- San Joan sua piztuko da ekainaren 23an, 22:30etan eta herritarrek Andre Mari plazara gerturatu ahal izango dute. Plaza hesitu egingo da, sarrera eta irteerak zehaztu eta herritarrek sartu, sura hurbildu eta ateratzeko aukera izango dute; ezingo da sua ikusten geldirik egon.
- Udal Musika Bandaren, Udaberri dantza taldearen, Hodeiertz abesbatzaren eta Txistularien Udal Bandaren emanaldiak, 23an eta 24ean, Zezen plazan, eremu seguruan eta prebentzio neurri guztiak jarraituta egingo dira.
Aurten ere pandemiak San Joan jaien ohiko ospakizuna baldintzatuko dute eta beraz, ez dira jaiak ohiko eran egingo, Udalak eta San Joan jaietan parte hartzen duten eragileek horrela erabakita.
Martxoan hasi zen Udala eragileekin biltzen eta guztiek hasieratik argi izan dute, aurten ere, ezinezkoa zela San Joan jaiak ospatzea. Gauzak horrela, ekintza sinbolikoak baino ez dira egingo, Andre Mari plazan eta Zezen Plazan prebentzio eta segurtasun neurri guztiak zorrotz jarraituta.
Agerraldia egin dute gaur udal ordezkariek eta herriko eragileek, antolatu diren ekintzen berri emateko.
Olatz Peon Ormazabal alkateak aipatu du egoera epidemiologikoaren bilakaera kontutan izanda, hasieratik guztiek argi zutela bere horretan San Joan jaiak, aurten ere, bertan behera utzi behar zirela, “Koadrila egunik ez da ospatuko eta San Joan egunean udal korporazioa, Udal Musika Banda eta eskopetariak ez dira kalera aterako, oraindik orain, jende pilaketak ekidin behar direlako” azpimarratu du.
“Denbora honetan, zein ekintza sinboliko mantendu eta zer eta nola antolatu lantzen aritu gara eragileekin batera, egoeraren jarraipena eginda eta unean uneko neurriak kontutan izanda” baieztatu du.
“Momentu honetan, intzidentzia tasa altua dugu herrian, oso pixkanaka jaisten ari da kutsatze tasa Tolosan eta horregatik, antolatu diren ekintza guztiak, eremu seguruan eta prebentzio neurriak zorrotz jarraituta antolatu dira” azaldu du alkateak.
San Joan sua aurten herritarrekin
Inauteriekin batera, herriko jai nagusiak dira San Joanak, sentituak, sinbologia berezikoak.
“Argia ikusten hasi garen honetan, suari lotuta, gaitzak atzean utzi eta Tolosa biziberritzeko prozesuan, garrantzitsua iruditu zaigu San Joan sua herritarren parte hartzearekin egitea”; aurten beraz, San Joan sua piztuko da Andre Mari plazan, San Joan bezperan, 22:30ean eta herritarrek plazara hurbiltzeko aukera izango dute.
Plaza hesitu egingo da, sarrera-irteerak zehaztu eta tolosarrek plazara sartu, sura hurbildu, ofrenda egin edo erramua bota eta ateratzeko aukera izango dute. Iaz bezala laburra izango da, ez da ohiko eran egingo San Joan suaren piztea, eta ezingo da bertan sua ikusten geratu. Herritarrek sartu eta atera egin beharko dute, zirkuito baten moduan, jende pilaketarik egon ez dadin.
Antolatutako ekintza sinbolikoak
San Joan jaien bueltan, eragileen parte hartzearekin, ondorengo egitaraua osatu da:
Ekainak 22, asteartea:
- Solstizio kontzertua. Urkizun. Sarrera mugatua. 19:00etan.
Ekainak 23, asteazkena, San Joan bezpera:
- Andre Mari elizan bezperak. 19:30ean.
- Udal Musika Banda, Udaberri dantza taldea eta Hodeiertz. Zezen plazan. 21:00etan.
- San Joan sua. Andre Mari plazan. 22:30ean.
Ekainak 24, osteguna, San Joana eguna:
- Diana Tolosako Dultzaineroekin eta Giro Arterekin. 9:00etan.
- Meza nagusia Andre Mari elizan. 11:00etan.
- Udal Musika Bandaren eta Txistulari Bandaren kontzertua Udaberri dantza taldearekin batera. Zezen plazan. 12:30ean.
- Andre Mari elizan konpletak. 16:00etan.
Zezen plazan egingo diren emanaldietarako gonbidapenak jaso beharko dira www.kulturaplazara.eus webguneko plataformaren bitartez. Eskuragarri egongo dira ekainiaren 11etik aurrera. Guztira, 250 pertsonentzako edukiera izango dute Zezen plazako emanaldiek.
Zuhurtziaz eta erantzunkidetasunez jokatzeko deia
Udal ordezkariek eta eragileek bat eginda, aurten ere, zuhurtziaz eta erantzunkidetasunez jokatzeko deia egin diete tolosarrei.
“Elkar zaintzeko eta erantzunkidetasunez jokatzen jarraitzeko garaia da” esan dute gaurko agerraldian. “Oraindik beharrezkoa da jende pilaketak ekiditea elkar zaintzeko, horregatik, azken ahalegina egiteko eskatu nahi diet herritarrei, zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko; inauterietan erakutsi genuen badakigula eredugarriak izaten, beraz, inauterietan bezala, gozatu lagun artean eta familian, baina neurriak errespetatuz; guztiok gaude festa gogoz, elkarrekin egoteko eta gozatzeko grinaz, baina iritsiko dira horretarako egunak eta uneak,” esanez amaitu du agerraldia alkateak.