Zaintzaren gaiari helduko dio Tolosako Haurren Kontseiluak ikasturte honetan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/11/25 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Haurren Hiria egitasmoaren barruan, Tolosako zaintza eredua aztertu eta hori hobetzeko proposamenak landuko dituzte Laskorain, Herrikide eta Samaniego Ikastetxeetako 42 haurrek. 
  • Azterlanaren garapena EHU eta Daiteke Gizarte Aholkularitzarekin elkarlanean egingo da, eta dinamizatzaile eta kale hezitzaileen laguntza izango dute. 

 

Ikasturte berriaren martxa hartuta, Tolosako Haurren Hiria abian jartzeko garaia iritsi da. Zehaztu da jada ikasturte honetan haurrek jorratuko duten gaia: zaintza. 

Horretarako, lehen urrats gisa, Haurren Kontseilua osatu da, ohiko moduan, zozketa zibikoz. Tolosako hiru ikastetxeetako 8 eta 12 urte bitarteko 42 haurrek osatuko dute taldea eta parte hartzaileen aniztasuna bermatzeko, eta Tolosako errealitatea ahalik eta modu egokienean islatze aldera, kontutan izan dira haurren adina, generoa, ikastetxea, jatorria eta helbidea. 

Zaintza eredua aldatzeko bidean aurrera

Lanketa egiteko, Tolosako Udala herritar eta eragile desberdinekin lantzen ari den zaintza ekosistemaren diagnosia hartuko da oinarri modura. Hortik abiatuta, herriko zaintza eredua hobetzeko proposamen zehatzak lantzea izango da helburuetako bat. Haurren parte hartzea ezinbestekoa izango da udalerriko zaintza ereduari ikuspegi berritzaile eta inklusiboago bat emateko.

Horretarako, EHU eta Daiteke Gizarte Aholkularitzako adituekin arituko da elkarlanean. Daiteke, esaterako, aditua da berdintasunaren, garapen pertsonalaren, prestakuntzaren, inklusioaren edota adinaren kudeaketan eta, kasu honetan, Haurren Kontseiluak garatzen dituen ideiak benetako proiektu bilakatzeko elkarlana eskainiko du. 

Lau lan saio

Haurren Kontseiluak urtarrilean egingo ditu lehen saioak, eta maiatzera bitarte beste lau lan saio egingo ditu. Diagnosi hori aztertu eta udalerriko zaintza eredua aldatzeko eta hobetzeko proposamenak landuko dituzte saioetan, Arazi eta Nurako hezitzaile eta dinamizatzaileek lagunduta. 

Azken bileran, Mintza Txokoa egingo da: alegia, haurrek proposamenak alkateari eta udal ordezkariei aurkeztuko dizkiete. Ikasturtean zehar, halaber, familien jarraipen-bilerak egingo dira, eta ordezkari diren haurrek beren ikaskideei proiektuaren inguruko informazioa emateko aukera izango dute.

10 urtez haurrei ahotsa emanez

Aurtengoa Haurren Hiria egitasmoaren barruan egiten den 11. ekitaldia da. Egitasmoa 2014an abiatu zen eta orduz geroztik, gai desberdinak aztertu dira, horien artean aisialdirako ekintzak, herriko baliabideak, belaunaldien arteko harremanak, mugikortasuna edota osasun mental eta emozionala.

Haurren Hiria egitasmoaren helburu nagusia da herriaren garapenean haurrei ere hitza ematea eta haurrak udal erabakietan inplikatzea, beren iritziak jasoz eta Tolosa haien beharretara egokitzeko pauso zehatzak emanez. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA