100 euskal eskultoreren lana Aranburu Jauregiko erakusketa berrian

Tolosako Udala
2022/05/09 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • “Gaurko euskal eskultura”, Euskal Herriko eskultura erakusketa zabalena, Tolosan izango da maiatzaren 6tik ekainaren 4ra, eta erakusketarekin batera, hitzaldiak, bisita gidatua eta topaketa bat antolatu dira, eskulturaren artearen inguruan.

                    

Tolosan kultur jarduerak sustatzen jarraitzen du Udalak, arte diziplina ezberdinak balioan jartzen. Ostiralean inauguratu zen Aranburu Jauregian “Gaurko euskal eskultura”erakusketa, euskal eskulturaren inguruan inoiz antolatu den erakusketarik zabalena. 100 eskultore baino gehiagoren lanak biltzen ditu erakusketak eta ekainaren 4ra bitarte bisitatu ahal izango da Aranburu Jauregian, astelehenetik larunbatera 17:30etatik 20:30etara.

Eskulturaren inguruko jarduera bereziak

Erakusketarekin bat eginez, egitarau berezia antolatu du Udalak Aranburu Jauregian, eskultura hizpide hartuta. Maiatzaren 11n “Eskultura, gaur egun” hitzaldia egongo da 19:00etan eta Koldobika Jauregik, Uxue Lasak eta Guillermo Olmok hartuko dute parte. Maiatzaren 20an, aldiz, bisita gidatua egingo da erakusketan zehar, arratsaldeko 19:00etan. Ekainaren 1ean “Tolosa eta eskultura, Antxon Elosegiri omenaldia” hitzaldia egongo da 19:00etan, Rikardo Ugarteren eskutik. Azkenik, ekainaren 4an sei eskultorerekin topaketa eta eztabaida saioa izango da 18:00etan, erakusketari amaiera emateko.

Tolosarren erakusketak

Maiatzaren 6tik ekainaren 11ra, Virginia Perales tolosarraren “Pintzelekin jolasean” margolanen erakusketa ere erakusgai egongo da Aranburu Jauregian. Horrez gain, maiatzaren 6tik uztailaren 4ra Miren Gonzalez tolosarraren “Ber” erakusketa ere ikusgai egongo da Uztaritzeko tTok gunean.