2023ko San Joanetako kartel lehiaketak badu jada irabazlea

Tolosako Udala
2023/05/24 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Lehiaketan jasotako 25 lanen artean Angel Blanco Egoskozabalek aurkeztutako ‘Salbak’ lana hautatu dute epaimahaikideek  2023ko San Joan jaietarako irudi irabazle gisa.

 

San Joan egunerako hilabete gelditzen den honetan, Tolosako Udalak aurkeztu du festak iragartzeko egindako lehiaketaren kartel irabazlea. 2023ko San Joanek, beraz, badute jada irudia.

Lehiaketa joan den apirilean jarri zen martxan eta maiatzaren hasiera bitarte, guztira 25 proposamen jaso ditu Udalak, horietatik 17 gizonezkoek egindakoak eta 8 emakumeenak. Irabazlea arte, diseinu eta argazkigintzako profesionalez osatutako epaimahaiak hautatu du eta guztietatik Angel Blanco Egoskozabalek aurkeztutako ‘Salba’ deiturikoa izan da irabazlea eta,  horrenbestez, 2023ko San Joan jaietako irudia izango dena.

Erabakia hartzeko garaian, lehiaketako oinarrietan zehaztutako elementu guztiak barneratuta daudela ziurtatzeaz gain, epaimahaikideek aintzat hartu dute Blancoren proposamenak eskopeteroei egiten diela erreferentzia, festetako oinarri garrantzitsuenetako bati, alegia. Horrez gain, kartela lantzeko teknika berezia eta klasikoaren eta modernoaren arteko oreka nagusitu ditu epaimahaiak.

Egilearen hitzetan, halaber, ‘kartelak egungo homogeneizazio estetiko digitaletik eta estilo horrek eragiten duen saturaziotik bereiztea du helburu'. Horri jarraiki, Blancok kartel piktorikoagoa, artistikoagoa eta emozionalagoa aukeratu du salba zaratatsuak irudikatzeko. ‘Alde horretatik, eskuz egindako lana funtsezkoa da kartel bereizgarri bat garatzeko, emozioak eragiteko indartsua eta gogoangarria izan dadin. Tipografia esklusiboa eta pertsonala du, adhoc diseinatua, kartelaren grafikoarekin koherentea eta mezua indartzen duena, nortasun propioa definitzen duena, kartelaren estilo berezia azpimarratuz eta indartuz”, amaitu du.