MENDI TOUR, Mendi Film nazioarteko jaialdiko film onenen zirkuitu ibiltaria, 2026ko denboraldi bete-betean dator Tolosara. Leidorren 16. edizioa beteko du zirkuituko geltoki aitzindariak, lehena izan zenak 2011ean. Egun 50 bat hiri eta herritan eskaintzen dira Mendi Tour zine saioak.
Martxoaren 9tik 11ra Leidorren mendiko zinemagintzako puntakoa pelikulak eskainiko dira, iazko abenduan bbk Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdian nabarmendutako 10 pelikula dokumental.
Alpinismoa, haitz eta izotz eskalada, eskia, trail running, high line, esplorazioa, abentura eta ilustrazio artearen inguruko pelikulak dira. Bidaia ikusgarriak egingo ditu publikoak: Karakorumgo K2, Mongoliako Altai mendiak, Boliviako Illimani-Sajama-Huayna Potosi mendiak, Mont Blanc, Yosemite, eta baita gertuko paradisuak ere: Txindoki, Gorbea edota Atxarte.
Nabarmendu 5 euskal zinegileren pelikula programatu direla:
-
‘Harri, Orri, Arkatz’. Expocroquis proiektuaren ginga da, erakusketa -Tolosako Aranburun egon zena- eta liburu eder baten publikazioaren ostean, Jon Herranz zuzendariak ondu duen pelikula. Eli Azurmendi, Juancar Sanz eta Rafa Elorzak abiatu zuten proiektuari buruz eta, batik bat, eskalada krokisen munduari buruz testigantza eta hausnarketa aberatsak biltzen dituen pelikula da.
-
‘Izarren zaunka’. Nagore Eceiza zuzendariaren lana da, eta Koldo Almandoz da gidoilaria. Oinarrizko ideia, berriz, Iker Urangarena da, eta hura da protagonistetako bat pelikulan: Txindokin, Mikel Saez de Urabainekin honek irekitako bide dotore bat eskalatzeko ahalegina kontatzen du, sendabide terapeutiko bat Urangarentzat.
-
‘Cantos y Flores’. Julen Elorzak zuzendutako lana, ekoizpen estatubatuarra. Karina Carsolio eta Hillary Gerardi mendi korrikalariak Boliviako mendietan FKT-ak egiteko erronkan, igo eta jaisteko denborarik azkarrenak.
-
‘Un día al año’. Atxarteko eskalada Iñauteriari buruzko film laburra. Mozorrotutako eskalatzaileak, transgresioa, eta euskal eskaladaren meka nagusietako bat, bildu ditu Alfonso Garcia ‘Txontxo’ zinegileak.
-
‘Tximista’. Oreka slack-liner tolosarren Gorbeako abentura 2025ean. Arrabako kanpak gurutzatzen dituen 1300 metroko linea. ‘Peligro No Asomarse’ pelikula arrakastatsuaren segida, Jon Mendizabalek zuzendutako film laburra.
Tolosako Udalak, Kirol eta Kultura departamentuen bidez, babestuko du Leidorren egingo den Mendi Tourra, eta orain arteko edizio guztietan bezala, bidaide fidela du babesletza horretan, Tolosa Gasa. EITB taldea ere Mendi Tourraren babesle sokadako kide da. Laguntzaile dira, Zineuskadi eta Ternua.
-
Saioak 19:30ean hasiko dira.
-
Sarrerak eta bonoak Leidorko leihatilan nahiz on-line eskuratu daitezke, indibiduala 5 euroan eta bonoa 13,50 euroan.
-
Jatorrizko bertsioetan eskainiko dira pelikulak (ingelesa, frantsesa, gaztelania eta euskara) Mendi Filmek sortutako azpitituluekin lagunduta, euskaraz eta gaztelaniaz.
-
Zeinu hizkuntza interpretazioa eskainiko da pelikulen aurkezpenetan.
Martxoak 9 astelehena
CANTOS Y FLORES | EEBB | Julen Elorza | 27’
EPHEMERAL | EEBB | Josiah Jones| 32’
INTO ALTAI | Frantzia | Yannick Boissenot | 37’
Martxoak 10 asteartea
IZARREN ZAUNKA | EH | Nagore Eceiza Mujika | 18’
K2 MON AMOUR | Frantzia | Mathieu Rivoire | 40’
OLD MAN LIGHTNING | EEBB | Dawn Kish | 60’
Martxoak 11 asteazkena
TXIMISTA | EH-Espainia | Jon Mendizabal | 13’
UN DÍA AL AÑO | EH-Espainia | Alfonso García | 16’
HARRI, ORRI, ARKATZ | EH | Jon Herranz | 55’
LE MOULIN DES ARTISTES | Frantzia | Pierre Cadot | 25’
|

|
CANTOS Y FLORES
EEBB | Julen Elorza | 27’
Anaia hil eta zazpi urtera, harekin burutu asmo zuen amets bati eutsiko dio Karina Carsoliok: Boliviako Huayna Potosi, Illimani eta Sajama mendi ikonikoak igo eta jaistea ahalik eta lasterren, FKTak (ezagutzen den denborarik azkarrena) ezartzen saiatuz. Hillary Gerardi mendi korrikalari zaildua izango du bidaide. Kirol erronkaz batera, Karinak miña kanporatuko du, zauriak ixteko abagunea aurkituko du, eta espiritualki bere buruarekin eta Naturarekin bat egingo du.
|
|

|
EPHEMERAL
EEBB | Josiah Jones| 32’
Izotz-eskaladako denboraldia urtetik urtera laburtzen ari dela jabetuta, izotzean eta mixtoan eskalatzen aditua den Jeff Mercierrek, Islandiako paisaia glazial itzeletara jotzea erabakiko du. Etengabe aldatzen ari den ingurunean eta kontu handiz ibili beharreko eremuan murgilduz, Jeffek bere mugak bezala, izotz eskaladarenak ere urratu nahi ditu.
|
|

|
HARRI, ORRI, ARKATZ
EH | Jon Herranz | 55’
Hainbat eskalatzaile eta artisten begiradaren bidez, eskaladako krokisetan ematen den erabilgarritasunaren eta sormenaren arteko pultsioa agertzen du dokumentalak. Mapa bertikal horiek, ezinezko lerroez gain, ametsak eta abenturak ere irudikatzen dituzte. Dokumentu bakar eta berezi hauen garapena ezagutuko dugu, hastapenetako aztarna-krokisetatik abiatu eta gaur egungo marrazki landuetaraino, eta jomuga berriak deskubritzeko esplorazioan izan duen eragina aztertuko dugu.
|
|

|
INTO ALTAI
Frantzia | Yannick Boissenot | 37’
Mongoliako Altaiko Tavan Bogd mendigunera jo dute Camille Armand, Pierre Hourticq eta Victor Daviet eskiatzaileek. Mendiak eta urrutiko lurralde ezezagunak esploratzea maite dute. Tavan Bogd edo ‘Bost Mendi Sakratuak’, sinbolismoz eta kondairaz betetako mendigunea da. Bi astez, yurta bat kanpaleku nagusi dutela, eskietan eta snowboardeko tauletan lurralde hura esploratzeko aukera izango dute. Baina, egiaz, zer da mendi hautan bilatzen dutena?
|
|

|
IZARREN ZAUNKA
EH | Nagore Eceiza Mujika | 18’
Bi lagun Larraitzen daude, Mikel Saez de Urabainek Txindoki mendian liberatu berri duen bide bat eskalatzeko asmoz. Mikelek berak, bide berria izendatzeko inspirazioa aurkitu nahi du tokiko bake eta lasaitasunean. Iker Urangak, berriz, bere min kronikoetatik eta antsietatetik askatzea lortu nahi du.
|
|

|
K2 MON AMOUR
Frantzia | Mathieu Rivoire | 40’
2024ko udan, Liv Sansoz eta Zeb Roche K2 tontorrera igo ziren, 8.611 metrora, oxigeno artifizialik erabili gabe, eta amets zoro batekin: parapentean elkarrekin hegan egitea gailurretik salto eginda. Istorio hau K2 mendiaren edertasun basati eta gordinaren oda bat da, gailurrera igotzeko saiakeratik haratago.
|
|

|
LE MOULIN DES ARTISTES
Frantzia | Pierre Cadot | 25’
Peterrek eta Anatik Le Moulin des Artistes zuzentzen dute Chamonix haraneko XVI. mendeko errota batean: eski-tailerra, arte-gunea eta ideologia antzekoa duten espiritu askeko lagunen topagunea. Le Moulin des Artistes-ek bizitza sormenari eskaintzen zaionean gerta litekeena erakusten digu, izan Peterrek eskuz egindako egurrezko eskiekin, izan Anatiren pinturekin nahiz musikarekin. Sormen espresioak helburu berriak bideratzen lagun dezake, komunitate iraunkor bat eraikitzeko balio dezake, eta hondamendiak gainditzeko kemena ere eman dezake.
|
|

|
OLD MAN LIGHTNING
EEBB | Dawn Kish | 60’
John ‘Verm’ Sherman boulderreko legendak, behinola izan zuen magia berreskuratu nahi du. Munduko bloke ospetsuena eskalatzea otuko zaio horretarako, zer hobe? Yosemiteko Midnight Lightning ikonikoa. Duela 25 urte eskalatu zuen, bai, baina ordutik hona blokea gogorragoa bihurtu da, eta Verm, berriz, bigundu egin da garagardo kupel galanta onduta eta hegazti argazkilaritzarekiko pasioari emanda. Sasoian jartzeko prestakuntza zorrotz batek lagunduta, prest dago “gauerdiko tximistari” aurre egiteko.
|
|

|
TXIMISTA
EH | Jon Mendizabal | 13’
Hainbat highline espezialista elkartu dira Iberiar penintsulako highline luzeena instalatu eta zeharkatzeko. Astebeteko lan eta dedikazio gogorrean, hainbat parte-hartzailek zeharkaldia osatzea lortuko dute. Hala ere, arrakastaren gorenean, tximista batek lerroa jo, bi zatitan banatu eta bat-batean abentura ezerezean geratu zen. Eguraldiaren bitxikeria izan zen ala mendia zaintzen ari ziren indar mitologikoen erantzun bat?
|
|

|
UN DÍA AL AÑO
EH | Alfonso García | 16’
1970az geroztik, Atxarteko bailaran eskalatzaile belaunaldi berri bat bildu ohi zen mendiarekiko grinak erakarrita. Nazioarte mailako igoera aitzindariak egitera ere ausartu ziren haietako zenbait. Haietako batek errepide istripu larri bat jasan zuen, eta medikuek esan zioten ez zuela inoiz berriro eskalatuko. Osatze prozesu miragarria izan zuen, ordea, eta tradizio berezi bat asmatu zuen berpizte moduko hura ospatzeko: Atxarteko Inauteria. Geroztik, eta urteak joan urteak etorri, egun hori ezinbesteko hitzordua da eskalatzaileen komunitatearentzat.
|
