Udaleku irekien araudiak hasierako onespena jaso du

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/12/27 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Udalekuen prezio publikoak ere onartu dira: astebeteko egonaldiak 25 euroko prezioa izango du; hilabete osokoak, berriz, 85 eurokoa.

 

Tolosako Udalak urratsak ematen jarraitzen du haur eta nerabeentzako udaleku hezitzaileak antolatzeko. Iazko parte hartze bidezko aurrekontuen prozesuan aukeratuenen artean izan zen egitasmo hau, eta udalak 2021-2022 bitartean egindako gazteen ongizaterako beharren diagnostikoan ere udako aisialdi hezitzailearen eskaintza zabaltzea aipatzen zen. Martxan jarri ahal izateko, ordea, beharrezko erregelamendua onartu behar da aurrez. 

Bada, araudia landuta, udalbatzak asteleheneko ohiko osoko bilkuran eman zion onespena, hasierako izaeraz, udal gobernuaren aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin. Orain 30 lan eguneko entzunaldian izango da, behin betikoz onartu ahal izan arte.

6 eta 14 urte bitarteko tolosarrentzat

Oporraldi garaiko aisialdi-zerbitzua erregulatzen du araudiak, eta, besteak beste, zehazten du Tolosan erroldatutako 6 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeek parte hartu ahal izango dutela udalekuetan, bi adin tartetan banatuta: alde batetik, 6-10; eta, bestetik, 11-14.

Araudiak jasotzen duenez, eskatzaile kopurua eskainitako plazena baino handiagoa bada, zozketa bidez egingo da esleipena. Behin-behineko esleipena egin ondoren, plazarik lortu ez duten eskabideak itxaron-zerrendan sartuko dira, zozketaren hurrenkeraren arabera. Leku guztien %5a gutxienez, gordeko da %33ko desgaitasuna edo hortik gora edota ofizialki aitortutako mendetasun-gradua duten adingabeentzat.

Aisialdi-eskaintzako erabilera-hizkuntza euskara izango da, eta, hain justu ere, euskararen erabilera sustatzea izango du eskaintzak xede, betiere herritarrek aitortuak dituzten hizkuntza-eskubideei kalterik eragin gabe.

25 eta 85 euro arteko prezioak, gehienez

Udalekuen prezio publikoak ere onartu ziren osoko bilkuran. Aste kopuruaren araberako prezioak izango dira: astebeterako 25 euro; bi asterena 45 euro; 65 euroko prezioa izango du hiru asterako izen emateak; eta lau asterenak, berriz, 85 euroko balioa izango du. 

Prezio murriztuak ere izango dira. Familia ugariei eta guraso bakarrei %50ean murriztuko zaie prezio publikoa, eta Gizarte Zerbitzuen eta Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoen onuradunei, berriz, %80, betiere udalarekin zorrik ez badute. Horrez gain, bizikidetza unitateen diru sarreren arabera ere prezio murrizketa gehiago aplikatu ahal izango dira. 

Hau eginda, aisialdi-zerbitzuaren kontratazioan lanean ari da udala, eta hori esleitutakoan emango dira eskaintzari berari, datei, eta izen emateari buruzko xehetasun guztiak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA