Inauteri onak pasata, balorazioa egin eta hobetzekoak jaso dira balorazio bilera irekian

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/03/11 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Inauterien balorazioa egiteko bilera irekia egin zen, atzo iluntzean, eragile eta herritarrekin. Iritziak jasotzeaz gain, hobetzeko proposamenak jaso dira.

Oro har, festa onak izan direla azpimarratu du alkateak, parte hartze altua eta kaleetan izan den giro ona goraipatzearekin batera: «Badaude, noski, zuzendu beharrekoak, baina horiek zuzentzeko lan egingo dugu. Dena dela, orokortasun batean, festa onak pasa ditugu».

Aitzol Gartzia eta Goiuri Ezeiza zinegotziek, aldiz, Zaldunita egunean zentratu zituzten beren begiradak: «hausnarketa bat behar du. Jendetza dator kanpotik, eta pilaketa asko sortzen dira, batik bat, txarangen igoera eta jaitsieretan eta zezen-plazaren atarian. Jarrera desegoki batzuk ere antzeman genituen. Elkarbizitza bermatu eta ekitaldiak modu egokian egiten direla ziurtatzeko egun horrek bestelako neurri batzuk behar ote dituen ikusiko dugu».

Zaborra eta komunak: nabaritu da errefortzua

Hondakinak botatzeko edukiontzien eta komunen kopurua nabarmen handitu du udalak, eta horrek garbitzaileen lana erraztu ez ezik, inauterizale askori zerbitzu hobea eman die. Dena den, datuak kezkaz jasotzen jarraitzen du udalak, goranzko joerak jarraitzen baitu: aurten 58,5 tona hondakin jaso dira, iaz baino 6 gehiago. 

Gehiago jaso arren, jarritako edukiontziei esker, hobeto jaso ahal izan dela azpimarratu dute garbiketa zerbitzuko langileek, horrek asko erraztu baitie beren lana. Zaldunita arratsaldean aurten ekipo bat aritu da lanean, beteta zeuden edukiontziak hustutzen eta hori ere begi onez ikusi da. Astelehenita goiza izan zen egunik konplikatuena garbiketarako, zabor asko pilatu baitzen kaleetan. Egun horretan garbieketa ordubete lehenago hastea aztertuko da, nahiz eta ez den erraza, oraindik jende ugari izaten baita kalean ordu horretan. 

Komunei dagokienean, presentzia indartu da, eta Laskorain kaleko kamioia lehen aldiz egun guztietan izan da zabalik. Balorazioa ona da, nahiz eta sentsibilizazioarekin jarraitzeko beharra ikusten den, oraindik ere badelako hori errespetatzen ez duen jendea. Orokorrean, planteamenduak errepikatzeko modukoak direla ondorioztatu da.

Intzidentziak behera

Udaltzaingoak ostiralean izango du koordinazio mahaiaren bilera, eta orduan izango dituzte ondorio guztiak. Dena den, eskuartean dituzten lehen datuen arabera, artatutako intzidentzia kopurua –lapurretak, erasoak, borrokak…– «nabarmen jaitsi» dela azpimarratu du udaltzain buruzagitzak, eta oro har balorazio ona egin dute.

Aurten gune finko bat izan dute, gauez, Trianguloa plazan. «Herritarrentzat erreferentziazko puntu bat izan da, laguntza eske hara jo baitute askok. Alkoholimetroak ere izan dituzte, autoa hartzeko zalantzan zeuden horiei probak egiteko, eta jende asko hurbildu zen». Legez kanpoko kale salmentan ere jarri dute arreta, eta zentzu horretan, baimenik gabeko 3.000 petardo inguru eta benetako armen erreplikak konfiskatu dituzte jaiek iraun bitartean.

Era berean, udaltzainek eta udal ordezkariek kezka plazaratu dute bengalen erabilerarekin: «Ostegun Gizeneko txupinazoan ez ezik, Alde Zaharrean ere erabili dira eta arrisku egoerak sor daitezke hainbeste jende dagoenean. Ezin dugu ahaztu Alde Zaharreko etxe askok eta askok egurrezko egitura dutela, eta istripurik txikienak ondorio handiak izan ditzakeela».

Isabelita Gunea, arrakastatsu

Haur, familia eta nerabeentzako gunea izan da aurtengo berrikuntza nagusia, eta horrekin asmatu denaren sentsazioa nagusitu da. Bereziki haurrei bideratutako ekitaldiek izan dute arrakasta gehien; nerabeei zuzendutakoek, aldiz, ez dute hainbeste jende bildu, nahiz eta gazteek egindako proposamenak izan. Hala eta guztiz ere, guneak jende asko batu du. 

Datorren urtera begira, aztertuko da ea guneak soilik familientzako eskaintza behar ote duen egunero, gazteentzako beste alternatiba bat topatuta. Dudarik gabe, errepikatzeko modukoa da, eta horretan sakonduko du udalak. Hobekuntza modura, sabai gardena jartzea planteatu da, gunea argiagoa izan dadin.

Zezen-plazako sarbidea

Zaldunita egunean arazoak sortu ziren, jende asko pilatu zelako segurtasun perimetroaren aurrean. Batzuk ateetan indarrez sartzen ere saiatu ziren. Ondorioz, Udaltzaingoak sarbidea itxi behar izan zuen herritarren segurtasunagatik, halakoetan hori lehenesten baita. Hori dela eta gonbidapena zuten zenbait herritar ezin sartu geratu ziren. Horiei barkamena eskatu die udalak. Zaldunita egunean pilaketak sortzen direnez, sarbidea errazteko egun horretan beste antolaketa bat behar ote den aztertuko da. Hobekuntza modura, plazaren kanpoan seinaletika hobetzea planteatu da, jendearen zalantzak errazago argitzeko.

Lehen egunetako parte hartze handia

Jaietako lehen egunetako parte hartze altua, bildutako jendetza eta giro ona nabarmendu da, bai kalderero eguneko ekitaldietan, Ostegun Gizenean, Ostiral Mehean eta Zaldunita Bezperan. Bereziki aipatu dira txupinazoan txilabek irabazi duten presentzia eta txarangen atzetik belaunaldi ezberdinetako jendea bildu izana, baita Jabetze Eskolako Txarangoraren lehen kalejira jendetsua. Ostiral Mehea bizitasuna irabazten ari dela ere azpimarratu da.

Diana jendetsua

Izugarrizko jendetza batzen duen ekitaldia da Diana, eta horrek zailtasunak eragiten ditu banda entzuteko, bereziki hasieran, Agintari kalean. Zer egin daitekeen aztertuko da.

Txarangak

Hobetzeko bi puntu ondorioztatu dira. Alde batetik, dantzaldietako oholtza. Handiagoa jarri da aurten, 10m2 gehiagorekin. Zerkausiaren zutabeek, ordea, zaildu egiten dute, eta beste forma bat izan du. Txarangen ordezkariekin hala adostuta bazegoen ere, talde batzuk, musikari kopuru handiena dutenak bereziki, ez dira guztiz eroso sentitu, nahiz eta beste batzuk publikoari begira jarri izana ere begi onez ikusi duten. Nola hobetu begiratuko da.

Bestetik, Zaldunita eguneko jaitsiera. San Frantzisko pasealekuan pilatzen den jendetzak oso zail egiten du jaitsiera, bai txarangentzat, baita saltoka doazen inauterizaleentzat ere. Aurten jaitsiera errespetatu ez duen karroza bati Asteartitan ateratzeko baimena erretiratu zitzaion, behin eta berriz ohartarazi arren, musika itzali ez zutelako. Jaitsiera ondo egin ahal izateko beste alternatibarik ote dagoen aztertuko da txarangekin.

Karrozak

Zaldunita goizeko eskaintza nabarmen hobetu zela azpimarratu da, eta neurriko bolumena izan zuten. Ikuskizunak ere gehiago landu direla ondorioztatu da. Arratsaldetik aurrera beste giro bat izan zen. Ondo baloratu da ordutegiekin txandakatzen ibili izana. Elektrifikazioa zaintzeko guardian izan diren langileen lana ere ondo baloratu dute karrozek. 

Era berean, jarrera desegokiak salatu ditu udalak: batetik, Asteartita egunean baimendutako ordutegitik kanpo karroza bat musika topera jarrita joan zen Usabalera, eta bizilagunen kexak jaso dira. Egun horretan bertan ere bai goizaldean festa egin zuten Bellota pabiloiaren barruan, Udaltzaingoa bertaratu eta hustu zuen arte. 

Bestalde, karrozen garraiorako erabili ziren bi ibilgailu (dumper)  matxuratu egin dira erabilera okerragatik. Zein neurri hartu aztertuko du udalak.

Plataformadun konpartsak

Kezka areagotu egin da: ez zen ikuskizunik apenas eskaini, alkoholaren kontsumoa, ingurua garbi mantentzeko jarritako edukiontzi eta komunen erabilera urria… Bolumena ere ez zen errespetatu. Zaldunita egunean behin baina gehiagotan pasa ziren udaleko teknikariak neurketak egin eta musika jaisteko eskatzera. Ohartarazpenak errespetatu ez zirela ikusita, Asteartita egunean ateratzeko baimena erretiratu zitzaien zazpi plataformari. 

Horrez gain, erabat salagarria izan da San Esteban auzoan gertatutakoa. Aurten Ferialekua ez dute erabilgarri izan iaz ferialekua erabat zikinduta utzi zutelako, eta barruan dauden eragileei materiala puskatu, hondatu eta lapurtu zietelako. Aurten auzo elkartearen atariko arkupeetan izan dira. Aurrez lanketa egin da, eta ingurua modu egokian ibiltzeko eskatu zitzaien. Hala eta guztiz ere, ez da bete: auzoko zuhaitz, lur eta paretak margotu dira; zaborra asko jaso gabe geratu da horretarako hitzartutako data igarota. Horren ondoren udalak kontratatua zuen garbiketa zerbitzua. Auzo Elkartetik eta beste zenbait eragilek kexa agertu dute, guztiz ulergarriak direnak. Jarrera horien aurrean neurri gehiago hartuko ditu udalak.

 

Beste batzuk

Gainerakoan, txalotu egin da plataformarik ez zuten konpartsek beste behin egin duten ekarpena, gauza gutxi eta txikiekin, ikuskizun bikainak eskaini baitituzte. Aisialdi taldeen zezen-plazako itxaronaldia aztertuko da. Kontzertuetan jende asko batu da, baita Pshyco Clown taldearen emanaldian ere. Barrakei dagokienean, baldintzetan ordu inklusiboa jarri bazitzaien ere, ez dute errespetatu eta AFADEri azalpenak eskatu dizkio udalak. Janarien kale salmentako postuen zozketari dagokionez, berriz, prozedurari beste buelta bat emango zaio datorren urtera begira. Errotazioa aplikatzen jarraituta, txosnagunea datorren urtean Plaza Berrian izango dela azaldu da.

Piñata igandeari dagokionean, taldeen parte hartze altua nabarmendu du udalak. Zezen suzkoari dagokionez, argitu du bere eskumenetik kanpo dauden arazoak izan zirela zezen suzkoaren egiturarekin eta pirotekniarekin, eta horrek beranduago hasi behar izatea eragin zuela, baita behar baino lehenago amaitu behar izatea ere. Dena dela, jende asko batu zen eta egiten jarraitzea ondorioztatu da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA