“Bizikidetza sustatzen” egitasmoaren baitan, ekintza ziklo berria martxoan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/03/11 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • “Zubiak” eta “Non dago Mikel?” filmak eskainiko dira Leidorren, “Burgoseko prozesua” erakusketa ikusgai egongo da Aranburu Jauregian eta zikloari amaiera emango zaio “Sisiforen paperak” antzerkiarekin martxoaren 28an Leidorren.

 

Udazkenean, Oroimena eta Bizikidetzaren sustatzea helburu zuten ekimenak bultzatu zituen Tolosako Udalak. Oraingoan abiaturiko bideari segida emanik, Tolosako Udalak, bertan ordezkaritza politikoa duten alderdi guztien adostasunarekin, martxoak 17a eta 28a bitartean izango diren lau ekitaldi eta apirilaren amaiera arte Aranburu Jauregian izango den erakusketa antolatu ditu. Bizikidetza, Memoria, Egia, Erreparazioa eta Giza Eskubideak muinean duten ekitaldiak izan nahi dute bizikidetzaren inguruko elkarrizketa zabala eta zintzoa sustatzeko, norbera bere bizipenak azaleratzeko eta besteenak entzun eta onartzeko aukera emateko topagune ezberdinak sortzeko.

 

Egitaraua osatzeko hiru helburu eta zenbait hausnarketa izan dira abiapuntu:

 

“Gure herrian, sufrimendu egoera asko eta oso desberdinak direla jabetzen gara, batzuk ezagunagoak, nabarmenagoak, baina badira ere isilean egunerokotasunari txertatuak eta gure ingurune hurbilean gordeta diren bizipen eta egoera isilagoak ere. Horiek azalera ekarri nahi ditugu”.

 

“Biktimen duintasuna berreskuratze horretan ere, gu Udal ordezkari bezala badugu ardurarik, izandako giza eskubide urraketa guztien inguruko ikerketa zorrotz eta zehatza ahalbidetuz, bai eta biktima guztien erreparaziorako eskubidea bermatzeko gure esku dagoen guztia egiten. Zeregin horretan abiatutako bideari jarraipena eman nahi dugu urrats berriekin”.

 

“Bizi izandako indarkeria eta giza eskubideen urraketek -eta egun ere urratzen direnak- eragin eta eragiten duten mina ezagutzeak, errepikatu nahi ez dugun bidea aurrez-aurre erakusten digu, eta bizikidetza justu eta osasuntsuaren alde lanean jarraitzeko indarra ematen digu. Berriz ere errepikatu ez dadin, giza eskubide guztiekiko errespetua aldarrikatu, indarkeria guztiak arbuiatu eta gainditzeko bideak ireki eta gure gizartearen aniztasuna errespetatu behar dugu guztiok”.

 

Martxoan zehar, egitarau honen baitan antolatuko diren ekitaldiek formatu desberdinak izango dituzte: filmak, erakusketak eta antzerkia. Hona hemen martxoak 17- 28 bitartean antolaturiko ekitaldi zikloaren egitaraua:


Martxoak 17, asteazkena, 18:45ean. Leidor aretoan. “Zubiak”

ETAk hil zuen Juan Mari Jauregiren historia kontatzen du dokumentalak. Bere egile diren Jon Sistiaga eta Alfonso Cortés-Cavanillasek adierazi dutenez, hautsitako eta eraikitako zubien inguruko hausnarketa izan nahi du; horretarako, Jauregiren alargun Maixabel Lasaren eta bere senarraren hilketan parte hartu zuen Ibon Etxezarretaren artean sortzen den elkarrizketaz baliatzen dira egileak. Hain zuzen, Lasak Etxezarreta gonbidatzen du bazkaltzera; harekin hitz egin nahi du eta bere senarra hiltzeko erabili zituzten arrazoietan sakondu nahi du. Ikus-entzunezkoan, besteak beste, Maria Jauregi Maixabel Lasaren alaba, Jesus Egiguren, Xabier Iraola, Ignacio Latierro edo Margarita Roblesen testigantzak entzuten dira.

Dokumentalak ordu eta erdiko iraupena du. Berez, “El final del silencio” izenburuko dokumental sortaren ataletako bat da, Sistiaga kazetaria irundarrak Movistar+ plataformarentzat atondu zuena; 2019an estreinatu ziren. Sei dokumental dira guztira, eta batik bat, ETA eta berak eragindako biktimak dituzte ardatz ("zerga iraultzailea”, Miguel Angel Blancoren hilketa, ETAren hastapenak, berunezko urteak, GAL...). Guztietan, biktimei zein gatazkan eragile izan ziren zenbait pertsonei hitza ematen zaie.

Dokumentala eskaini ondoren solasaldia izango da Maixabel Lasaren parte hartzearekin.

 

Martxoak 18, osteguna. “Burgoseko prozesua” erakusketaren irekiera

Erakusketa hau, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrarekin batera antolatu izan da.

Burgoseko Prozesuaren 50. urteurrenean, erakusketa honek gertaera historiko haren testuingurua ezagutzera eman eta azaldu nahi du, baita Euskadiren hurbileko historian izan zuen eragina ere. 1970-2020 Burgoseko prozesua. Frankismoari epaiketa egitasmoak garaiko 173 dokumentu eta testigantza grafiko emango ditu argitara martxoak 18tik apirilak 30era bitartean, Tolosako Aranburu Jauregian.

 

Martxoak 19, ostirala, 18:45ean. Leidor aretoan. Non dago Mikel?

Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas “Pitu”k zuzenduriko filmak 1985ean Mikel Zabalza nafar gaztea desagertu zeneko kontakizuna jasotzen du, Guardia Zibilak ETAko militante batekin nahasi eta atxilotu zutenekoa. Zabalza desagertuta egon zen 20 egun horietan, bertsio ofizialak eragindako mesfidantzak bultzatuta jokatu zuen euskal gizarteak, eta gizon gaztearen gorpua azkenean Bidasoa ibaian flotatzen agertu zenean, protesta ugari egin eta eztanda sozial handiak egon ziren. Zabalza torturatuta hil zela uste zuen jendeak oro har, baina inoiz ez zuten inor ez epaitu ez zigortu. 2020ko azaroan 35 urte bete dira Zabalza hil zenetik, eta bere familiak egia jakin nahian jarraitzen du.

Non dago Mikel? filmaren ondotik, solasaldia izango da torturak eta tratu txarrak Euskal Herrian 1960-2014 txostenaren egileak diren Laura Pego eta Paco Etxeberriaren eskutik,.

 

Martxoak 28, igandea, 19:00etan. Leidor aretoan. Sisiforen paperak antzerkia

Arkaitz Canok idatzia eta Fernando Bernués zuzenduriko antzezlana dugu. Antzezlaneko pertsonaietako batek dioen moduan, egunkari bat «Gerra eta Bakea bezalakoa da, baina txikian». Egunero iraungitzen den eleberri amaigabea. Munduko kaosa lau zutabetan estututa. Ez da harritzekoa bokazioak bultzatuta aritzea, kazetariena ezinezko misioa baita: egunkariko erredakzioan prekarietateari eta etsipenari aurre egiten diete eta erloju kontra dihardute zehaztasunaren eta egiatasunaren alde; bien bitartean, botereak hariak mugitzen ditu informazioa kontrolatzen saiatzeko. Ikertzea eta galdetzea kazetariaren zeregina da, baina, zer gertatuko litzateke egoera aldatu eta galdekatutakoa kazetaria bera balitz? ”Egunkari auzian” libreki inspiratutako antzezlana, kazetaritza eta bidegabeki itxi dituzten komunikabideei egindako omenaldia.

 

Bizikidetza mahaiko kideek gaur aurkeztutako egitaraua ahalbidetzeko film eta antzezlanen egile eta ekoizleen laguntza, bai eta Gipuzkoa Foru Aldundiaren eskaintza ere eskertu nahi izan dituzte.

 

“Bizikidetza elkarrekin jorratu beharreko bidea den neurrian Udaletik, ordezkari politikook gure arduren eremuan dagoena egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu, bai eta bizikidetza esparru guztietatik bultzatzeko baliabideak jartzeko konpromisoa ere. Mezu honen bitartez Tolosako herritarrak antolaturiko ekitaldietan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, bizikidetzak guztion elkarlan eta bultzada behar baititu” adierazi dute.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA