-
Bi ikuskizunez gain, zinea, erakusketak etab. ikusi ahal izango dira aste honetan Tolosan.
-
Sarrera guztiak kutxako webgunean edo Leidorreko leihatilan daude eskuragarri.
Aste honetan ere hainbat kultur jardueraz gozatu ahal izango dute tolosarrek.
Otsailaren 24an, asteazkena, Arineketan proiektu musikalak hartuko du Leidor 19:00etan. Jagoba Astiazaran eta Iñar Sastre musikarien proiektu bateratua da, eta beste hiru musikariekin batera egongo dira oholtza gainean: Ainara Ortega ahotsean, Xabier Zeberio biolinean eta Agate Amilibia celloan. Abiapuntutzat hartu dituzte J.I Iztueta folklore biltzailearen 250. urteurrena eta haren “Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia” liburua; hark jasotako doinu eta hitzei ikuspuntu berri bat eman eta euskal doinu zein erritmoak oinarri dituzten sorkuntza propioak gehitu dituzte.
Ostiralean, otsailak 26, Ez Dok Ero antzezlana eskainiko du Tartean Teatroa antzerki taldeak Leidorren, arratsaldeko 19:00etan. “Mikelote eta Pantxo” bikote artistikoaren istorioa kontatzen du obrak. Bikotea desegin da, belaunaldi belaunaldi berriek hartu dutelako haien tokia. Pantxok ondo hartu du erretiroa, baina Mikelotek ez du bukaera onartu nahi. Egun batean Mikelote Pantxoren bila joango da, Euskal Herrian barrena joateko herriz herri antzeztera, “Euskal Antzerkiak Behar Gaitu” uste inozoarekin. Horrela ibilbide fantastiko bat egingo dute, hamaika abentura ero biziz.
Ostegunean zine foruma egongo da astero lez. Oraingoan “Saint Maud” filma emango da Leidorren 19:00etan, jatorrizko bertsioan, gaztelerazko azpitituluekin. Maud erizain gazteak kristau-fedea galdu du trauma ilun baten ondoren. Amanda zaintzen hasi denean, minbizia duen dantzari erretiratu bat, Mauden fedeak uste obsesibo bat piztu dio: gaixoaren arima betiko gaitzespenetik salbatu behar duela... kosta ala kosta.
Gazte Topaguneak ostegunean ere Animeari buruzko solasaldia eta serieen proiekzioa antolatu du 17:00etan. Ostiralerako, berriz, tik tok eta zeinu hizkuntzaren inguruko lanketa antolatu du. 12-16 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekintzak dira, eta aurrez izena eman behar da @topaguneatolosa Instagram kontuan.
Aste honetan hasten da Udalak antolatutako argazki tailerra. “Tolosan, koronabirusaren hilabeteetan” izenburupean hainbat proiektu fotografiko landuko dira Iñigo Royo, tailerraren arduradunaren eskutik. Ikastaroa bukatu eta gero, saiatuko dira egindako lan zati bat jendaurrean erakusten.
Bestalde, bi erakusketa daude ikusgai Aranburu Jauregian 17:30etatik 20:30etara. Inauterien inguruko “Jeiki Jeiki 2021” erakusketa martxoaren 6ra arte egongo da. Guztira 22 panel ditu eta ikusentzunezkoak ere eskainiko dira. “Itzalpeko euskal emakumeak” erakusketa apirilaren 10era bitarte egongo da. Protagonistak dira XX. mendean errepresioa eta jazarpena pairatu zuten emakume aitzindariak. Erkibe elkarteak antolatu du, Udalaren eta Foru Aldundiaren babesarekin.
Zine saioei dagokienez, aste honetan ere bi filme eskainiko dira. Haurrentzat igandean, otsailak 28, “Gatos” filma emango da 16:00etan Leidorren. Blanket izeneko katu bat apartamentu batean bizi izan da Cloak semearekin. Egun batean, Cloak-ek etxetik irtetea erabakiko du, katuen paradisu mitikoa deskubritzeko.
Helduentzako zineari dagokionez, “El padre” filma emango da Leidorren larunbatean, igandean eta datorren astelehenean 19:00etan. Annek (Olivia Colman) etxean laguntzeko kontratatu nahi dituen zaintzaile guztiak baztertu ditu 80 urteko bere aita Anthonyk (Anthony Hopkins), eta etsita dago, aitaren buruak huts egiten duela ohartzen baita.