-
Udal gobernuak inauterietako 6 festa egunen balorazio baikorra egin du: “tolosarrek beste behin beren irudimen, sormen eta inplikazioa azaldu dute, jendetza gerturatu da geurera, ez da gertaera larririk izan eta elkarbizitza eta segurtasuna hobetzeko aurtengo neurriek aurrera pauso bat ematen lagundu dute, gaia mahai gainean jarri da eta elkarlanean urratsak egiten jarraituko dugu”.
Inauterietako festa egunak amaituta, udal gobernuak, datuak esku artean, balorazioa egin du, atzo herritarrekin bileran partekatuko zutena.
Azken urteotako inauteririk jendetsuenak eta parte hartzaileenak izan dira aurtengoak, neurri handi batean, eguraldiak lagunduta. Karroza eta konpartsak, txarangak, tolosarrak, bisitariak... guztiak atera dira kalera, beste behin, tolosarren mozorroak ikusi eta txaranga doinuez gozatzera.
Tolosako eremu ezberdinetan kokatuta dauden pertsona zenbatzaileen arabera, inauterietako 6 egunetan 44.490 pertsona igaro dira herri erdigunetik, eta Triangulotik, ia 30.000. Jende gehien igandean eta astelehenean bildu da eta Renfeko eta autobus zerbitzuetako datuen arabera ere, inoiz baino jende gehiago hurbildu da Tolosara garraio publikoa erabilita.
Ostegun gizenetik hasita, jendetza bildu zen Plaza Zaharrean festari hasiera emateko. Giro herrikoia nagusi. Ostiralean Arpegiren jaialdiak 40. urteurrena ospatu zuen eta aurten lehen aldiz, danborrada argiztatu zen larunbatean. Udaberri dantza taldeak antolatuta dantzari txikien kalejira egin zen goizean eta aurten, berrikuntza modura, azpimarratzekoa izan da ere, otsailaren 14an Udaberrik Zerkausian eskainitako Euskal Herriko inauteriei buruzko ikuskizuna.
“Txarangak, mozorroak, karrozak eta konpartsak eta bereziki jendetza, izan dira nagusi, bai Zaldunitan eta baita Astelenitan ere. Gure inauterien esentziaz gozatzeko aukera izan dugu, beste behin; Astelenitan, bereziki, aisialdi taldeen eskutik. Asteartitan, betiko alborada, pattar zezena eta txaragen bilkura, besteak beste. Adin ezberdinetako pertsonak elkarrekin parte hartzen, hori da inauteria, hori da gure aberastasunik nagusiena” azpimarratu du alkateak, Olatz Peon Ormazabalek.
Beraz, “balorazioa baikorra hobetzeko kontuak badaude ere; tolosarrek beste behin beren irudimen, sormen eta inplikazioa azaldu dute, jendetza hurbildu da gurera, hainbat tabernariren balorazioa ere ona, ez da gertaera larririk izan eta elkarbizitza eta segurtasuna hobetzeko aurtengo neurriek aurrera pauso bat ematen lagundu dute, gaia mahai gainean jarri da eta elkarlanean urratsak egiten jarraituko dugu” azpimarratu du Olatz Peonek.
Esker oneko hitzak ere izan ditu inauteri egunetan eta aurretik ere lanean aritu diren pertsona guztientzat “askotan ikusten ez den sukalde lan handia dago inauterietan, udal baliabide eta zerbitzu guztiak inauteriei begira jartzen ditugu, inauterien mesedetan hainbat eta hainbat lan egiten dira eta langileen lan eta inplikazioa izugarria da: udaltzaingoa, brigada, gizarte zerbitzuak, gazteria, kultura eta festak... aurretik eta inauterietan egiten dute lanari esker guztiok gozatzen dugu inauteriez”.
Elkarbizitzaren alde pausoz pauso eta elkarlanean:
Udal gobernuaren aburuz aurtengo helburua lortu da: pertzepziotik datu objektiboetara pasatzea, neurketa zehatzak egitea eta kontzientzia hartzea “gehiengoak errespetatu ditu neurriak eta beraz, urrats bat egitea lortu da” azpimarratu dute.
Ibilbideko soinu mapa egin da iraupen luzeko neurketak eginez etxebizitzetan eta pertsonen osasunean kutsadura akustikoak nola eragiten duen jakiteko. Euskadiko Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoaren inguruko dekretuaren arabera, bizitegi eremuetan gehienez ere onartzen den muga egunez 65db-takoa da eta gauez 55db-takoa. Egunez, 16-19 orduz (neurketa eremuaren arabera, Rondilla, Euskal Herria plaza...) gainditu da 90db muga eta gauez 5-6 orduz gainditu da 65dbtakoa). Neurketak in situ ere egin dira unean uneko zarata maila ezagutzeko: tabernak, barrakak, txarangak, txosnak, karrozak eta konpartsak, besteak beste.
Gehiengoak neurriak errespetatu ditu, bereziki karrozen artean, neurketak giro onean egin dira eta herritarren aldetik jasotako erantzuna, oro har, ona izan da, 11:00etatik aurrera musika jartzeko neurria ere oso ondo errespetatu da. Dena den, batzuk 90db muga gainditu dute eta disko-konpartsa ibiltariak finko egon dira ordu erdiro mugitu behar bazuten ere.
“Aurtengo inauteriak inflexio puntu bat izan dira, eta datozen urteetan elkarbizitzaren alde lanean jarraitu behar dugu herritarrekin elkarlanean, frogatuta geratu baita 90db nahikoa dela, baldin eta guztiek errespetatzen badute muga hori eta musika ekipoen muntaketa behar bezala egiten bada; hortaz, elkar-errespetuak izan behar du lanketaren eta elkarbizitzaren oinarri nagusia” esan du alkateak.
Datorren urtera begirako lehentasunak:
Datorren urtera begira, lehentasun gisa edota jorratu beharreko lan esparru modura finkatu ditu udal gobernuak ondorengo hiruak: elkarbizitza, prebentzioa eta zezen plazako segurtasuna eta sarreren salmenta.
Gai zehatzak lantzeko bilera monografikoak egiteko asmoa azaldu du gobernuak, besteak beste, txosnako ordezkariekin kokapenaren gaia lantzeko, txarangekin zezen plazarako segurtasunaren gaia lantzen jarraitzeko, aurtengo neurriek egun batzuetan balio izan dutelako, edota aisialdi taldeekin Astelenitako antolaketaz hitz egiteko. “Gazteekin egotea ere ezinbestekoa iruditzen zaizu, baita ere, proposamen eta ideia berriak lantzeko eta festa nola bizi nahi duten eta bizi duten ezagutu eta aztertzeko” esan du alkateak.
Alkatearen esanetan “aurten inoiz baino bilera gehiago egin ditugu inauterietako eragile ezberdinekin, karroza eta konpartsatako kideekin ere bai, aldaketak ez dira egun batetik bestera gauzatzen, aldaketa orok prozesu bat darama, prebentzio mailan egindako kanpainekin ikusi dugu hori, aurten lehen urratsa egin dugu eta ezinbestean elkarlanean landu behar ditugu gaiak: musika ekipoen alokairu eta ikuskaritza, ibilbidetik kanpoko disko konpartsen antolakuntza eta kokapena, karrozak gordetzeko pabiloia eta horien erabilpena, Asteartitako ordutegia...”. “Inauterien inguruan lasai eta patxadaz hitz egin behar dugu, ez inauterien atarian, baizik eta urtean zehar eta herritarren ordezkaritzarik ahalik eta zabalena behar dugu horretarako: adineko pertsonak, helduak, gazteak, inauterizaleak, gurasoak, txarangak, karroza eta konpartsak, bizilagunak... beharrak entzun, iritzi ezberdinak mahai gainean jarri eta elkar entzutea da asmoa, elkarbizitzarako oinarriak eta baldintzak elkarrekin lantzen jarrai dezagun, elkar-errespetua oinarri hartuta, inauteriak guztionak eta guztiontzat izaten jarraitu dezaten” esanez amaitu du alkateak.