- Erabaki.tolosa.eus plataforman erregistratu eta botoa eman ahal izango dute erroldatutako herritarrek.
- Bengo, Merina Gris, Janus Lester, Ezpalak, Indabe, Los zopilotes txirriaos eta Kai Nakai dira hautagaiak.

Tolosako Udalak herri-bozketa prozesua jarri du abian, tolosarrek erabaki dezaten zein talde izango den datorren urteko inauterietako kontzertuaren protagonista. Ekimena Tolosan erroldatutako eta 16 urtetik gorako herritar guztiei zuzenduta dago, eta Erabaki (Decidim) plataforma digitalaren bidez parte hartu ahal izango dute. Pertsona bakoitzak behin bozkatu ahal izango du eta talde bakarrari eman ahal izango dio babesa. Ekimen honen bidez, Tolosako Udalak herritarren erabakitze-ahalmena areagotu nahi du, eta tolosarrei hitza eman nahi die inauterietako ekitaldietako baten aukeraketan.
Bozketa gaurtik eta urriaren 10era arte (eguerdiko 12:00etan) izango da zabalik, erabaki. tolosa.eus parte-hartze plataforman eta presentzialki kultur-etxean. Bozkatu ahal izateko, Erabaki plataforman izena eman beharko da, eta proposatutako zazpi taldeen artetik bakarra aukeratu. Modu presentzialean bozkatzeko, urriaren 1etik 10era, astelehenetik ostiralera, honako ordutegi honetan bozkatu ahal izango da kultur etxean: 10:00-13:00 eta 16:00-20:00. Tolosan erroldatutako herritarrek soilik parte hartu ahali zango dute.
Azken hilabeteotan talde ugarirekin jarri da harremanetan Udala, eta Zaldunita egunean jotzeko prestasuna azaldu dutenen artean egingo da bozketa. Diska grabaketak, emanaldietarako etenak edo data horietan jo ahal izateko ezintasunak medio, beste talde batzuren proposamenek ez dute aurrera egin. Udalak aurkeztutako proposamenak honako hauek dira: Bengo, Merina Gris, Janus Lester, Ezpalak, Indabe, Los zopilotes txirriaos eta Kai Nakai. Horietatik bakarra aukeratu ahal izango dute herritarrek. Udalak bozketa amaitu eta hurrengo astean jakinaraziko du zein izan den hautatutako taldea.
Erabaki plataforma
Bozketa Erabaki plataformaren bidez egingo da (www.erabaki.tolosa.eus); hau da, Decidim software librean oinarritutako parte-hartze digitaleko plataformaren bidez. Kontzertuaren bozketan parte hartzeko jarraibideak kontsultatu hemen. Parte hartzeko plataforma bat da, hiri demokratikoagoa eraikitzeari begira sortua. Hiri ireki, garden eta kolaboratibo bat sortzeko erreferentziazko gunea da, non hiriko bizilagunak izango baitira protagonistak.
Plataformak, erregistratuz gero, aukera ematen du inauterietako kontzertuen bozketan parte hartzeaz gain, Udalak abian dauzkan hainbat proiektutan parte hartzeko edo informazio zuzena jasotzeko ere. Bertan, bileren deialdiak ezagutu, auzo bakoitzean martxan dauden proiektuen jarraipena egin eta beste hamaika aukera eskaintzen zaizkie herritarrei. Gainera, herritarrek ekarpenak egin ditzakete, eta hala, Udalaren erabakietan eragin. Espazio irekia, kolaboratiboa eta gardena da Erabaki, herritarrei erabakiak hartzeko prozesuan parte hartzeko aukera ematen diena.
Horregatik, Udalak herritar guztiei dei egiten die bertan erregistratu daitezen, eta unean uneko proiektuetan interesa izanez gero, prozesu horren goiko aldean, eskuinean, agertzen den «Jarraitu» botoia sakatuz gero, ezer berririk dagoen bakoitzean, jakinarazpena jaso ahal izango du herritarrak.
Hautagaiak
BENGO
BENGO izen artistikoaren atzean Aitor Bengoetxea dago, genero urbanoan aritzen den musikaria eta break dantzaria. 2021ean, bere lehen EPa (4 Taupada) argitaratu zuen, eta 2022an hainbat single kaleratu zituen. 2023an lehen diskoa, Bizirik, plazaratu zuen eta horrekin batera, jaialdi eta areto askotan aurkeztu zuen Bizirik Bira izeneko emanaldia. 2024an, lau single arrakastatsu kaleratu zituen eta urte amaieran, Belharra disko berria argitaratu zuen. Lan horretan, bere alderdirik pertsonalena erakutsi du, bere jatorri euskalduna eta unibertso musikal berria azpimarratuz.
MERINA GRIS
Merina Gris 2020an sortutako hirukote donostiarra da (Sara, Julen eta Paskal). 2022an kaleratu zuten Zerua Orain lehen diskoa, eta ordutik, jaialdi eta eszenatoki garrantzitsuetan aritu dira; tokikoetan bai, baina baita Europan barrena ere. «Pop bortitza» izendatutako proposamenean, belaunaldi baten kontraesanak eta emozioak (haserrea, antsietatea, maitasuna, malenkonia…) uztartzen dituzte, soinu sotil eta inguratzaileak energiaz beteriko eztanda eta erritmoekin nahastuz. Aurpegiak estalita aritzen dira, edukia eta artea lehenetsi, eta anonimotasunetik adierazpen askatasun handiagoa bilatzeko.
JANUS LESTER
Janus Lester 2022an Beran sortutako musika taldea da. Taldeak lehenbiziko lan luzea urte horretantxe kaleratu zuen, Ez gaitzala loak harrapatu izenburupean. Horren ostean, Janus Lester Zuzenean diskoa atera zuten, eta 2024an estudioko bigarren lana plazaratu zuten: Lore. Jokin Pinatxo beratarraren ezohiko ahots bereziarekin arima beltz, elektroniko, folk eta pop kutsuekin taularatzen dira Janus Lesterrekoak. Jokinez gain, taldea osatzen dute honako hauek: Garazi Esnaola (teklatua), Mattin Arbelaitz (bateria), Julen Suarez (tronpeta), Andoni Arriola (tronboia), Julen Barandiaran (baxua) eta Javier Echarri (gitarra).
EZPALAK
Ezpalak Juanjo Berasain (ahotsa), Eñaut Gaztañaga (gitarra), Unai Eizagirre (baxua) eta Janardana Iglesias (bateria) dira. Azken urteotako euskal musika alternatiboaren erreferente bihurtu da taldea, Mondo Sonoro edo Gaztea bezalako hedabide handiek ospea eman diote eta Los Conciertos de Radio 3 edo Bilbao BBK Live, Azkena Rock Festival edo Tsunami Xixon bezalako jaialdietan zuzenean bere indarra erakutsi dute, besteak beste. Gatza estudioko laugarren albuma kaleratu zuten 2024ko azaroan. Honen aurretik Ezpalak (2019), Kolpatu Topatu(2021), Hortz Aina Hots (2022) eta LAGUNEKIN ZUZENEAN LIVE (2023).
INDABE
Indabe Donostiako Antigua auzoan sortu zen, elkarrekin musika egiteko gogoa zuten hiru neskarekin. 2021ean, laukote bihurtu ziren eta Gipuzkoako gaztetxe eta festetan aritu ondoren, 2023ko uztailean, lehen maketa kaleratu zuten: Noiz arte?, sei abestiz osatutako pop-rock lana. Ondoren, Azaletik singlea aurkeztu zuten, taldearen etapa berri baten hasiera markatuz. Gaur egun hirukote gisa jarraitzen dute: Uxue Estrada (ahotsa eta gitarra), Nora Azurza (baxua) eta Peru Blanco (bateria). Taldea bere estilo propioan sakontzen ari da, heldutasun eta kalitate handiagoarekin, eta euskal musikaren panoraman bere lekua egiteko gogoz.
LOS ZOPILOTES TXIRRIAOS
Los Zopilotes Txirriaos 2010ean sortutako Napar-Mex musika talde nafarra da, Impekables bandaren birfundazio gisa. Bere musika estiloak euskal punk-rock eta folk elementuak eta rantxerak uztartzen ditu.
KAI NAKAI
Kai Nakai 27 urteko artista gasteiztarra da, eta musika euskaraz egiten du. Reggaetoia euskaraz egiten aitzindaria izan arren, gaur egun, pop musika, musika urbanoa eta musika elektronikoa egiten ditu.