Datorren urtean ospatuko ditugu inoiz baino ilusio eta gogo gehiagorekin Tolosako Inauteriak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/02/02 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Elkar zaintzeko eta neurriak errespetatzeko eskatu diete udal ordezkari guztiek tolosarrei, datorren urtean guztiok ospatu ahal izan ditzagun inauteriak.

 

 

Eremu gorrian sartuta hasi du urtea Tolosak eta Gabonen ondorioak pairatzen ari garen honetan oraindik ere jende pilaketak ekiditea funtsezkoa izaten jarraitzen du herritarren segurtasuna, osasuna eta ongizatea bermatzeko.

Elkar zaindu dezagun datorren urtean elkar ikusteko

Inauteriak oso jai bereziak izaten dira tolosarrontzat, baina aurten ezinbestekoa da erantzunkidetasunez, zuhurtziaz eta elkartasunez jokatzea, tolosar guztion osasuna bermatzeko; hori baita lehentasun bakarra momentu honetan egoerari aurre egiten jarraitu ahal izateko. Era berean, kale hezitzaileak ere ibiliko dira kalez-kazle babes neurriak herritarrei gogorarazten.

Ezin ahaztu dezakegu bidean hainbat senitarteko, lagun eta herritarrek utzi gaituztela, horregatik, aurten elkar zaindu behar dugu, elkar babestu, datorren urtean guztiok ospatu ditzagun 2022 urteko inauteriak.

Horregatik, udal ordezkari guztiek bat eginda, tolosarrei eskatu diete neurriak betetzeko, indarrean dauden jarraibideak errespetatzeko eta gizarte harremanak mugatzeko; jende pilaketak edota osasunerako arriskutsuak izan daitezkeen egoerak ekidite aldera.

Herri honek erakutsi du momentu zailenetan elkartasunez jokatzen badakiela, eta horregatik, berriz ere, elkartasun berarekin jokatzeko deia egin diete udal ordezkariek tolosarrei, momentu honetan, babes neurriak betetzea ezinbestekoa delako.

Horren harira, indarrean dauden neurriak gogorarazi dituzte:

  • Musukoa derrigor eta modu egokian erabiltzea eta eskuak maiz garbitzea.

  • Pertsonen arteko distantziak mantentzea eta bizikidetza unitatetik kanpo 4 pertsona baino gehiago ez elkartzea.

  • Elkargune pribatuak itxita mantentzea.

Zaintza eta prebentzioa tolosar guztien osasun eta segurtasuna bermatzeko

Udalak zaintza lanak egingo ditu ostegunetik asteartera neurriak errespetatu daitezen arreta berezia jarrita jende pilaketak izan daitezkeen eremuetan.

Prebentzio alorrean ere, ikastetxeekin elkarlanean kontzientziazio lanak egingo dira datozen egunetan, ikasleek jai izango dutelako. Ere berean, gutuna bidaliko zaie herriko zein eskualdeko guraso guztiei, kontzientziazio eta prebentzio ikuspegi horretatik.

Garraio publikoari dagokionez, beste urteetan zerbitzuak areagotu izan dituztenez, Udala Renfe eta Lurraldebus-ekin harremanetan jarri da, ohiko ordutegia mantendu dezaten.

Momentu honetan, herria perimetralki itxita badago ere, egoera aldatu daiteke, eta horregatik, inguruko zein Gipuzkoako gainerako herrietako biztanle guztiei eskatu diete Tolosara ez etortzeko, jairik ez dagoelako eta jairik egongo ez delako.

Amaitzeko, hainbat tolosarrek jai izango dutenez, kultur eskaintza indartu egingo da, kiroldegia zabalik egongo da eta Topagunea ere bai, gazteei tailer ezberdinak eskaintze asmoz.


 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA