Ikasleei zuzendutako belaunaldiarteko ipuin-kontaketa saioak hasi ditu Intujaik, Ahoz Aho jaialdiaren barruan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/03/16 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Haurren Hiriaren iazko ondorioetan oinarrituta sortu du egitasmoa, Udalarekin, jubilatuen elkarteekin eta herriko ikastetxeekin elkarlanean.

  • Ixabel Agirresarobek garai bateko istorio eta pasadizoak ikertu eta bildu ditu, jubilatuen laguntzaz, eta laugarren mailako ikasleekin elkarbanatuko ditu orain.
     

Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren 2026ko edizioa bukaerara hurbiltzen hasi da, eta horrekin batera helduko da aurtengo egitarauaren berrikuntza nagusienetako bat: ‘Ahoz aho, belaunaldiz belaunaldi’ egitasmoa.

Gazteak eta helduak elkartzeko helburuarekin sortu du proiektu hau Intujai Teatro antzerkizale taldeak. Horretarako, belaunaldiarteko ipuin-kontaketen saioak egingo dituzte egunotan hiru ikastetxeetako 4. mailako ikasleekin, Intujai espazioan.

 

Haurren Hiria proiektutik jaiotako egitsmoa

Iazko Haurren Hiria proiektuan du jatorria. Zaintza eredua aztertu zuen Haurren Kontseiluak eta, ikasturtearen amaieran, ondorioak eta hobetzeko proposamenak aurkezterakoan, zera planteatu zuten: haurrek eta aiton-amonek elkarrekin egiteko ekintza gehiago sustatzea.

Saio hartan entzuleen artean zen May Gorostiaga, Intujai Teatroko arduraduna, eta erronkari heltzea erabaki zuen: «une horretan bertan bururatu zitzaidan guk Ahoz Aho jaialdiaren bidez zerbait eskaini genezakeela. Izan ere, erakundeek ez ezik, eragileok ere inplikatu behar dugu. Jende gehiagoren laguntzarekin forma eman diogu eta emaitza ederra lortu dugu», dio.

 

Elkarlanaren emaitza

Proiektua gorpuzteko bide horretan, Intujaik bidelagun izan ditu Tolosako Udaleko Gazteria Saila, herriko hiru ikastetxeak (Samaniego, Herrikide eta Laskorain) eta Harizpe eta Iturriza jubilatuen elkarteak. Ixabel Agirresarobe kontalariak garai bateko istorio eta pasarteak ikertu eta jaso ditu jubilatuekin. «Helduentzat ere ariketa interesgarria izan da, memoria lantzeko eta aktibo mantentzeko balio izan baitu», azaldu du Gorostiagak.

Ipuinen aukeraketa bat egin eta gero, ikasleei kontatzeko prestatu dituzte. Agirresarobek berak dinamizatuko ditu saioak, eta bidelagun izan dituen jubilatuek ere parte hartuko dute. 

 

Ekintza gehiago

Martxoaren amaiera bitarte, emanaldi gehiago izango dira Ahoz Aho jaialdiaren barruan, hala nola, Ahozkotasunaren Gala Nagusia eta XIV. Ipuin narrazio lehiaketa (hilaren 27an Ordizian), eta martxoaren 28an Tolosako Intujai Espazioan izango den X. Euskal Kontalarien Topaketa. Egun osoko egitaraua izango du, tartean Urrezko Kalabazak sarien banaketa ekitaldia. Aurten Kike Amonarrizek jasoko du. Hemen ikus daiteke egitarau osoa.
 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA