Haur eta nerabeei zuzendutako egitaraua izango duen gune itxia izango dute Inauteriek

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/01/28 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Arratsaldero izango dira ekintzak, eta egitaraua osatzeko nerabeekin egindako parte hartze prozesuan ateratako proposamenak hartu dira kontuan.
  • Beste aldaketa batzuen berri ere eman du udalak: zezen plazako leihatilaren ordutegi aldaketa, komun gehiagoren presentzia, dirulaguntzen irizpideak…


Inauterietarako prestaketak erritmo bizian doaz. Tolosan festa lehertzeko hilabete geratzen denean, aurtengo berrikuntza nabarmenenak azaldu dituzte Aitzol Gartzia eta Goiuri Ezeiza, Festetako eta Kulturako zinegotziek. Gune berri bat izango dute aurten Inauteriek: haur eta nerabeei bideratutako eskaintza jasoko duena. 

Iazko Inauterietan bi adin tarte horiei zuzendutako programazioa indartzeko bidea hasi zuen udalak, eta bide horri eutsi behar zitzaiola ondorioztatu zen herritarrekin egindako balorazio saioetan. Bada, talde ezberdinetan parte hartzen duten inauterizale batzuk proposamen bat helarazi zioten udalari eta, helburuek bat egiten zutela ikusita, haiekin elkarlanean landu da.

Bi helbururekin sortu da gunea: zezen plazara ezin sartu geratzen diren edo zezenetara joan nahi ez duten familiei begirako programazioa eskaintzea; eta, nerabeentzako ere ikuskizun ezberdinak antolatzea, jaiaren parte aktiboago izan daitezen.

Hain zuzen, parte hartze prozesu bat landu du udalak herriko hiru ikastetxeetako 14 eta 18 urte bitarteko nerabeekin. 652 ikaslek hartu dute parte, eta 40 gaztek prozesuan ateratako ideiak garatu dituzte. Proposamen horiek hartu dira kontuan gune berriaren egitaraua osatzeko. Aurrerago emango dira programazioari buruzko xehetasunak, baina aurreratu dute tailerrak, kontzertuak, haur ikuskizunak eta herri bazkari bat ere izango direla.

‘Isabelita gunea’ izenako du, eta karpa Alondegi plazan jarriko da.


Kabi Alai Kuttunaren eta Inauterietako kartelaren aurkezpena, larunbatez

Iaz herritarrentzako ekitaldi ireki baten bitartez aurkeztu ziren Ostegun Gizeneko txupinazoa botatzeko ardura izaten duen Kabi Alai Kuttuna eta Inauterietako kartela. Balorazio ona jaso zuen egitasmoak, eta aurten errepikatu egingo da. Kabi Alaik proposatuta, ordea, larunbatez egingo da. Otsailaren 8an izango da, 12:00etan, Trianguloa plazan. Ondoren, aurtengo kartelaren aleak banatuko dira, eta txarangarekin kalejira izango da.

Kale salmentako postuak, Antonio Maria Labaien plazara

Kale salmentako postuaen izen-emate deialdia zabaldutakoan aurreratu moduan, kokalekua aldatuko da aurten. San Frantzisko pasealekuan beharrean, Antonio Maria Labaien plazan jarriko dira. Iazko balorazio bileretan eta udazkenean espazio publikoaren erabilerari buruz inauterietako eragile guztiekin egin den parte hartze saioetan atera den puntua da. 

Pilaketak ekiditea da aldaketaren helburu nagusia, San Frantzisko pasealekuan jende asko batzen baitzen, bereziki, Zaldunita eguneko txarangen igoera eta jaitsieretan. Karrozetako parte hartzaileez gain, bisitari asko ere batzen dira puntu horretan, eta eremua zabalduta, guztien parte hartzea erraztea da asmoa. 

Zezenetako sarrerak, goizean

Aurki emango ditu udalak zezen plazako sarreren inguruko argibide guztiak. Bada, aurreratu dute iazko planteamenduarekin aurrera egingo dutela, emaitzak onak izan zirela ikusita. Iaz bezala, txarangen atzetik saltoka sartu ahal izateko gonbidapenak banatuko dira, zozeketa bidez. Sarreren salmentan nobedade bat izango da: gehienak internet bidez saltzen dira, eta gutxi batzuk leihatilan. Iazko balorazioan leihatilako ordutegia aldatzeko aukera planteatu zen, eta eskaera horri eutsiz, eguerdian beharrean, goizean zabalduko da. Pertsona batzuk denbora luzez izaten dira zain, eta aldaketarekin, goiza aprobetxatu ahal izatea da helburua.

Karrozen eta konpartsen dirulaguntzen banaketarako irizpideak

Duela pare bat aste argitu bezala, karrozen eta konpartsen dirulaguntzen banaketaren irizpideetan aldaketak txertatu dira, parte hartze aktiboagoa sustatzeko eta, irudimena eta ikuskizunen maila indartzeko helburuarekin. Horrela, gaiaren lanketa, ikuskizun eszenikoa, euskararen erabilera, parekidetasuna edota diseinua zaintzen dituzten taldeen lana gehiago sarituko da aurrerantzean. 

Konpartsentzako diru ekarpena ere handitu da, haien eskakizunei erantzunez. Kalez kale edo leku finko batean antzezpenak eta parodiak egiten ibiltzen diren taldeentzat izango dira laguntzak, plataforma izan ala ez. Inauteri eredu hori gehiago sustatzea da asmo nagusia.

Are komun gehiago

Joan den urteko inauterietan, komun publikoen presentzia indartu zuen udalak. Bada, aurten are gehiago jarriko dira, batik bat, Alde Zaharreko puntu zaurgarrienetan, eta zabalgunean, Nafarroa etorbide eta San Frantzisko pasealekuaren inguruetan. 

Puntu morea, Ostegun Gizenean ere bai

Genero indarkeriaren kontrako espazio seguruak sortzeko helburuarekin, Gune Morea jarri izan du udalak, Zaldunita eta Astelehenita egunetan. Emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen aurkako erasoak eta eraso arrazistak prebentziko eta herritarrak sexualitatean hezteko gunea da. Aurten, Ostegun Gizenean ere emango da zerbitzua, gau osoan zehar.

Beste zenbait argibide

Egitarauaren barruko beste zenbait hitzorduri begira, ez da aparteko aldaketarik egingo. Txarangen dantzaldiei dagokienean, eta haien eskaerari jarraituz, Zerkausian mantenduko dira, baina oholtza handiagoa jarriko da musikarientzat. Txosnaguneari dagokionez, aldiz, antolatzaile eta bizilagunei hilabeteak atzera azaldu moduan, errotazioa aplikatuta, Euskal Herria plazan jartzea egokitzen da aurten.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA