Azaroaren 30ean ekingo zaio “Bizikidetza sustatzen” ekitaldi ziklo berriari

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/11/24 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Bizikidetzaren aldeko 2022-2023 jardunaldi egitaraua azaroan hasi eta otsailean amaituko da eta guztira 4 ekitaldi jasotzen ditu, filmak, solasaldiak zein hitzaldiak, hain zuzen. Horien bitartez, Memoria, Egia eta Bizikidetzaren inguruko elkarrizketa zabala eta zintzoa gizarteratu nahi du Tolosako Udalak. 
  • Olatz Peon, Tolosako alkatea “Bizikidetza elkarrekin jorratu beharreko bidea den neurrian Udaletik, ordezkari politikoak gure arduren eremuan dagoena egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu, bai eta bizikidetza esparru guztietatik bultzatzeko baliabideak jartzeko konpromisoa ere”.

 

Urtero bezala, udazkenean bizikidetzarekin lotura estua duten bi zita garrantzitsu izaten dira,  azaroaren 10a batetik, biktima guztien memoria eguna eta abenduaren 10a bestetik, Nazioarteko Giza Eskubideena.

Bi egun horietan, biktima guztien  errespetua eta aitortza aldarrikatzen dira eta horri lotuta, aurtengoan, aurreko urteetan hasitako bideari segida emanik, Tolosako Udalak, bertan ordezkaritza politikoa duten alderdi guztien adostasunarekin bizikidetzan sakontzen jarraitzeko ekitaldi ziklo berria antolatu du.

“Bizikidetza sustatzen” lelopean, gaur goizean egindako agerraldian aurkeztu dute 2022-2023ko jardunaldi ziklo berria. Aurten, berrikuntza gisa, egitaraua aurrez aipatutako bi egun horietara mugatu ordez, hiru hilabeteetan banaturiko egitaraua izango da. Aurkezpenean izan dira Olatz Peon Tolosako alkatea, Joxe Mari Villanueva eta Andu Martinez de Rituerto.

“Bizikidetza elkarrekin jorratu beharreko bidea den neurrian Udaletik, ordezkari politikoak gure arduren eremuan dagoena egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu, bai eta bizikidetza esparru guztietatik bultzatzeko baliabideak jartzeko konpromisoa ere”, adierazi du Olatz Peonek.

Film dokumentalak eta hitzaldiak bizikidetzaren alde

Gaurkoan aurkeztutako zikloa lau emanaldiz osatuta dago. Horien bitartez, tolosarrek, lau errealitateen inguruko bidai eta elkarrizketa batean murgiltzeko aukera izango dute. Antolaturiko hurrenkeran hauek dira jorratuko diren gaiak: osasunerako eskubidea kartzela eremuan, horren ezagunak ez diren kontzentrazio esparruak, bortxazko desagerpenaren dimentsio humanoa eta torturaren bizipen sakonak.

Saio horien bitartez, Memoria, Egia eta Bizikidetzaren inguruko elkarrizketa zabala eta zintzoa gizarteratu nahi du Tolosako Udalak.

Ekitaldiak azaroaren 30ean hasiko dira eta otsaila bitarte luzatuko dira. Asteazkenetan eskainiko dira Leidor antzokian eta Udaletxeko Pleno Aretoan guztiak arratsaldeko 19:00etan.

Hemen egitarau guztia:

Azaroak 30: “Tipularen Sehaska kanta” film dokumentala eta solasaldia

2021. urtean egindako film honek presoek medikuarengana joateko, diagnostiko bat egiteko edo tratamendu bat jasotzeko dituzten zailtasunak bistaratzen ditu. Diskurtso politikotik haratago doan hizkera erabiltzen du, osasunerako eskubidetik kanpo dauden presoek bizi duten babesgabetasuna ikuspuntu emozional batetik aztertuz.

Filma euskaraz izango da, gaztelaniazko azpitituluekin eta 83 minututako iraupena izango du. Emanaldiaren ondoren zuzendariarekin solasean aritzeko aukera izango dugu.

Abenduak 14: “Los campos de concentración de Franco” hitzaldia

Hitzaldi honetan Carlos Hernández De Miguel kazetari eta ikerlariak , 2019ak argitaratu zuen “Los campos de concentración de Franco” liburuan jasotako ikerketa eta aurkikuntzak izango ditu hizpide. Egindako ikerketan, Gerra Zibilaren bukaeran milio erdi inguru preso jaso zituzten ia 300 kontzentrazio eremu frankistei buruzko dokumentazio zabala aurkitu zuen. Eta guzti horretaz sakonki hitz egingo du hitzaldi honetan.

Urtarrilak 18:  “Bolante baten historia” filma eta solasaldia

Filme dokumental honek 80ko hamarkadaren hasieran, Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen José Miguel Etxeberria Álvarez, Naparraren desagerraraztearen inguruko ikerketa eta eragindako bizipenak jasotzen ditu.

Otsailak 1: “Hirugarren koadernoa” laburmetraia eta “Bi arnas” dokumentalaren emanaldiak

Saio honetan bi filma eskainiko dira. “Hirugarren koadernoa” laburmetraiak María Dolores González Katarain Yoyesek 1980 eta 1985 bitartean, ETA utzi eta Mexikon erbesteratuta zegoela idatzi zuen egunkariaren zati batzuk jasotzen ditu.

“Bi arnas” filmak, izenak dioen bezala, bi arnasen historia kontatzen da; Iratxe Sorzabalena eta Mari Nieves Diazena, bere amarenak alegia. Biek, bakoitzak bere modura, torturak eragiten duen arnas falta sufritu dute, beste hainbat sufrikariorekin batera. Bi arnas torturaren gaineko testigantza bat da, bidegabekeria baten isla eta sekula eskaini ez den elkarrizketa bat.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA