Tolosaren eta eskiaren arteko lotura hizpide duen ‘Tras la huella noruega’ dokumentala eta solasaldia, datorren asteazkenean Leidorren

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/01/16 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • 19:00etan hasiko da emanaldia, Leidorren; ondoren, zuzendariarekin eta zenbait parte hartzailerekin solasaldia izango da.

  • Tolosar ugariren testigantzak jasotzen ditu dokumentalak; Tolosako Udalak ere diruz lagundu du proiektua.

 

Norvegiarren eskutik iritsi zen eskia Euskal Herrira, duela mende bat baino gehiago. Ordutik lotura estua izan du Tolosak kirol honekin. Bada, historia hori dokumental batean jaso du Unai Jauregibeitia zuzendari bilbotarrak: ‘Tras la huella noruega’. Mendi Film jaialdian estreinatu zen lana, eta datorren asteazkenean Tolosako Leidorren eskainiko da (19:00). 

Hastapenak eta ondorengo bilakaera aztertzeaz gain, tolosar ugariren testigantzak jasotzen ditu ikus-entzunezkoak: Anate eta Susana Iturralde Kildal, Josu Iztueta, ‘Txiki’ Plazas, Angel Ortiz, Miren Lopez-Mendizabal, Juan Ignazio Elosegi, Jose Luis Lekuona Gorri, Rojo anaiak... Tolosako Udalak ere diruz babestu du proiektua.

Asteazkeneko saioa doakoa izango da. Gonbidapenak eskatu beharko dira, ordea: Leidorreko leihatilan, edo online, esteka honetan. Dokumentalaren proiekzioaren ondoren, solasaldia ere izango da, filmaren zuzendari Unai Jauregibeitiarekin eta beste zenbait parte hartzailerekin. Norvegiak Bilbon duen ohorezko kontsula ere, Begoña Etxebarria Madariaga, bertan izango da.

 

Norvegia, Tolosa eta eskiaren arteko loturari buruz

1906ko udan iritsi zen Tolosara Hafdan Magnus Mustad norvegiarra. Mustad fabrika bertan kokatu zuen. Bi urte beranduago iritsi ziren lehen langile norvegiarrak, ekipajean egurrezko eskiak sartuta. Tolosaldeko mendiak zuritu orduko, eskiatzera irten ziren, eta hori ikusi zuten zenbait tolosar zur eta lur geratu ziren. Ixaka Lopez-Mendizabal, Polikarpo Elosegi, Jenaro Ruiz de Arkaute, Jose Izagirre, Ramon Irazusta... Beraiek ere horren parte izan behar zutela erabaki zuten. 

Norvegiarrak eta euskaldunak elkartuta, espainiar estatuko lehen eski-kluba sortu zuten 1909an, Ski Club Tolosano, gaur egun arteko ibilbidea markatu duten hainbat mugarrietan lehena. Urtebete geroago eski jauzien lehiaketa bat ere egin zuten, Berastegiko muino elurtu batean. Penintsulako lehen eski txapelketa izan zen hura.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA