Charleville-Mézièresekin senidetzean sakontzeko bisita instituzionala

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/09/22 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Frantziako udalerriko udalak, bertan ospatzen den Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdiaren aitzakian, Tolosako ordezkaritza bat gonbidatu du.

  • Tolosako hiru hezkuntza zentroekin elkartrukea egiten duen ikastetxea ezagutu eta sei hiriren kultur proiektuen berri izan dute bidaian.

 

2019tik senidetze akordioa du Tolosak Charleville-Mézières (Frantzia) herriarekin eta, lotura horretan gehiago sakontzeko helburuarekin, frantziarrek Tolosako ordezkaritza bat jaso dute. 

Andu Martinez de Rituerto alkateak, Goiuri Eceiza Kultura zinegotziak eta Garikoitz Lekuona Komunitate eta Gobernantzako teknikariak osatu dute udalaren ordezkaritza. 

Kultura, hezkuntza, gastronomia, elektromugikortasuna eta industria 4.0 dira, hitzarmenaren lan-lerro nagusiak eta, batik bat, lehen bietan zentratu dira bisita honetan.

Hasteko, Orixe, Herrikide eta Laskorain ikastetxeetako ikasleekin elkartrukea egiten duen Saint Paul Lizeoa bisitatu dute gaur goizean, beren hezkuntza proiektua bertatik bertara ezagutzeko. Hain zuzen, abenduan bidaiatuko dute bertara ikasle tolosarrek; 2024an egingo dute elkartrukearen bigarren zatia, orduan bisitatuko baitute gure herria frantziarrek. 

Txotxongiloak dira senidetzearen beste ardatzetako bat, TOPIC Zentroari esker. Bi urtez behin bertan ospatzen den Nazioarteko Jaialdiaren bat egin du bisitak, gainera. Kultur ekipamendu hainbat bisitatzeko aukera izan dute.

Arratsaldean, harrera insituzionala izan da. Boris Ravignon alkateak Tolosako ordezkariak ez ezik, beste bost hiriren ordezkaritzak jaso ditu udaletxean: Alemaniako d’Euskirchen, Dulmen eta Nordhausen, Frantziako Nevers eta Hego Koreako Chuncheon hirietakoak, hain zuzen. Hitzordu hori, herri bakoitzaren kultur proiektuak ezagutzera emateko baliatu dute.

«Honelako bisitak interesgarriak dira egiteko beste modu batzuk ezagutzeko eta esperientzia ugari elkarbanatzeko. Senidetzean lan-lerro gehiago ditugu, eta horietan gehiago sakondu nahiko genuke. Gainera, gisa honetako senidetze gehiago ditu Tolosak, Uztaritzerekin esate baterako, eta hori ere gehiago indartzea da gure asmoa, proiektu eta sinergia interesgarriak sortu baitaitezke lankidetza hauei esker», azaldu du alkateak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA