Tolosa herri segurua izateko bost proposamen egin ditu Tolosako Haurren Kontseiluak

Udaterako
hitzordua

Tolosako Udala
2026/06/01 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Haurren Hiria proiektuaren barruan egindako lanaren berri eman diete Lehen Hezkuntzako ikasleek udal-ordezkariei.

Joan den astean egin zuten Haurren Hiria proiektuaren 12. aldiaren azken saioa. Proiektuaren helburua da haurrei hitza ematea, eta aurten aztertu dute haurren ikuspegitik zer baldintza bete behar diren Tolosa herri segurua izateko.

8-12 urteko 42 ikaslek osatu dute aurten Tolosako Haurren Kontseilua; hain justu ere, Lehen Hezkuntzako hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren mailetako hamalauna ordezkarik. Kontuan hartu dira ikastetxea, adina, generoa, bizitokia eta jatorria.

Ingurune seguruak aztertu dituzte aurten, eta, horretarako, lan-saio batzuk egin dituzte ikasturte osoan. Saio horietan, beste leku batzuetako esperientziak ezagutu dituzte adituen eskutik, eta ordezkari bakoitzak bere ikaskideekin partekatu ditu jasotakoak. Familiekin ere egin dituzte lan-saioak.

Bost proposamen

Landutako guztiarekin, pentsatu dute Tolosa nola hobetu daitekeen herri seguru izateko. Haurren Kontseiluko zenbait gaztetxok aurten egindako lanaren berri eman zieten udal-ordezkariei. Hain zuzen, bost proposamen helarazi zizkieten alkateari eta zinegotziei.

  1. Kirola eta jarduera fisikoa. Besteak beste, frontoi estalia eskatu dute, eta futbol- eta saskibaloi-zelai gehiago. Boleibol-, errugbi- eta tenis-kantxak doan erabiltzeko aukera izatea ere proposatu dute, eta Usabal eta rokodromoa handitzea. Azkenik, aipatu dute oso garrantzitsua dela naturan kirola egiteko leku gehiago izatea.

  2. Mugikortasuna eta segurtasuna. Nabarmendu dute herrian seguruago ibili nahi dutela. Horrez gain, proposatu dute bidegorriak hobetzea, eta jarraituak izatea, ez zatikakoak. Gainera, adierazi dute bizikletak uzteko toki estaliak eta alokatzeko bizikletak nahi dituztela.

  3. Aisialdia, kultura eta jolasa. Estalpedun parke gehiago eskatu dituzte, adin guztietarako egokiak, baita liburuak trukatzeko tokiak ere.

  4. Ingurumena, natura eta animaliak. Berdeguneak eta arrantza egiteko lekuak aipatu dituzte. Txakurrentzako parkeak eskatu dituzte, eta txakurren gorotzak kontrolatzeko neurrien beharra ikusi dute.

  5. Herria eta auzoak. Semaforoen funtzionamendua eta kaleen argiztapena aipatu dituzte. Era berean, zakarrontzi, komun publiko eta iturri gehiago eskatu dituzte. Azkenik, liburutegia asteburuetan irekita egotea ere proposatu dute, besteak beste.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA