Pertsonaia berriak eta parte hartze zabalagoa, Olentzero eta Mari Domingiren kalejira indartzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/12/05 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Tolosako Udalak eta kultur eragileek gabonetako eskaintza aurkeztu dute. 50 ekintza izango dira abenduaren 17tik urtarrilaren 7ra bitarte.
  • 280 haur inguru izango dira abenduaren 24ko aurtengo kalejiran eta hiru pertsonaia berri gorpuztuko dituzte haurrek: Olentzeroren laguntzaileak, Galtzagorriak eta joaldun itxurako pertsonaiak.

 

 

Ate joka daude Eguberriak. Gaur arratsaldean (19:00etan, Plaza Berrian) piztuko dira argiak Tolosan, eta eguerdian gabonetako egitaraua aurkeztu dute udalak eta zenbait eragilek. 50 ekintza biltzen ditu programak, abenduaren 17tik urtarilaren 7ra arte. Kultura, kirola, aisialdia eta elkartasuna uztartuko dituzte ekintzek beste behin, horietako asko herriko eragile ugarik sustatu eta antolatutakoak, udalaren laguntzarekin.

Olentzero, Mari Domingi eta Erregeak

Olentzero eta Mari Domingiren etorreraren kalejira indartu eta haurrei parte hartzeko aukera zabaldu asmoz, berrikuntza nagusi bat izango da aurten. Abenduaren 24ko ibilbidean, Gure Zirkuako kideek gidatuta, 3 pertsonaia berri gorpuztuko baitituzte aisialdi taldeetako haurrek. 

Urtero moduan, lastargi eta kriseiluekin joango dira talde batzuk. Bada, aurten, Olentzeroren laguntzaileak (kafe zakuak soinean jantzita), Galtzagorriak eta Joaldun itxurako pertsonaiak ere joango dira, zintzarriekin. Azken hauen kasuan, norberak egin beharko ditu txapelak. Horretarako, Gazte Topaguneak tailerrak eskainiko ditu abenduaren 5, 7, 13 eta 20an, 17:00etatik 20:00etara.

Kalejira 18:00etan abiatuko da, Plaza Zaharretik eta honako ibilbidea egingo dute: Zerkausia kalea - Korreo kalea - Gorriti plaza - Barrena-Rondilla kalea - San Frantzisko pasealekua, Geltoki kaleraino. Goizean, berriz, Gure Zirkuan izango dira Olentzero eta Mari Domingi, 10:30etik 13:30era. Sarrera librea izango da.

Urtarrilaren 5ean, aldiz, erregeak goizean Gure Zirkuan izango dira harrera egiten, ordutegi berean. Arratsaldeko kabalgatak ere ibilbide bera jarraituko du, 18:00etan abiatuta. Bi kasuetan bada beste aldaketa bat: aurten bai Olentzero eta Mari Domingi, baita erregeak ere, gurbil gainean iritsiko dira, eta ez animalien gainean.

Jaiotza lehiaketa ere izango da. Kultur etxean eman beharko da izena. Izena ematerako orduan, zenbaki bat emango zaio talde bakoitzari, eta zenbaki hori bera jaiotzan ikusgai jarri beharko da. Landutakoa urtarrilaren 4an 12:00etarako eraman beharko da Gure Zirkuaren karpara.

Gabonetako kontzertu eta emanaldiak

Eguberri giroko ekitaldi ugari izango dira: azoka, Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestraren, eta Hodiertz abesbatzaren eta Arimaz orkestraren kontzertuak, Udal Musika Bandaren ohiko kalejira eta emanaldiak…

Eduardo Mocoroa Musika Eskolak, berriz, azken urteotako esperientziari jarraituz, Kontzertu Solidarioa egingo du hilaren 20an, Topic-en. ‘Munduko gabonak’ lelopean, Musika Eskolako jatorri atzerritarra duten ikasleen herrialdeetako gabon kantak interpretatuko dituzte taldeka. 

Sarrerak bost euroko salneurria izango du, eta Topic-eko leihatilan eta webgunean eskuratu ahal izango dira. ‘Zero ilara’ delakoa ere aktibatuko dute, joan ezin dutenek baina ekarpena egin nahi dutenek horretarako aukera ere izan dezaten. Bildutako dirua Gazan lan egiten duen GKE batera bideratuko dute.

Herriko eragileen eskaintzaz gain, kultur programazioaren barruko emanaldiak ere izango dira Leidor Aretoan eta Topic-en: Eguberri Umama, antzerkiak, Euskal Herriko Gazte Orkestra, Doctor Deseo, Idoia Asurmendi… Zinea ere ez da faltako: 10 pelikularen 14 saio eskainiko dira Leidorren.

Gure Zirkuak ere Tolosan igaroko ditu Gabonak, azken urteotan egin bezala. Sei egunetan zortzi emanaldi eskainiko dituzte. Galtzaundi Euskara Taldeak sustatuta, gainera, XD umore jaialdia ere izango da abenduaren 21ean, 19:00etan Gure Zirkuaren karpan. Antton Telleria, Esti Curiel, Beatriz Egizabal, Jon Plazaola eta Xabin Fernandez izango dira saioan.

Gazte Astea Topagunean

Nerabeen eskaintzari dagokionean, Topaguneak Gazte Astea antolatu du. Abenduaren 26tik 30era ospatuko da, eta egun bakoitzean jarduera bana izango dute: mahai jolasen txapelketak, Txuri Urdin izotz jauregira irteera, 3D inprimagailuari eta estanpazioari buruzko tailerrak, eta amaitzeko, Urte amaierako festa. Jarduera guztietarako izen emateak bertan egin beharko dira, abenduaren 19a baino lehen.

Txikienek ere izango dute gozatzeko aukera. Gabonetako haur parkea izango da Zerkausian hilaren 26tik 29ra. 11:00-13:30 eta 16:00-20:00 artean izango da zabalik. Haur zinea ere izango da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA