Asanblada Feministak jaurtiko du 2018ko sanjoanei hasiera emango dien suziria

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/06/14 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Datozen bi asteburuetan Tolosako kaleek jai giroa izango dute protagonista, ekainaren 15etik 17ra eta 22tik 25era, hain zuzen.
  • Egitaraua osatzen duten 70 ekintzen artean, hainbat berrikuntza: Helduen Eguna edota Gazte Erronka tarteko.
  • Udalak 'Tolosak, EZETZ!' kanpaina jarri du abian sanjoanetarako, alkateak adierazi eran, helburu bakarrarekin: “errespetuan oinarritutako jai parekideak izatea”.

Gainean dira sanjoanak. Inoiz baino goiztiarrago aurten. Datozen bi asteburuetan Tolosako kaleek jai giroa izango dute protagonista, ekainaren 15etik 17ra eta 22tik 25era, hain zuzen. Jaien aurkezpen ofiziala gauzatu dute bezperan, Olatz Peon Ormazabal alkatearekin batera, jaien antolakuntzan diharduten talde eta eragile ugarik: Maddi Agirrezabala, kuadrillen ordezkaritzan; Idoia Eizmendi, Urdiña Txiki eskopetarien kapitaina; Idoia Mujika, Udal Musika Bandako kidea; Juan Bautista Aranzabe, Helduen Eguneko antolakuntzako kidea; Iñaki Letamendia, txistularia eta Udal Txistulari Bandako zuzendaria; eta Maria Pilar Garaialde, Asanblada Feministako kidea. Hain zuzen, guztien lana eskertuz hasi du agerraldia alkateak: “jai egunetan noski, baina batez ere aurretiazko prestaketetan eta antolakuntzan dabiltzanak ugari dira, eta mirestekoa da egiten duzuen lana”.

70 ekintzatik gora izango dira aurten, 7 egunetan zehar, publiko zabalari eta gustu guztiei zuzenduak. 2018Ko jaiek ia 135.000 euroko aurrekontua dute. Eta egunak segidan jarriaz astebete iraungo luketen jaiei hasiera emateko ardura Asanblada Feministak izango du. Jai Bilerako kideek, irekia dena, aukeratua izan da. Alkateak nabarmendu du urte 'berezia' izaten ari dela emakumeentzat eta parekidetasunarentzat 2018a: “Martxoaren 8ko plantoak inoiz baino ozenago aldarrikatu zuen gizarte berdinzalea: aukera berdinduna, generotik harago. Eta 18a da urtea ere, Emakumeen Etxearen proiektua emakumeekin bat lantzeari ekin baitiogu. Ari gara”.

Behin suziria botata, tradizio eta berrikuntza uztartzen duten jaiek hartuko dituzte Tolosako bazterrak, “adin eta gustu guztietarako ekintzak bata bestearen atzetik” azpimarratu du alkateak: “Sanjoanek badituzte mugi-ezinak diren ekitaldiak: eskopetariak, musika banda, bordondantzariak, Sanjoan bezperak eta biharamunekoak, erraldoiak...”. Kirol arlokoa da ere programazioaren zati handi bat: futbola, eskubaloia, herri kirolak, toka, tenis eta padel txapelketa, pilota... aukera ugari. Eta musika izango da protagonista nagusia suziria jaurtitzen denetik aurrera: ez da txaranga, bertsolari, txistulari, edo musika bandaren emanaldirik faltako. Dantzaldi edo kontzertuei dagokienean: Gabezin, Isidro Larrañaga akordeoilaria, Nogen, Vendetta edota Joselu Anayak. Horiek, beste hainbaten artean.

“Musikaz jardun, eta ezin da Iñaki Letamendiaz ez hitz egin”. Aurkezpenean izan da txistularia. Aurten izango dira bere azken sanjoanak Udal Txistulari Bandaren zuzendari gisa. “Ia mende erdia egin duzu bertan, errez esaten da” esan du Olatz Peon Ormazabalek, bere lana txalotuz: “Beti eskaini diozu lana, talentua eta grina txistuari, txistulari banda den mikrokosmos horri, non zuk esan bezala, ez zuk ez beste taldekideek ezin zenioten jotzeari utzi. Mila esker Tolosako musikari eskainitako bizitzagatik”.

Adinari begiratuz, sanjoanek guztientzako lekua izanen dute. Haurren kasuan, Haurren Hiria egitasmotik eratorritako San Joan su txikia eta Zumardiandiko ikuskizunak jarraipena izango dute aurtengoan, hirugarrenez. Horrez gain, Beantatuz Nazioarteko Arte Jaialdiak ere, bere zazpigarren edizioan, Haurren Hiriarekin bat egin eta aurten landu den belaunaldi-artekotasuna sustatzeko hainbat ekitaldi izango ditugu Tolosako kaleetan zehar.

Eta haurren pare, helduek ere izango dute beren eguna. Ekainaren 22an ospatuko da 'Helduen Eguna' lehen aldiz, Alondegi Plazan. Harizpe Elkarteak botako du egun honi dagokion suziria.

Plaza honetan egingo da ere Gazte Erronka estreinakoz, ekainaren 17an izanen da. Kuadrilen eguna, berriz, ekainaren 16an izango da. Ordu gutxitan agortu dira aurten ere bazkarirako txartelak. 1991ko ekainean hasitako ohitura hark 28 urte beteko ditu aurtengoan.

Eta bigarren asteburuan, ekainaren 22tik 25era luzatuko denak, San Joan eguna izango du erdigune. Bezperako suaren ondoren, udal ordezkari, erraldoi, txistulari, dantzari, kofradien... ondotik, bordondantzari eta eskopetariak ibiliko dira. Aurten, guztira, 16 konpainia irtengo dira, 2 emakume kapitaindunak, 1.300 pertsona ingururekin.

Egitarau osoa www.tolosa.eus -en kontsulta daiteke.

Jai parte-hartzaile, herrikoi nahiz berdinzaleak dira Tolosako Sanjoanak

Udalak 'Tolosak, EZETZ!' kanpaina jarri du abian sanjoanetarako, alkateak adierazi duen eran, helburu bakarrarekin: “errespetuan oinarritutako jai parekideak izatea”.

“Sexu-erasoak herriko jaiegunetan: Udal zerbitzuen betebeharrak” protokoloa prestatu zuen iaz estreinakoz Udalak eta aurten ere, eragile guztiei zabaldu zaie, honelako ekintzaren bat jazoz gero, Udalak zer nolako gidalerroa izango duen jakin ahal izateko.

Horrez gain, “Indarkeria matxistarik gabeko herri baten alde” gida kaleratu da herriko etxe guztietan banatuz, honako kasu baten aurrean zer nola jokatu jakiteko.

Bestalde, Puntu lilak eta Tolosak ezetz kartela banatu dira komertzioetan eta tabernetan. Herrian zehar dauden panel informatiboetan ere Tolosak ezetz kartelak ezarri dira.

Gaineratu ere, Joka sano pegatinak banatuko direla eta baita Tolosak ezetz! Txapak ere. Hauek Kuadrilla egunean eta eskopetarien artean banatzeaz gainera, gune publikoetan ere eskuragarri egongo dira.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA