Arimaz Kamera Orkestraren kontzertu sinfoniko berezia, maiatzaren 5ean, Leidorren

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/04/23 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Piano eta orkestrarako kontzertua izango da, baina obra sinfonikoa denez, ia hirukoiztu egingo da orkestrako kide kopurua, 50 musikari inguru batuz. 
  • Kontzertua 12:30ean izango da eta sarrerak dagoeneko salgai daude Kutxabankeko webgunean. 

 

Datorren maiatzaren 5ean, igandea, kontzertu berezia jasoko du Leidor aretoak, Arimaz Kamera Orkestraren eskutik. 

Piano eta orkestrarako kontzertua eskainiko du talde tolosarrak, eta eskainiko dituzten obrak sinfonikoak izanik, ia hirukoiztu egingo da oholtzan izango diren musikarien kopurua, guztira 50 kide inguru elkartuz. Arimazeko ohiko partaideez gain, Tolosako Musika Eskolako flauta, oboe, klarinete eta perkusio joleak, Musikeneko ikasle talde bat eta Irungo Luis Mariano Lirika Elkarteko musikariak batuko ditu. 

Sara Liton, Musikenen orkestra eta abesbatza zuzendaritza ikasten ari den madrildarra, izango da zuzendaria, eta pianoan bakarlari Izaro Yañez tolosarra arituko da. Yañez Loatzo Musika Eskolan hasi zen pianoa jotzen, eta Francisco Escudero Kontserbatorioan burutu zituen musikako ikasketa profesionalak. Egun bakarkako eta ganbera-musikako kontzertuak eskaintzen, beste musikariak eta koruak akonpainatzen eta irakasten jarduten du. 

Erronka bat Arimazentzat

Patxi San Sebastian, Arimazeko kideak azaldu duenez, kontzertua «erronka eta salto kualitatibo bikoitza» izango da orkestrarentzat, partaide aldetik ohikoa baino lagun gehiago batzeaz gain, doinu aldetik ere urrats bat harago joango delako; ohikoak dituen musika barroko eta herrikoietik klasizismo garaiko obrak interpretatzera egingo du salto Arimazek. 

Kontzertuari hasiera emateko Franz Schuberten ‘Rosamunde (D. 797)’ obraren zati sinfonikoak interpretatuko dituzte, eta ondoren, Clara Schumann-en ‘Piano Concerto in A minor (Op. 7)’ obrarekin jarraituko dute.

Zentzu horretan, Goiuri Ezeiza Kultura zinegotziak ere eskerrak eman dizkie egindako lanagatik: «ederra da tolosarron artean sortutako halako maila duten ikuskizunekin gozatu ahal izatea. Bide batez, eskerrak eman nahi nizkizueke Arimazeko kideoi, baita laguntzen arituko diren gainerako musikariei ere».

Kontzertua 12:30ean hasiko da eta sarrerak dagoeneko salgai daude Kutxabankeko webgunean, 12 euroko salneurriarekin. Musika Eskolako ikasleek lehen bi sarrerak 6 euroren truke eskuratu ahal izango dituzte. Egunean bertan Leidorreko lehiatilan ere eskuratu ahal izango dira. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA