“Arrastoan” dokumentala eta beste hainbat kultur jarduera aste honetan Tolosan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/03/01 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • “Arrastoan” dokumentala, zinea, erakusketak eta beste hainbat kultur jarduera egongo dira aste honetan Tolosan, baita martxoaren 8aren inguruko ekimenak ere.

  • Sarrera guztiak kutxako webgunean edo Leidorreko leihatilan daude eskuragarri.

 

Beste aste batez, hainbat kultur jardueraz gozatu ahal izango dute tolosarrek. Aste hau, gainera, berezia da. Emakumeen Nazioarteko Eguna ate joka dagoenez, ostiralean prentsaurrekoan aurkeztuko da martxoaren 8aren bueltan antolatutako kultur jardueren egitarau osoa. Honakoak dira aste honetako gainerako kultur jarduerak:

Martxoaren 7an, igandea, “Arrastoan” dokumentala eskainiko da 12:00etan Leidorren. Tolosatzen Eskola Irekian saio didaktikoak egin dira, LH6 mailako 250 ikasleentzat. Orain, Tolosako familia guztiei zabaldu nahi zaie dokumentala ikusteko aukera. Sei lagunek Laponiara egindako espedizioa da ikusentzunezkoaren ardatza, bertako jendea eta bizimodua ezagutzeko aukera ematen duena. Dokumentalaren egileak, Iker Iriarte eta Josu Iztueta, izango dira bertan. Proiekzioaren ostean solasaldia egiteko. Sarrera doakoa izango da, aurrez gonbidapena eskuratu behar da Kutxako webgunean edo Leidorreko leihatilan, astelehen, ostegun, ostiral eta larunbatean 18:00etatik 19:00etara edo martxoaren 7an bertan, 11:00etatik 12:00etara.

Ostegunean, astero lez, zine foruma egongo da 19:00etan Leidorren. “El despertar de las hormigas” filmea egongo da ikusgai jatorrizko bertsioan, gaztelerazko azpitituluekin. Isa jostuna da eta familiarekin bizi da Costa Ricako herri txiki batean. Senarrak hirugarren seme bat izatea nahi du, mutil bat, baina Isak ez du beste haurdunaldirik nahi. Orain arte, inoiz ez du zalantzan jarri familian duen eginkizuna baina zerbait aldatu behar duela ohartzen da.

Gazte Topaguneak martxoaren 4an txapa tailerra antolatu du, eta ostiralean, martxoak 5, zeramika tailerra. Asteburuan eguraldi ona egiten badu, kalean kirol jarduerak ere egongo dira. 12-16 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekintzak dira, eta aurrez izena eman behar da @topaguneatolosa Instagram kontuan.

Bestalde, aste honetan hasiko da Tolosako Kultur Etxeak antolatutako antzerki ikastaroa, antzerki-prestakuntza eskaintzen duena eszenan jarduteko eta hortik kanpoko bizitza aberasteko baliabideak ematen dituena. Asteazkenetan izango da 19:30etatik 21:00etara Kultur Etxean, ekainaren 16ra bitarte.

Bi erakusketa ere badaude ikusgai Aranburu Jauregian 17:30etatik 20:30etara. Inauterien inguruko “Jeiki Jeiki 2021” erakusketa martxoaren 6ra arte egongo da. Guztira 22 panel ditu eta ikusentzunezkoak ere eskainiko dira. “Itzalpeko euskal emakumeak” erakusketa, berriz, apirilaren 10era bitarte egongo da. Protagonistak dira XX. mendean errepresioa eta jazarpena pairatu zuten emakume aitzindariak. Erkibe elkarteak antolatu du, Udalaren eta Foru Aldundiaren babesarekin.

Zine saioei dagokienez, aste honetan ere bi filme eskainiko dira. Haurrentzat “Mi vecino Totoro” pelikula emango da Leidorren igandean 16:00etan, eta helduentzat, berriz, “Entre nosotras” filma eskiniko da larunbatean eta igandean 19:00etan Leidorren.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA