-
“Imanol Jazz” musika emanaldia egongo da Leidorren, Udalak antolatutako beste hainbat ekimenen artean.
-
Eszena bonuarekin Tolosako Udalaren arte eszeniko eta musika egitarauko emanaldietarako 10 sarrera eskura daitezkeela gogorarazi du Udalak.
-
Ikuskizunetarako sarrerak eskuragarri daude Kutxako webgunean edo Leidorreko lehiatilan.
Tolosako Udalak, aste honetan ere, herrian kultura sustatzen eta babesten jarraitzeko hainbat kultur jarduera antolatu ditu.
Neguko kultur programazioaren baitan, aste honetan, otsailaren 3an, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan “Imanol Jazz” kontzertua eskainiko dute Ainara Ortega, Petti, Iñaki Salvador eta Karlos Gimenez musikariek. Imanol Larzabalen errepertorioko abestiak plazaratuko dituzte bi ahots eta bi pianoren bidez, jazz-eremura eramanda.
Tolosako Gazte Topaguneak otsailean ere hainbat jarduera egingo ditu baita ere. Ostiral honetan karaoke saioa egongo da 17:00etan Topagunean. 12-16 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimena da eta aurrez izena eman behar da @topaguneatolosa Instagram kontuan.
Bestalde, azken astea da berdintasun sailak antolatutako “Sorginak – Brujas” eta Targazki argazki elkarteak antolatutako “Argizaiola” erakusketaK ikusteko Aranburu Jauregian, otsailaren 6 arte egongo baitira. Ohiko ordutegian bisitatu daitezke: 17:30etatik 20:30etara astearte, asteazken, ostegun, ostiral eta larunbatetan.
Otsailaren 2an hasiko da Kultur Etxeko argazki tailerra, “Tolosan, koronabirusaren hilabeteetan” izenburupean proiektu fotografikoak garatzea helburu duena. Ekainera bitarte iraungo du eta bizi dugun gizarte egoera, etorkizunera begira, memorian mantentzeko egitasmoa da.
Astero lez, ostegunean zine foruma egongo da 19:00etan Ondina filma eskainiko da jatorrizko bertsioan, gaztelerazko azpitituluekin. Ondina historialaria da eta Berlingo hiri-garapenari buruzko hitzaldiak ematen ditu. Baina maitaleak uzten duenean, lehengo mito batek hartuko du. Traizio egin dion gizona hil eta uretara itzultzea besterik ez zaio geratzen.
Helduentzako asteburuko zine saioei dagokienez, Hope filma eskainiko da larunbatean, igandean eta datorren astelehenean 18:45etan Leidorren. Artista-bikote baten arteko harremana kolokan jarri da, bizitza lapurtzeko mehatxua egiten dion gaixotasun bat duela jakin dutenean. Zer gertatzen da maitasunarekin adin ertaineko emakume bati hiru hilabeteko bizitza iragartzen diotenean?
Haurrentzat Pinocho filma emango da igandean, otsailak 7, 16:00etan Leidorren. Pinotxo izeneko egurrezko panpinaren istorio klasikoaren egokitzapena da, hezur-haragizko haurra izan nahi duena. Sarrera guztiak eskuragarri daude Kutxako webgunean edo Leidorreko lehiatilan.
Azkenik, aipatu behar da larunbaterako aurreikusitako Ene Kantak ikuskizuna bertan behera geratu dela. Diru-itzulpen automatikoak egingo dira sarrera erositako guztiei. Diru-itzulpenak sarrerak erosteko erabilitako kontu korronte berdinera egingo dira, internetez erosi zutenen kasuan. Sarrerak Leidorreko leihatilan erosi izanez gero, bertara hurbildu beharko da (ahal denean) eta dirua itzuliko da.
Kulturaz gozatzeko Eszena bonuaren abantailak
Gogoratu Eszena bonuak online eskuratu eta ekainaren 30era bitartean erabili daitezkeela. Tolosako Udalaren arte eszeniko eta musika egitarauan biltzen diren ikuskizunetarako 10 sarrera deskontuarekin eskuratzeko aukera ematen du Eszena bonuak, antolatutako saio bakoitzerako bi sarrera gehienez. Abantaila nagusia prezioa da: 10 saiotarako bonuak 50 euroko prezioa du, hortaz, sarrera bakoitza erdi prezioan eskuratuko da.
Udalak kultur eskaintza aberatsa antolatu du aurten ere, eta herritarrek kulturaz gozatzen jarraitzeko erraztasunak eman nahi ditu Eszena bonuen bidez.