‘Ustekabeko proiektuak’ sormenezko argazkigintza tailerra egingo da apiriletik ekainera

Tolosako Udala
2020/03/12 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Iñigo Royo Etxezarretak gidatuko du ikastaroa, eta aurretik kultur etxeko ikastaroetan egon diren edo argazkigintzaren alderdi sortzaileetan murgiltzeko interesa duten pertsonei zuzenduta dago.

  • Ohiko gaietatik aldenduta dauden proiektuak landuko dira, tailerrean parte hartzen dutenen sormena garatzeko helburuarekin.

 

"Ustekabeko proiektuak" izenburupean argazkigintza tailerra egingo da apiriletik ekainera Tolosan, Iñigo Royo Etxezarretak gidatuta. Tailerra, funtsean, praktikoa izango da, eta zehaztasun eta premisa oso zehatzak izango dituzten argazki proiektu multzo bat planteatuko da. Ohiko gaietatik nolabait aldenduta egongo diren proiektuak izango dira, eta tailerrera joaten direnen sormena garatu nahi izango dute.

Proiektuak bata bestearen atzetik egiten joango dira tailerrak irauten duen bederatzi asteetan. Proiektu batzuk banaka egin beharko dira, beste batzuk taldean egingo dira. Ez da proiektu berri batekin hasiko aurrekoa amaitutzat eman arte. Ikastaro hau ez da kameraren funtzionamenduari edo Photoshopen maneiuari buruzko tailer bat.

Bertaratzen direnek edozein kamera edo sakelako telefonorekin garatu ahal izango dituzte proiektuak, eta tailerra amaitzean, egindako lanen zati bat ikusgai jarriko da Aranburu jauregian. Tailerra aurretik Kultur Etxeko ikastaroetan egon diren edo argazkigintzaren alderdi sortzaileetan murgiltzeko interesa duten pertsona guztiei zuzenduta dago.

Ikastaroak 45 orduko iraupena izatea aurreikusten da, eta datak oraindik guztiz zehazteko badaude ere, apirilaren 21etik ekainaren 18ra izango da. Ikastaro egunak asteartea eta osteguna izango dira, 19:00etatik 21:30era. Tolosaldeko biztanleek 106,02 euro ordaindu beharko dute, eta eskualdetik kanpokoek 159,48 euro. Ikastarorako izen ematea martxoaren 16tik aurrera izango da, Kultur Etxean (10:00-13:00 eta 16:00-20:00) edo 943 67 03 83 telefono zenbakira deituta. Gehienez 15 lagunentzako lekua egongo da.