- Lan esparrua eta etxebizitza dira 11 gomendio horien oinarri nagusiak eta horien bitartez, gazteek emantzipatzeko dituzten zailtasunei irtenbidea jartzeko proposamen desberdinak jaso dituzte prozesuko parte diren erakundeek.
Egungo gazteek emantzipazio prozesuan dituzten beharrak eta kezkak aztertzeko jaio zen Gazteparte proiektua, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Arantzazulab-en, Donostiako Udalaren, Aztiker Ikergunearen eta Asmoz fundazioaren arteko elkarlanean.
Helburu nagusia, hain zuzen, emantzipazioari loturiko politika publikoen inguruan gazteen iritzia ezagutzea eta egoera aztertzea izan da. Horretarako, lehen urrats gisa inkesta bat jarri zen 18 eta 30 urte bitarteko gazteen eskura eta guztira, 3.000 gipuzkoarren erantzuna jaso zen. Emakumezkoak izan ziren, kasu honetan, gehien erantzun zutenak (%72) eta adinari erreparatuta, erantzunen %63a, 25-30 urte bitarteko gazteenak izan ziren.
Ezjakintasuna eta erraztasun falta, emantzipaziorako muga nagusiak
Inkestan parte hartu duten 113 gazte tolosarren erantzunetan sakonduz, %18a soilik dago emantzipatuta eta %74ak bost urteko epean emantzipatuta egoteko desioa azaldu du. 113 gazte horietatik, %65ak du lana gaur egun.
Zailtasunen bidean, emantzipaziorako erraztasun eza izan da bere kabuz bizitzen hasteko aipatu duten muga edo oztopo nagusia (%85) eta horri lotuta, alokairurako diru laguntza programen inguruan ezjakintasuna ere nagusi da gazteen artean; hala adierazi dute inkesta erantzun duten gazteen %74ak.
Inkesta horren bitartez gazteek egin dituzten proposamenak landu eta mamitzeko, parte hartze prozesu bat egin da, ausaz aukeratutako 15 gazterekin. Aurrez aurreko lan saio batzuk egin dituzte, esate baterako, joan den larunbatean Tolosako kultur etxean; atzo arratsaldean, berriz, landutakoa aurkeztu zieten erakunde publikoei -Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostia eta Tolosako Udalei, Donostian egindako saioan.
11 gomendio, emantzipazioa errazteko
Guztira 11 gomendio helarazi dizkiete Gazteparte proiektuan parte hartu duten gazteek erakunde publikoei. Bi multzotann banatzen dira: lan esparruari eragiten diona, batetik; eta etxebizitzari loturikoa, bestetik. Honakoak dira gomendioak:
Lan esparrua
-
Tokiko lan eskaintzen eta eskarien plataforma sortzea, harremanak errazteko.
-
Lan informaziorako eta orientaziorako laguntza eskaintzeko bulegoa sortzea: aholkularitza, baliabideak prestatzeko ereduak, lan sistemari buruzko informazioa: nominak nola ulertu, zergak, autonomoak, fakturazioa…
Etxebizitza
Kasu honetan bederatzi gomendio dira, bi multzotan banatuta
Egungo sisteman eragiteko neurriak
-
Alokairuak legez erregulatzea eskatzea Jaurlaritzari: prezioen maximoak jartzea, Emantzipa bezalako laguntzak adina jaitsi/igoz (18-30) sustatzea, irabazien eta pisuarengatik ordaintzen denaren arabera erregulatzea laguntzak; alokairu prezioak erregulatzeko irizpidea soldaten %-a izatea, etxebizitza negozio logikatik ateratzea…
-
Turismo etxebizitzak mugatzea eta ez dauden lekuetan neurri prebentiboak hartzea.
-
Udalerria gune tentsionatu izendatzea, alokairuaren prezioan eragiteko eta eskaintza eta eskariaren erregulazioa bultzatzeko.
-
Egungo diru laguntzen eta etxebizitza tasatu/sozialen irizpideak bizi estilo eta aukera ezberdinetara egokitzea, esaterako, bikoterik ez duten gazteen errealitateetara.
Etxebizitza aukera eta proiektuak bultzatzeko aukerak
-
Etxebizitza proiektu publiko komunitarioak: gazteak eta adinekoak batzen diren etxebizitza proiektuak (Usurbilgo Txirikorda proiektua eredu gisa).
-
Herri txikietan etxebitzita proiektuak sortzeko aukerak eskaintzea.
-
Edozein etxebizitza proiektutan gazteentzat kuota bermatzea, gazteen bizi estilo, aukerak eta moduetara egokituta.
-
Etxe hutsen merkaturatzean neurriak hartzea: etxe hutsak mobilizatzeko alokairu proiektu publikoak sortu, adibidez.
-
Gazteek politiketan lehentasuna izatea (Donostiari zuzenduta): gazteak erdigunean, irizpidea eta markoa erabili, edozein proiektu aurrera eramateko orduan.
Tolosako Udalak gazteen iritzi eta proposamenak lantzeko asmoa azaldu du. Halaxe argitu du Aitor Agirresarobe, Gazteria zinegotziak: «Udal eskumenekoak diren esparruetako gaiei heltzeko asmoa dugu. Are gehiago, egin dituzten proposamenetako batzuk dagoeneko bideratzen hasia da Tolosako Udala, eta epe laburrean nobedaderen bat izatea espero dugu; beste neurri batzuk, ordea, epe luzeagoak eskatzen dituzte, baina horiei ere heltzeko asmoa dugu, etorkizunera begira ditugun helburuekin bat egiten baitute», amaitu du.