Sanjoanak bizitzeko prest Tolosan

Udaterako
hitzordua

Tolosako Udala
2026/06/08 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Tolosaldeko Arraun Klubak botako du txupinazoa, urte luzeetako lanaren, konpromisoaren eta ilusioaren erakusgarri izateagatik
  • Kuadrilla Eguneko txupinazoa Zerkausian izango da aurten, baltsa-jaitsiera egingo baitute kuadrillek Oria ibaian.

Ate-joka ditugu sanjoanak. Txupinazorako 11 egun baino falta ez direnean, Udalak eta jaietan parte hartuko duten eragileetako batzuek gaur aurkeztu dute aurtengo egitaraua. Hain zuzen, gaurtik aurrera hasiko dira egitaraua etxez etxe banatzen.

Sanjoanak ekainaren 19tik 24ra ospatuko dira, nahiz eta hurrengo asteburuan, hilaren 13 eta 14an, jai giroko ekitaldi ugari izango diren. Hona hemen aurtengo nobedade nagusiak.

 

Tolosaldeko Arraun Klubak botako du txupinazoa

Alfredo León Mañú artistaren ‘Taupadak Tolosan’ lanak iragarriko ditu aurtengo sanjoanak. Kartel lehiaketara aurkeztu diren lanen artean, epaimahaiaren balorazio onena jaso du obrak. Hainbat elementu dira karteleko protagonistak, sanjoanetako festarekin lotuta: danborra, eskopeta, eta nola ez, sua.

Jaiei hasiera emango dien txupinazoan, berriz, protagonismoa Tolosaldeko Arraun Klubak izango du, suziria botatzeko hautatu baitute taldea, urte luzeetako lanaren, konpromisoaren eta ilusioaren erakusgarri izateagatik. 

Aurten, tolosarrei hautagaitza-proposamenak egiteko aukera zabaldu zaie. Goiuri Ezeiza zinegotziak azaldu duenez, «proposamen aproposak jaso dira; askok merezi lukete aitortza. Ezbairik gabe, datorren urteetarako, bada nondik tira». TAKi buruz, Ezeizak nabarmendu du «herri honen izena estropadaz estropada lau haizeetara zabaltzen duen taldeak jasoko du aitortza, urte luzeetako lanaren, konpromisoaren eta ilusioaren erakusgarri». Era berean, azpimarratu du klubak emakumezkoen kirolaren alde egindako bidea: «kirola berdintasunetik eta elkarlanetik eraikitzen lagundu dute, herri osoarentzat eredugarri izan dira 20 urtetik gorako ibilbidean, eta belaunaldi berrientzat erreferentzia bihurtu dira»

 

Sanjoanen aurreko asteburua, ekainak 13 eta 14

Kirolak, haurrentzako jarduerak, sagardo-txapelketa eta musika izango dira nagusi datorren asteburuan. Urtero bezala, TAKE saskibaloi taldeak antolatzen duen 3x3 txapelketak hartuko ditu Alondegi plaza eta San Frantzisko pasealekua. Txapelketa medio, trafikoan aldaketak izango dira arratsaldean.

Usabal kiroldegian eta Berazubi estadioan ere kirolaz gozatzeko aukera izango da: Urtzi Gurrutxagaren omenezko futbol-txapelketa, padela, igeriketa eta eskubaloia. Igandean T2T eta T3T mendi lasterketa arrakastatsuak egingo dira.

Ekainaren 14an, haurren plaza izango da Zumardiaundia, Haurren Hiria egitasmoa hartuko baitu. Goizetik iluntzera, jolasak izango dira, eta, arratsaldean, haurrentzako Markeliñeren Artiluso, familientzako ikuskizuna ere bai. 

 

Kuadrilla Eguna

Aurten ere baltsa-jaitsiera antolatu dute aurtengo kuadrilla antolatzaileek. 11:00etan izango da, Oria ibaian. Ontziralekuan amaituko dute eta Zerkausian botako da kuadrillen txupinazoa. 

Aurreko urteetan bezala, ekitaldiak ere izango dira. Kuadrilla Egunean, haurrentzako Sardina frescue ikuskizuna Alondegi plazan izango da, baita zezen suzkoa ere. Aurten, ordea, zezen suzkoa txupinazo egunean izango da, ekainaren 19an, 22:30ean. Kuadrilla Egunean, Tolosako eta Tafallako erraldoi eta buruhandien konpartsa gozatzeko aukera ere izango da, 11:30etatik aurrera.

 

Musika eskaintza

Musika ikuskizunei dagokienez, herriko musika-talde eta txarangen urteroko ikuskizunez gain, Nhil, Añube, DJ Rani, Txaston Dixie Band, Laket taldea, Alarma Morea, Joxe Mendizabal, Neomak eta Muxutruk eta Puro Relajo entzuteko aukera izango da. Azken talde horrek Euskal Herria plazan joko du, plaza Berrian izan beharrean. «Publiko oso ezberdinak hartu ditugu kontuan, eta saiatu gara aniztasun hori bermatzen egitarauan», azaldu du Aitzol Gartzia jaietako zinegotziak. 

Udal Txistulari Bandak, aintzinako erronda-bidea eginez, San Joan zortzikoa joko du hilaren 23an. 

 

Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa, taberna gehiagotan

Jai berdinzaleen aldeko pausoak ere izango dira aurten. Bere garaian ostalaritzari begirako protokolo bat landu zuen Berdintasuna Sailak Jai Berdinzaleen Behatokiarekin bat eginda, eta esperientzia horretan, 2024an, zortzi establezimenduk parte hartu zuten. Bada, beste bost atxiki dira oraingoan: Ikatza, Amaiur, Babes, Eguzki eta Egoki.

Jaietan ohikoa den moduan, Gune Morea, indarkeria matxistarik gabeko gunea, ere egongo da, informazio eta arretarako. Emakumeen plazan egongo da, Andragoraren parean. Gune hau ekainaren 20an, 18:00etatik 02:00etara, eta 23 eta 24an 23:00etatik 03:00etara izango da zabalik. Ordutegi horretan, 747 420 488 telefonora deitu ahal izango da laguntza eskatzeko. Udaltzaingoak ere 24 orduz emango du arreta, 943 675 858 telefonoan.

 

Informazio gehiago eta egitarau osoa, hemen

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA