- Uztailaren 1etik 11ra gauzatuko dira eta Udalak izen-ematea zabaldu berri du: ekainaren 30era bitarte dago aukera.
- Parte hartuko duten gazteek Inpernuerrekako garbitokirako bidea, Larrañetako garbitokia, Larrañetako iturria, Bedaio eta Amezketako mugan dagoen zubitxoa berreskuratu eta inguruak atonduko dituzte.
- Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak adierazi du Bedaio izaera propioa duen auzoa dela: “ingurumena da Bedaioren aberastasun nagusia. Dihardugu landa auzo honetan ibilbide naturalak diseinatu eta sortzen, eta orain pauso bat gehiago, bertako ondarea berreskuratu, auzolanean lan egin, ezagutarazi eta herritar zein bisitarien esku jarriz”.
- Une honetan Tolosako Udala mendi ibilbideak berraztertzen ari da. Bedaion familientzako ibilbide motz bat garatu nahi da, 7.7 kilometro ingurukoa; egun lanketa fasean dago, eta berreskuratu nahi diren elementuak ibilbide honen osagai garrantzitsua izango lirateke.
2019ko auzolandegiek Bedaio izango dute kokaleku. Bertan, garbitokia eta bere ingurunea berreskuratzen egingo dute lan. Uztailaren 1etik 11ra gauzatuko dira eta Udalak izen-ematea zabaldu berri du: ekainaren 30era bitarte dago aukera. Auzolandegietan, euren borondatez eta ordainetan ezer jaso gabe, gazteak aldi batez elkarrekin bizi eta gizarte osoarekin zerikusia duen proiektu batean parte hartzen dute.
2002-2007 urte bitartean, biak barne, jaiotako Tolosako gazteei zuzenduta dago auzolandegia. Doakoa da, eta goizez arituko dira, 9:30-13:30 bitartean. Irteera San Frantzisko eliza pareko autobus geltokitik gauzatuko da egunero. Uztailaren 12an, ostirala, auzolandegian parte hartu duten gazteek Sendaviva parkera doan joateko aukera izango dute.
Parte hartuko duten gazteek Inpernuerrekako garbitokirako bidea, Larrañetako garbitokia, Larrañetako iturria, Bedaio eta Amezketako mugan dagoen zubitxoa berreskuratu eta inguruak atonduko dituzte.
Izen-ematea Kultur Etxean egin behar da, 10.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 19:30era. NANaren eta Seguritate sozialaren txartelaren kopiak aurkeztu behar dira izena emateko unean. Informazio gehiagorako idatzi gazteria@tolosa.eus helbidera edota deitu 943 67 03 83 telefonora.
Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak adierazi du Bedaio izaera propioa duen auzoa dela: “auzo izaera baino gehiago herri izaera du. Gipuzkoako latifundiorik esanguratsuenetakoa izan da eta bere garaian baita sagastirik emankorrenetakoa ere. Ezbairik gabe, ingurumena da Bedaioren aberastasun nagusia. Horregatik dihardugu landa auzo honetan ibilbide naturalak diseinatu eta sortzen, eta orain pauso bat gehiago, bertako ondarea berreskuratu, auzolanean lan egin, elkarlanean, ezagutzera eman, eta herritar zein bisitarien esku jarriz”.
Bedaioko Inpernuerreka Balerdi menditik jaisten da eta bera da Bedaio eta Amezketaren arteko muga ezartzen duena. Garai batean Bedaio auzoko bizilagunek garbitoki bat sortu zuten erreka bazterrean, Bedaio auzoaren parean. Egun garbitoki hau zaharkiturik dago. Bertara iristeko bidea sasiz inguraturik dago eta garbitokirako pasabidea desitxuroso geratu da pasatako urteen poderioz.
Garbitokirako bidean bada iturri bat, bertako baserriaren izena hartzen duena: Larrañetako iturria eta garbitokiak izen bera duela uste da. Iturria pasata, berehala Amezketarekin muga egiten duen zubi txiki batekin egiten dugu topo, baina zubira iritsi aurretik, eskuinetara, garbitokia dugu.
Kontutan izan behar dugu Bedaio auzoa landa-auzoa dela eta baserriak bata bestearengandik urrun aurkitzen zirela. Garbitokia beraz, emakumeen topagune bilakatzen zen, eta uste da Amezketako mugan gertuen zeuden baserrietako emakumeek ere erabiltzen zutela.
Garbitokiak oinarrizko elementuak eta zerbitzuak ziren, bizilagunen topagunean bilakatzen ziren; beraz, elementu komun bat zen. Garbitokiak, beraz, ezinbestekoak ziren eta egun interesgarria izan daiteke elementu hau berreskuratzea.
Bedaioko itzulia, amaitzear
Une honetan Tolosako Udala mendi ibilbideak berraztertzen ari da. Bedaion familientzako ibilbide motz bat garatu nahi da, egun lanketa fasean dago, eta berreskuratu nahi diren elementuak ibilbide honen osagai garrantzitsua izango lirateke.
Ibilbidearen ezaugarriak:
- Luzera: 7.7. km
- Iraupena: 2 ordu eta 30 minutu.
- Desnibela: 390 m
- Zailtasuna: ertaina
Garapena: Bedaioko plazatik ( Nagusi etxea bertan dago) atera eta errepidean zehar jaitsiko gara Gurbillaundiko bidegurutzera iristeko. Baserri horretatik, bide zaharrari ekingo diogu Zarategañera igotzen den bidea hartzeko. Nafarroako Azkarate herrira doan bidea hartu eta laster utziko dugu pagadi baten gora igotzeko Urdilleko haitzeko bidea. Elosu mendi gainaren azpitik jarraitu eta muinora iritsiko gara, metro batzuk igo eta, Balerdiren magaletik, Amezketara eramango gaituen bidearen seinalea ikusiko dugu. Berehala pagadi bat zeharkatu eta hortik behera berriro Bedaiora jaitsi ahalko gara.