10 aldaketa, aurtengo Inauterietarako

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/01/16 | Kultura, Festak eta Gazteria

Asteak daramatza udalak aurtengo inauterien prestaketa lanetan murgilduta. Egitarauaren xehetasun guztiak aurrerago emango badira ere, udal gobernuak aurten izango diren berritasun nagusien berri eman du. 10 dira aldaketa nabarmenenak:

Inauterietako kartela eta Kabi Alai kuttuna, herritarren aurrean

Joan den astean aurreratu bezala, aurtengo kartela eta Ostegun Gizeneko txupinazoan protagonista nagusi izaten den Kabi Alai Kuttuna herritarren aurrean aurkeztuko dira lehen aldiz, Inauteriak berehala iritsiko direla irudikatu asmoz. Kabi Alai elkartearekin elkarlanean osatu da ekitaldia eta presente izango da txaranga. Bertaratzen direnentzat kartelak banatuko dira eta ondoren kalejira izango da. Zerkausian izango da ekitaldia, 19:00etan.

Zozketa, zezen plazara txarangen atzetik sartzeko

Zezen plazara txarangen atzetik saltoka sartu ahal izateko gonbidapenak beharko dira.  Segurtasun eta aforo irizpideak errespetatuz, ohiturak ahal bezain beste mantentzea da asmoa. Zozketa bidez esleituko dira helburu horrekin jarriko diren 300 gonbidapenak, izena ematen duten herritarren artean. Aste honen amaieran emango dira xehetasun guztiak, baita sarreren salmentaren ingurukoak ere. 

Zezen plazako sarrera inguruko segurtasun perimetroa ere indartu egingo da, azken urteetan sarrerarik ez duen jende multzoekin izan diren liskarrak minimizatu asmoz. “Sarrerarik gabe indarrez sartzen saiatu izan da jendea, bultzaka, pilaketak sortuz, eta jendea arriskuan jarriz. Zezen plazako ateak puskatzera ere iritsi izan dira. Zentzuz jokatzeko dei egin nahiko genuke”, azpimarratu du Aitzol Gartzia Festetako zinegotziak.

Haur eta nerabeentzako ikuskizunak

Arratsaldeko eskaintza indartu nahian, eta azken urteotan egindako lanketarekin jarraituz, haur eta nerabeei zuzendutako ikuskizunen eskaintza are gehiago indartuko da aurten. Igandean, haurrentzako dantza eta musika ikuskizun bat izango da Alondegia plazan (euria egingo balu, Herrikide Ikastetxeko frontoi estalian). 

“Kontziente gara jende asko zezen plazara ezin sartu geratzen dela; bada jai eredu horrekin bat ez datorrenik ere. Arratsaldeko eskaintza hankamotz geratzen da zezenek irauten duten tarte horretan, eta hori indartzea izan da bilatu duguna. Proba egingo dugu aurten, ea zer nolako harrera izaten duen, eta hurrengo edizioetara begira, baloratuko dugu ea egun gehiagotan egin beharko ote genukeen”, azaldu du Goiuri Ezeiza kultur zinegotziak.

Gazteentzako Zaldunita egunean -igandea- elektrotxaranga bat abiatuko da Zezen Plazatik, 15:45ean, erdigune aldera. Astelenitan, berriz, azken urteotan egin den moduan, Gazteako DJ ibiltaria izango da kalez kale. Alondegian, berriz, kontzertu bat izango da, 17:00etan.

Txoznagunea, Trianguloan

Txosnagunearen kokalekuak errotazioa izan dezan, hirugarren gune bat definitzeko proba egitea erabaki da, Trianguloa plazarekin. Gune oso tentsionatuak dira txosnagunearen kokaleku direnak (Euskal Herria plaza eta Plaza Berria), aisialdiaren eta atsedenaren arteko orekari dagokionez, urte osoan izaten dutelako soinua. Txandakatze sistema horretan hirugarren leku batekin proba egitea erabaki da, leku bakoitzari dagokion urteen tartea denbora-espazioan are luzeagoa izan dadin.

“Kontziente gara inpaktua eragingo duela erabaki honek, erdiguneko espazio bat hartuko dutelako txosnek. Festa gunetik hurbil, ordea, ez daude halako ezaugarrietako zerbait har dezaketen espazio asko. Beste espazio batzuk ere inprobisaziorako berreskuratuko dira: aurten, zarata eta burrunbatik kanpo, Euskal Herria Plaza eta Plaza Berria talde txikien parodiak ikusi eta entzuteko gune aproposak izan daitezke”, azpimarratu du Ezeizak.

Kultur etxearen aurrean kokatuko da karpa, eta jendearen joan-etorria modu erosoan egitea bermatuta izango da uneoro. Hori horrela, Atauts eta Gaztelako arkuaren arteko bidea libre izango da, baita Rondilla kalea ere. Gainera, txarangen igoera eta jaitsierak errespetatu beharko dituzte, pasatzen joan ahala, musika kenduz.

“Argi utzi nahi genuke proba izango dela. Inoiz ez dugu jakingo ea leku hau egokia den, inoiz probatuko ez badugu. Behin inauteriak pasata, aztertuko dugu espazioaren egokitasun maila”, azaldu du Goiuri Ezeizak. Neurri gehigarriak ere hartuko dira garbitasuna eta segurtasuna indartzeko inguru horietan. Esaterako, komun gehiago jarriko dira, garanjeen sarbideak babestuko dira edota Trianguloko pasabidea itxiko da. 

Danborradaren geldialdia, Euskal Herria Plazan

Aurreko puntuari lotuta, haur danborradak Trianguloan egin ohi duen geldialdia Euskal Herria Plazan izango da. Helduen danborrada, berriz, Plaza Zaharrera joango da Rondilla kaletik.

Karrozak, elektrifikatuta

Karrozen inguruan ere bada nobedade gehiago: aurten elektrifikatutakoak bakarrik izango dute ateratzeko aukera. Jarri berri dira San Frantzisko pasealekuan hori bermatuko duten puntuak. Sistema horrek, zarata gutxiagotzeaz gain, bizikidetza arauak errespetatzen direla bermatuko du: watio kopurua gaindituta, korronterik gabe geratuko dira karrozak, baita ordutegia errespetatzen ez badute ere. Gainera, Erantzukizun zibileko asegurua izango dute hemendik aurrera karrozek, ezinbesteko baldintza izango baita hori.

Txarangen dantzaldiak, Zerkausian

Aurten, eta parte hartzen duten txarangen ordezkariek hala eskatuta, Berdura Plazan egin ohi diren txarangen dantzaldiak Zerkausira lekualdatuko dira. Azken urteetako ikusleen beheranzko joerarekin kezkatuta, bultzada bat eman nahian proposatu dute txarangek aldaketa. Modu horretara jendearentzat eskuragarriago eta ikusgarriago egin nahi dituzte. Txarangen bilkura, berriz, joan den urtean bezala, Euskal Herria Plazan egitea adostu da.

Kontzertua Plaza Berrian

Gauetako eskaintza indartu asmoz, Plaza Berrian kontzertu bat izango da, igandean, 22:30ean. “Txarangen dantzaldiak amaitu eta gaueko emanaldiak hasi bitartean, hutsune bat izaten da. Kontzertuaren asmoa hain zuzen, hori betetzea izango da”, dio Ezeizak.

Piñata igandean, zezen suzkoak

Azken urteotan zezen txikiak izan dira zezen plazan; Animalien Babeserako Legea aldatu da, ordea, eta aurrerantzean ezin dira gisa horretako ekitaldiak antolatu zezen txikiekin. Hori dela eta, egun horretan suzko zezenak izango dira Alde Zaharreko kaleetan barrena, zezen plazako bigantxen ordez. Plaza Zaharretik abiatuko dira, 18:30etik aurrera.

Aldaketa hauen guztien gertuko jarraipena egingo du udal gobernuak, eta bakoitzaren egokitasuna neurtuko du, gerora, baita herritarrekin ere.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA