“Konpromisoa” antzezlana, erakusketak, haur antzerkia eta zinema aste honetan Tolosan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/01/18 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Hainbat kultur ekimen eskainiko dira aste honetan Tolosan: “Konpromisoa” antzezlana, erakusketak, haur antzerkia, zinema…

  • Sarrerak eskuragarri Kutxako webgunean edo Leidorreko lehiatilan.

 

 

Beste aste batez, kultur eskaintza zabala dakar Tolosak. Honakoak dira aste honetako kultur jarduerak:

Neguko kultur programazioaren baitan, urtarrilaren 22an, ostirala, arratsaldeko 19:00etan “Konpromisoa” antzezlana eskainiko dute Leidorren Joseba Apaolaza, Ramon Agirre eta Zuhaitz Gurrutxaga aktoreek, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean. Tomas eta Germanen istorioa kontatzen du Philippe Claudel autorearen obrak. Aspaldiko lagunak dira eta Germanek Tomasi laguntza eskatzen dio bere apartamentua saltzeko. Erosle batekin tratua egiteko geratu da, lortuko ahal dute hura engainatzea?

Tolosako Gazte Topaguneak urtarrilaren 21 eta 22an gurinezko gailetak egiteko tailerra antolatu du, 17:00etan Topagunean. 12-16 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimena da eta aurrez izena eman behar da @topaguneatolosa Instagram kontuan.

Bestalde, Berdintasun sailak antolatutako “Sorginak – Brujas” erakusketa ere bisitatu daiteke Aranburu Jauregian otsailaren 6 arte. XV. eta XVIII. mendeen artean “sorgin ehiza” deiturikoan izandako sarraskien inguruan hausnartzen du. Ohiko ordutegian bisitatu ahal izango da: 17:30etatik 20:30etara astearte, asteazken, ostegun, ostiral eta larunbatetan.

Beste erakusketa bat ere ikusgai dago Aranburu Jauregian otsailaren 6ra bitarte: Argizaiola argazki lehiaketaren erakusketa. 2019. Targazki argazki elkarteak antolatutako Tolosa Herria lehiaketaren 2019 urteko 39. edizioari dagokio erakusketa.

Ostegunean, urtarrilak 21, zine foruma egongo da 18:45etan Leidorren. “Beginning” filma proiektatuko da jatorrizko bertsioan, gaztelerazko azpitituluekin. Probintziako herri lasai batean, muturreko talde batek Jehovaren lekuko-komunitate bati eraso egitean gertatutakoa kontatzen du filmak.

Haur antzerkia ere egongo da aste honetan Tolosan, urtarrilaren 23an 16:00etan Leidorren. 3 eta 9 urte bitarteko haurrei zuzendutako emanaldia da, ordubeteko iraupena duena. Amama zahar batek bere bilobak bildu ditu urrutiko herrixka batean, eta hauek irmotasunaren, irudimenaren eta lanaren garrantziaz jabetu daitezen, bilobei jolas moduko proba ederra jartzea erabaki du: bakoitzarentzat etxeko objektu zahar bat aukeratu du amamak eta herentzian jasoko dutela azaldu die. Bilobetako bakoitzak objektu jakin horrekin gazteluko magia berreskuratzeko erronka izango du.

Aste honetako zine saioei dagokienez, helduentzat Martin Eden filma eskainiko da larunbatean, igandean eta datorren astelehenean 18:45etan Leidorren. Martin Eden herriko mutikoak marinel gisa lan egiten du eta, halako batean, Arthur Morse goi-mailako gaztearen bizitza salbatzen du. Eskerrak emateko, San Frantziskora gonbidatzen du Arthurrek, bere jaioterrira, eta bere bizimoduan murgiltzen da Martin. 

Haurrentzat “El Pequeño Vampiro” filma egongo da ikusgai igandean, urtarrilak 24, 16:00etan Leidorren. Little Vampire etxe sorgindu batean bizi da, munstro-talde alai batekin, baina, hala ere, aspertu egiten da. Gau batean, bulldog leialarekin batera, etxea ezkutuan utzi du, abentura eta lagun berriak aurkitzeko asmoz. 

Sarrera guztiak eskuragarri daude Kutxako webgunean edo Leidorreko lehiatilan.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA