Biktima guztiak aitortuak izan daitezen lan egingo dutela azpimarratu du Andu Martinez de Rituertok, Lasa eta Zabalaren hilketaren 40. urteurrenean Busoten egindako oroimen ekitaldian

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/10/07 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Tolosako alkateak nabarmendu du «senideek oraindik aitortza ofizialik gabe» jarraitzen dutela, tolosarren gorpuak aurkitu zituzten lekuan egin den ekitaldian.


Aurten, 40 urte beteko dira Guardia Zibilak Joxean Lasa eta Joxi Zabala tolosarrak Baionan bahitu, Donostian torturatu, hil eta Alacanteko Busot herrian lurperatu zituela. 

Urteurren honen testuinguruan, Egiari Zor Fundazioak omenaldia antolatu du bi tolosarrak gogora ekartzeko, gorpuzkiak aurkitu zituzten lekuan, Busoten. Ekitaldian, senideak, lagunak eta Busoteko herritarrez gain, Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok parte hartu du. «Busotera etorri gara, Lasa eta Zabalaren gorpuak agertu ziren herrira, espainiar estatuko gorputz parapolizialen indarkeria jasan zuten bi tolosarrak gogora ekartzeko, eta senide eta gertukoei babesa eta maitasuna azaltzeko», adierazi du hitza hartu duenean. 

Duela lau hamarkada bizitakoa ekarri du gogora Martinez de Rituertok: «Hilabeteetako desoseguaren ondoren, gorpuak agertu zirenean, estatu indarkeriaren gordintasuna parez pare ikusi genuen». Senitarteko eta herritarrei azken agur duina emateko eskubidea ukatu zitzaiela ere gehitu du alkateak. 

40 urte igaro dira gertakari latz horietatik, eta, gaur egun, espainiar estatuak oraindik Lasa eta Zabala ez dituela biktimatzat hartzen gogorarazi du Martinez de Rituertok. «Senideek ez dute inolako aitortza ofizialik».

Tolosak bakearen eta adiskidetzearen arloan urteak daramatza lanean, eta alkateak adierazi du hemendik aurrera ere, udalerriko biktima guztien errekonozimenduan aurrera egin dadin eta maila guztietako erakunde publikoen aldetik aitortza ofiziala jaso dezaten lan egingo duela Udalak: «Guk lanean jarraituko dugu biktima guztientzat egia, justizia eta errekonozimendua berma daitezen».

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA