz jokatzeko ere. «Izan dadila jaia nagusi. Ez dugu inolako istilu edo erasorik nahi, Tolosak gozatu nahi du».

Olatz Artola eta Izarne Olano, balkoi lehiaketako garaile

Olatz Artola eta Izarne Olano izan dira Tolosa Turismoak eta Tolosa&Co merkatarien elkarteak antolatutako inauterietako balkoi lehiaketako irabazlea. Aurtengo lehiaketara 100 balkoi baino gehiago aurkeztu dira. Horiek guztiak ez ezik, herri osoan zehar ibilaldia egiterako garaian ikusitakoak ere kontutan hartu ditu epaimahaiak. Gudari kaleko Olatz Artolari eta Izarne Olanori eman diete saria. Laugarren pisuko balkoitik lehenengora, Ero Etxe elkarteak Astelenitan botatzen duen konfeti mordoari egin diote keinua. Sari modura, herriko komertzio txikian erabiltzeko 300 euroko saria izango dute.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA