Bang Bang Tolosa zine saio ganberroaren bigarren ekitaldia larunbatean ospatuko da

Tolosako Udala
2020/03/03 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • ‘Regreso al futuro’ eta ‘Gremlims’ filmak ikusi ahal izango dira, Leidorren. Azaroko saioan egin zen bezala, photocall-a egongo da filmak oinarri hartuta mozorrotu eta argazkiak egiteko. Palomitak banatuko dira eta jokoak eta zozketak ere egingo dira.

  • Zinea bizitzeko, partekatzeko eta zineaz gozatzeko modu berri bat eskaini nahi dute Tolosako Udalak eta Bang Bang elkarteak egitasmo honekin.

 

Iritsi da Bang Bang Tolosa zine saio gamberroaren bigarren ekitaldia. Azaroan egin zen moduan, zine saio bereziaz gozatu ahalko da larunbatean, Tolosako Udalak eta Bang Bang elkarteak antolatuta. Bi film ikusi ahalko dira oraingoan ere: ‘Regreso al futuro’ eta ‘Gremlims’. Bang Bang Tolosaren bigarren saio honetan ere photocall bat egongo da, filmak oinarri hartu eta mozorrotuta argazkiak egiteko. Palomitak ere banatuko dira, eta jokoak eta zozketak ere egingo dira.

Zinea bizitzeko, partekatzeko eta zineaz gozatzeko modu berri bat eskaintzea da egitasmoaren helburua. Tolosan dagoen zine zaletasunari erantzunez, bestelako eskaintza bat egin nahi izan da Bang Bang Tolosarekin. Hala, tonu eta genero ezberdinetako bi film eskainiko dira bigarren saio honetan ere, pantaila handian eta jatorrizko bertsioan. Bi filmak ikusteko sarreraren prezioa 5 eurokoa izango da. 18:30ean hasiko da saioa.

Topaleku izan dadin

Bang Bang Tolosa egitasmoaren bidez, Tolosan dagoen zine zaletasunari erantzun nahi izan dio udalak, zinea topaleku bihurtuz, arte honen inguruko esperientziak batzeko eta esperientzia horiek taldean bizitzeko. Zine zaletasun etsigabe baten ondorioz sortu zen Bang Bang elkartea ere, zinearen pasibotasunarekin apurtu eta beste zerbaiten hasiera izateko: ideia bat, elkarrizketa bat… Hala bideratu dute elkartea, eta hala bideratzen dizute Bang Bang Tolosa bezalako ekintzak.