Sanjoanetako txupinazoa nork botako duen proposatzeko aukera izango dute tolosarrek

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/04/30 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Udalaren webgunean zabalduko da proposamenak egiteko galdetegia datorren astelehenetik aurrera, eta maiatzaren 16ra arte. 
  • Sanjoanak antolatzeko batzordearen bilera datorren asteazkenean, maiatzak 7, 19:00etan izango da Kultur Etxean.

Tolosako sanjoanak ekainaren 20tik 24ra ospatuko dira. Bada, jaien hasiera iragarriko duen txupinazoa nork botako duen proposatzeko aukera izango dute aurten herritarrek.

Proposamena egiteko galdetegia udalaren webgunean egongo da eskuragarri datorren astelehenetik aurrera, eta maiatzaren 16ra arte. Hautagaitzak Tolosan erroldatuta eta 16 urtetik gora dituzten herritarrek egin ahal izango dituzte. Era berean, Tolosako Udalaren Herri Entitateen Erregistroan jasota dauden elkarteek, Udalbatzako alderdi politikoek eta egoitza Tolosan duten enpresek ere aurkeztu ahal izango dituzte hautagaitzak.

Pertsonak, taldeak edota elkarteak proposatu ahal izango dira hautagai modura. Dena dela, zenbait ezaugarri bete beharko dituzte, horien artean, herriarekin lotura izan eta Tolosari ekarpena egin izana, komunitatearen ongizatea bilatuz edota bizitza kultural edo soziala lagunduz. Era berean, kultura, genero berdintasuna, aniztasuna, euskara edota gizarteratzea bezalako balioak sustatu beharko dituzte hautagaiek.

Jasotako proposamenak aztertuko ditu Kultura sailak, eta gero Jai Batzordera eramango dira. Batzordearen bilera irekia egingo da maiatzaren 19ko astean, eta bertaratzen direnek boto bidez erabaki ahal izango dute irabazlea.

 

Lehen bilera irekia, maiatzaren 7an

Sanjoanetako antolaketa lanetarako Udalak jaietako batzordea osatzeko bilera irekia deitu du, elkarte, eragile eta interesa duten norbanakoei zuzenduta. Bilera datorren asteazkenean izango da, maiatzaren 7an, 19:00etan Kultur Etxean. Besteak beste, prozesu honen inguruko xehetasunak emango dira, baita egitarauaren lehen zirriborroaren berri eman ere. Ekarpenak egiteko aukera ere izango da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA