Iaz proposatutako hobekuntzak begi onez hartu eta gero, hurrengo inauterietan hobetzekoak jaso dira balorazioan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/02/25 | Kultura, Festak eta Gazteria

Atzo iluntzean egin zen 2026ko inauterien balorazio irekia, inauterizaleekin batera. Eguraldiak eragin nabaria izan duen arren, festak ondo joan direla azpimarratu du Andu Martinez de Rituerto alkateak, giro ona nagusitu baita, ezbehar larririk gabe. Beste behin, parte hartze altua txalotu eta inauterizaleek egindako lana eskertu ditu, baita egunotan lanean aritu diren udal langile eta garbiketako lantaldearen esfortzua aitortu ere.

Hobetzeko alorretan ere jarri da azpimarra. Besteak beste, Zaldunita egunean, bolumenaren kontrolean, hondakinen sorreran eta nerabeen konpartsetan jarri da fokua, hurrengo urtera begira hobekuntzak txertatzeko. Egindako aldaketak, berriz, positibotzat hartu dira, batik bat igandeko txarangen jaitsiera Nafarroa etorbidetik egin izana. Isabelita Gunea ere beteta egon dela azpimarratu da. Jarraian, bilerako ideia nagusiak, laburbilduta:

Antolatutako ekitaldiak, arrakastatsuak

Jendetsuak izan dira aurten programatutako ekitaldiak: Janus Lesterren kontzertua, Zaldunita egunean zezen-plazaren kanpoan egin zen bingo musikatua, Rockalean eta Pshyco clown taldeen emanaldiak, suzko zezenak... Janus Lesterren kontzertuaren kasuan, lehenengoz, mugikortasun urria duten pertsonentzat plataforma bat jarri zen, emanaldia ondo ikusi ahal izateko, eta begi onez baloratu da.  

Udalak antolatutakoez gain, elkarte eta eragile gehiagok antolatzen dituzten ekitaldi gehiago izaten dira inauterietan. Gehienetan jende ugari batu da: Aiz Orratz-Veleta elkartearen Haur jaialdia eta haurren danborrada, Urdiña Txikik antolatutako kaldereroen kalejira, Udal musika banden pregoi kontzertua, Kabi Alaik egiten duen txupinazoko pregoia, helduen danborradak, Et Incarnatusen eta The Herrikides-en Leidorreko kontzertuak, Txosnaguneko emanaldiak, Erraldoi eta Buruhandien emanaldiak, Galtzaundiren entierroa... Udalak guztiak eskertu eta zoriondu ditu. 

Isabelita Gunea: familientzako alternatiba gisa egonkortu da

Egunero jende asko bildu du Alondegi plazako karpak, eta une askotan beteta izan da gunea. Hutsune bati erantzun asmoz sortu zen iaz, eta aurten gehiago zentratu da familiei eta haurrei zuzendutako eskaintzan: pailazoak, dantzaldiak, kontzertuak... Erantzuna ona izan da, eta une askotan beteta izan da gunea. Azpimarragarria izan zen Ostegun Gizenean zezen plazatik Isabelita Guneraino Pirritx eta Porrotxekin egindako kalejira jendetsua. 

Hurrengo urtera begira, proposamenak jasotzeko prest azaldu da Udala. Inauterizaleren batzuk bileran proposatu zuten espazioa gehiago atontzea, eta kontuan izango da.

Karrozak: modu egokian lan egin da

Udalak txalotu egin du karrozek egin duten lana eta ikuskizunekin egin duten ahalegina. Karrozen elkarteko ordezkariak ere zoriondu ditu, egin duten lanagatik. Era berean, udal ordezkariek azpimarratu dute sintonia onean egin dela elkarlana aurten. Oro har, garraioa, elektrifikazioa eta ferialekuaren erabilera modu egokian egin dira. Arazoak sortu ziren igande gauean desentxufatzerako orduan, inguruan pilatu zen jendeak eraginda. Aldiz, karrozetako gazteen jarrera egokia izan zela nabarmendu da. Gainerakoan, igandeko txarangen igoeran elektrizitatea moztu zen, eta aurrentzean hori modu automatikoan egitea baloratuko da. Aurrea begira, plataforma homologatuak erosteko bigarren ahalegina egingo da, segurtasuna hobetu eta gordetzeko espazio estaliari lotutako kezkekin amaitu ahal izateko.

Nerabeen plataformak: ezin da horrela jarraitu

Aurten ere arazoak izan dira. Gai konplexua da, ez baitira nerabeak festatik kanpo utzi nahi. Helburuak izan behar du festan integratzea, baina modu egokian. Aurten saiakera hori egin da, arau gehiago jarrita eta Prebentzio Mahaiarekin hala adostuta, leku ikusgarriago batean jarrita, kontsumo eta jarrera desegokiak gutxitzen laguntzeko. Hala ere, emaitza ez da nahi bezalakoa izan. 

Igande goizean ikuskizunak eskaini ziren, baina hortik aurrera, nabarmen gutxitu ziren. Aurten soinu ekipoetan bolumena mugatzeko tresnak jarri zaizkie denei. Igandean nabaritu zen, eta aurreko urteetan baino hobeto aritu ziren. Asteartean, aldiz, bestelakoa izan zen egoera. Lauk errespetatu dute; gainerakoek, tresna horiek kendu, manipulatu edo puskatu dituzte. Uneoro datuak monitorizatu dira, eta konpartsa batzuk ez dituzte arauak errespetatu. Zein neurri hartu aztertuko da. 

Ferialekuan ere jarrera onargaitzak izan dira. Barruan egin dituzte muntaketa lanak, eta beste urte batzuetan baina hobeto egin den arren, badira arauak errespetatu ez dituztenak. Behin plataformak eraikita, kanpoan gorde behar izan ditzute, zaintza zerbitzuarekin. Zalantzan jarri da zerbitzu horren eraginkortasuna bera ere. San Esteban auzoan zehar, eta Ttonttor auzo elkartearen kanpoaldean gertatutakoak ez dira onargarriak, eta auzo elkartearen haserrea partekatu du Udalak. Neurri gehiago hartuko dira aurrera begira.

Gai honen inguruan beste norabide baten beharra ikusi da, eta hausnarketa bat abiatuko da zein soluzio eman ikusteko.

Txarangak: Nafarroa etorbideko jaitsiera, positibo

Lehen balorazioan, igandean Nafarroa etorbidetik egindako jaitsiera begi onez ikusi da, bai Udalaren aldetik, baita txarangen ordezkarien aldetik ere. Hasieran zalantzak izan baziren ere, kalejira hastearekin batera, jendetza bildu zen eta aurten txarangen erritmora ongo egin da jaitsiera. Hala eta guztiz ere, txarangekin batera sakonago baloratuko da hurrengo urteei begira zer eta nola egin. Dantzaldietako eszenatokia bikoiztu egin da, eta hobeto baloratu da.

Zezen-plaza: Igandeko sarbidea, hobetzekoen artean

Zezen-plazako ekitaldien kudeaketari dagokionean, azpiamarratu da sarreren salmenta ondo egin zela. Eskaintza txikia da, aldiz, eskaria izugarri handia. Aurten leihatilan iaz baino sarrera gehiago jarri ziren, iazko balorazioan egindako proposamenei erantzunez. Bada, deigarria izan da egun batzuetan ez zirela leihatilako sarrera guztiak saldu. 

Oro har, sarbideak ondo egin dira aurten, eta hori azpimarratu dute baita txarangek ere. Aldiz, igandean zailtasunak izan ziren, eta hobetzeko puntu gisa zehaztu da. Faktore ezberdinek eragin zuten hori: jende multzo handi bat sarrerarik gabe sartu zen harrapaladan, eta aforoa gainditzeko arriskua zegoela ikusita, txarangekin sartzeko gonbidapena zuten batzuk ezin izan zuten sartu, ikuskizuna bertan behera geratzeko arriskua egon zitekeelakoan, ateak ixtea erabaki baitzen. Bestalde, sarrera eta gonbidapen faltsuak atzeman dira aurten. Aldaketaren bat aplikatu behar ote den aztertuko da hurrengo urtera begira.

Bestalde, aurten lehen aldiz Asteartita goizeko pattar zezeneko aforoa kontrolatzea eskatu du Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen zuzendaritzak. Oraingoz ez da arazorik ikusten, baina jarraipena egin beharko da aurrerantzean.

Zaborra eta komunak: garbiketako lantaldea, bikain

Lehenengo eta behin, Udalak garbiketako lantaldearen lanari balioa eman, eta 45 pertsonako taldea zoriondu du, egunero-egunero erlojuaren aurka egindako lanagatik. Aurten bi egunetan hasiera orduak aurreratu dira, eta errepikatzeko modukoa dela ondorioztatu da.

Hondakinak botatzeko edukiontzien kopurua gehiago handitu da aurten: 33 edukiontzi handi gehiago jarri ziren, bereziki San Frantzisko pasealekuaren inguruan; beste 32 txikiago taberna eta plazen inguruetan; karrozei ere banatu zitzaizkien. Begi onez ikusi da, eta garbiketarako asko lagundu du, nahiz eta askok, ondoan izan arren, lurrera botatzen jarraitzen duten.

Bereziki zaila izan zen Astelenita goiza. Aurten, gainera, orain arte arazorik ikusi ez den eremu batzuetara iritsi da inauterien eragina, kanpotik iritsitako autobusen eraginez, Amarotzera esaterako. Horrek garbiketa zerbitzuaren lana zaildu du, baina ahal bezain pronto erantzun egokia eman ahal izan zitzaion.

Baliabideak jarri arren, ordea, sortutako zabor kopuruak kezka sortzen jarraitzen du: aurten 14.000 kilo zabor gehiago jaso da, 100.000 kiloko langa gaindituta. Garbiketa zerbitzuak puntualizatu du euria egin zenuenez, bustitako materialen pisua handiagoa denez neurketan eragina izan dezakeela. Hala ere, igotzen jarraitzen du. Murrizteko neurri gehiago aztertuko dira. Aldiz, 64.000 litro ur gutxiago kontsumitu da aurten.

Komunen kasuan, Udalak kezka azaldu du aurten komunetan izan den bandalismoagatik. Komunen eskaintza asko indartu da azken urteotan, eta Udalak diru asko bideratzen du zerbitzu hori eskaintzeko. Bada, aurten, komunetako asko txikitu egin dituzte: ateak bota, hoditerian petardoak bota eta lehertu; konketak, ispiluak eta grifoak puskatu... Egunez egun konponketak egiten ahalegindu den arren, batzuetan ez da konpontzea lortu eta zerbitzua ondo emateko zailtasuna izan da kalteen ondorioz. Garbiketa lanak egin behar zituztenek ere beren lana burutzeko zailtasun handia izan dute. Errespetatzeko dei egin du Udalak.

Segurtasuna: intzidentziek behera

Udaltzaingoak azpimarratu duenez, ez da ezbehar larririk izan, eta asko jaitsi da lapurreta kopurua. Kezkaz jaso diren intzidentzia batzuk izan dira, propio egindako suekin lotutakoak, ondorio larririk sortu ez zuten arren. Arduraz eta erantzukizunez jokatzeko dei egin da, eta errepika ez daitezen eskatu da. Bereziki une zail bat izan zen, Zaldunita gauean. Errefortzuak jarri arren, autobusak eta trenak hartzeko pilaketa handiak izan ziren, arrisku egoerak sortuz. Ahal den neurrian, hori kudeatzeko kanpo laguntza gehiago eskatzea baloratuko da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA