● Isabelita Gunean haurrentzako ikuskizunak, DJ-ak, gazte bazkaria, puzgarriak eta tailerrak izango dira, besteak beste.
● Jaietan elkarbizitza sustatzeko lau neurri iragarri ditu Andu Martinez de Rituerto alkateak: edukiontzi eta komun gehiago jarriko dira. Puntu moreek ere egun bat gehiagoz emango dute zerbitzua.
Hamar egun baino ez dira falta Tolosako Inauteriak hasteko, nahiz eta asteburuan izango diren inauteri giroko lehen hitzorduak: haur jaialdia eta kaldereroen kalejira, larunbatean, eta pregoi kontzertua igandean. Bada, jaien atarian, egitarauaren berri eman du udalak, festetan lehenengoz parte hartuko duten eragileekin eta Nerabeen Foroko gaztetxoekin batera.
Duela pare bat aste aurreratu bezala, haur eta nerabeei zuzendutako eskaintza izango duen espazioa, Isabelita gunea, izango da nobedade nagusiena. Alondegi plazan kokatuko da karpa eta bertan egingo dira ekintzak; programatutako ezer ez dagoenean, berriz, txarangek eta inauterizaleek erabili ahal izango dute. Gauetan, baina, itxi egingo da.
«Arratsaldeko eskaintza nagusia zezen-plazakoa izan ohi da orain arte, eta hori zabaltzeko apustua egin dugu, ordu tarte horretan aukera gehiago emateko eta gazteei ere inauteriak bizitzeko beste alternatiba bat eskaintzeko. Ziur naiz hau hasiera baino ez dela izango, eta urtez urte gehiago garatzen joango dela», azaldu du Aitzol Gartzia zinegotziak.
Egitarau anitza izango du: egunetako batzuetan haur eta familientzako ekitaldiak hartuko ditu; besteetan, nerabeei bideratutakoak.
- Ostegun Gizena: Yogurina Borovaren ‘Amona molona’ haur ikuskizuna (17:30) eta Jon Urbietaren disko-festa haurrentzako (18:30).
- Ostiral Mehea: Euskal inauterien inguruko tailerrak haurrentzat: Ziripot, Miel Otxin, Zaldiko… Mozorroak sortzeko aukera, joaldunen tailerra, zintzarria jotzeko jolasa eta mitologiarekin lotutako puzgarriak. (16:30-19:00).
- Zaldunita bezpera: Sukaldaritza tailerra eta postre-lehiaketa 12-17 urte bitarteko gazteentzat. Ondoren, gazteen bazkaria eta 18:00etan, herriko zenbait gaztek sortu berri duten Ostarte erromeria-taldearen lehen kontzertua. Gazteak aritu dira txartelak saltzen; soberan daudenak kultur etxean eskatu ahal izango dira, larunbatera bitarte.
- Zaldunita: Mozorroak atontzeko ‘brilli-brilli` postua eta photocalla (11:00-14:00), eta argazki lehiaketa, Atariaren eskutik. Arratsaldean, Rockalean elektrotxaranga (zezen plazatik). Nerabeentzako gainerako bi ekitaldiak, DJ Txekor eta Sune, Plaza Berrian.
- Astelenita: Photocalla (12:00-14:00), eta argazki lehiaketa, Atariaren eskutik. DJ Jade eta DJ Oihan Vega, Gaztearen eskutik (zezen plazatik abiatuta, eta gero, Isabelita gunean). Psycho Clown anterki eta perkusio taldea (20:00).
- Asteartita: Argazki lehiaketako sari banaketa, 17:00.Potx pailazoaren magia-ikuskizuna haurrentzat (17:30).
Hain zuzen, nerabeei zuzendutako ekitaldi gehienak gazteek proposatutakoak dira. 14 eta 18 urte arteko gazteen inauterietako jai eredua aztertzeko parte hartze prozesua egin da, herriko hiru ikastetxeetako 652 gazteren parte hartzearekin. Horietako 40 gaztek osatutako Nerabeen Foroak garatu ditu prozesuan gazteek botatako ideiak. Guztiak eskertu ditu Goiuri Ezeiza zinegotziak: «Sukaldaritza tailerra eta bazkaria, ‘brilli-brilli postua, photocalla, DJren bat… beraiek proposatutakoak dira. Ideia gehiago daude, eta aztertuko dugu horietako batzuk ea beste urteren batean kabida izan dezaketen. Dena dela, prozesuaren ondorioa, zera da: beren lekua behar dutela nerabeek jaietan, eta hori bermatu egin behar dugula».
Gainerakoan, egitarauak urteroko dinamika jarraituko du. Ehundaka inauterizalerekin batera, 25 txaranga, 17 karroza, lau danborrada, 55 konpartsa eta 5 aisialdi-talde ibiliko dira kalez kale. Txistulariak, erraldoi eta buruhandien konpartsa, akordeoi taldea eta musika bandak ere ez dira faltako. Talde horien artean, bada nobedade bat: Jabetze Eskolako emakumeen txarangaren estreineko kalejira izango baita Ostiral Mehe egunean, 18:30ean.
Lau neurri, elkarbizitza indartzeko
Errespetuan eta elkarbizitzan oinarritutako jaiak aldarrikatu ditu Andu Martinez de Rituerto alkateak: «Erokeriarik gabeko eromena nahi dugu. Zentzuz jokatzeko dei egiten diot Inauteri hauek Tolosan pasako dituen orori, ez baitugu ahaztu behar jaietan ardurak ere baditugula. Iaz gertakari larriak ere izan ziren. Argi diot ondo pasa eta festaz gozatu besterik ez dugula egin nahi, beste inork hori oztopatu behar izan gabe».
Zentzu horretan, lau neurri iragarri ditu. Genero ikuspegiari dagokionez, puntu moreak hiru egunez izango dira –Zaldunita eta Astelenitaz gain, aurten Ostegun Gizenean ere bai–. Bi gune izango dira: 22:30-01:30 artean, Trianguloa plazan; 01:30-05:30 artean, Andragoran. Gainera, erasoen aurkako protokolo bat landu da hiru ostalaritza establezimendurekin. Jai parekideen aldeko aldarria egiten duen Joka Sano kanpainarekin batera aurkeztuko da.
Beste bi neurrik garbiketarekin dute zerikusia, aurten are gehiago indartuko baitira hondakin bilketa eta komunak. Aurki emango dira xehetasun guztiak. Kontzientziazio kanpaina bat ere landu du udalak: «Baliabide asko jarriko ditu beste behin udalak, baina ezinezkoa da txoko bakoitzera iritstea. Gutariko bakoitzarena ere bada ardura», gehitu du alkateak.
Urtero moduan, alkoholaren kontsumo arduratsurako sentsibilizazio kanpaina ere egin du udalak nerabeekin, eta jai egunetan eskuhartzeak egingo dituzte kalez kale gazteekin.
Udaltzaingoak ere zerbitzua eta zaintza lana indartuko du egun guztietan. 24 orduko arreta zerbitzua emango du, eta larrialdiren baten kasuan, 943 67 58 58 telefonora deitu ahal izango da.