-
Udala herriko 3 ikastetxeekin bildu da beren beharrak gertutik ezagutzeko eta beren eskariei erantzuteko.
-
Gauzak horrela, ikastetxeek herriko parke eta plazak zein udal eraikinak erabili ahal izango dituzte eskola orduetan besteak beste, Elosegi parkea, Usabal kiroldegia, Berazubiko frontoia, Musika Eskola edota Kultur Etxea.
-
Olatz Peon Ormazabal: “urte eta ikasturte berezia izango da guztiontzat eta laguntzeko gaude, ikastetxeek beharrezkoak dituzten baliabideak beren eskura jartzeko, ikasle zein irakasleen segurtasuna bermatu eta eskolak baldintzarik onenetan eman ditzaten”
Covid-19a dela eta, 2020-2021 ikasturtea berezia izango da ikasle zein irakasleentzat. Udalak hainbat bilera egin ditu herriko 3 ikastetxeekin, izan zitzaketen espazio-beharrak ezagutzeko eta beren eskariak entzun eta horiei erantzuteko.
Alkateak azaldu duenez, “ikasturtea hasi aurretik hainbat bilera egin ditugu herriko ikastetxeetako zuzendariekin beren beharrak gertutik ezagutzeko eta gure laguntza eskaintzeko”. Egungo egoeran, elkarlanean aritzea ezinbestekoa dela azpimarratu du alkateak, ikasturteari berme guztiekin aurre egiteko. Horregatik, “hasieratik laguntzeko prestutasun osoa azaldu diegu, udal baliabideak eta espazio eta eraikin publikoak erabiltzeko aukera eskainiz”.
Gauzak horrela, ikastetxe bakoitzaren beharrak kontuan izanik, eremu eta eraikin ezberdinak erabiltzeko aukera eskaini zaie ikastetxeei eta bakoitzak espazio horien erabilerari buruzko plangintza zehatza egin du. “Ikastetxe bakoitzak zein eremu erabiliko duen, zein ordutan, zein talderekin eta noren ardurapean zehaztu digu” azaldu du Olatz Peonek.
Tolosako Udalak ondorengo espazio publiko eta udal eraikinak jarri ditu ikastetxeen eskura eskola orduetan: Elosegi parkea, Amarotzeko baso eskola, Usabal kiroldegia, Berazubi auzo elkarteko lokala, Berazubiko frontoia, atletismoko estalpea, Amarotzeko auzo etxea, Zabalarreta parkea, Agaramundu parkea, Izaskun auzoko parkea, Iurramendiko Baratzeen alboko eremua, Musika Eskola, Kultur Etxea, Alondegia plaza eta San Esteban auzoko parkea.
Eusko Jaurlaritzak eskola eta jarduera gehienak aire librean egiteko gomendioa luzatu du eta horregatik, udalak, herriko parke eta plazen erabilera baimendu du eskola orduetan; eguraldi txarra egiten duenean, espazio estaliak erabili ahal izango dituzte, hala nola, Musika Eskola edota Kultur Etxea.
Halaber, alkateak jakinarazi du Uzturpeko teilatua berritzeko lanek iraun bitartean, estalki bat jarriko dela eskolako jolastokian Lanbide Heziketa ikasle zein irakasleen erabilerarako.
Horregatik, udalak tolosarrei jakinarazi nahi izan die eskola orduetan espazio publiko horien erabilera egingo dutela herriko ikastetxeek. “Tolosarrei arduraz jokatzeko eta eskola-talderen bat eskola orduetan espazio horiek erabiltzen ari bada errespetatzeko eta ulertzeko eskatzen diet” adierazi du alkateak.
“Urte eta ikasturte berezia izango dira guztiontzat eta laguntzeko gaude, ikastetxeek beharrezkoak dituzten baliabideak beren eskura jartzeko, ikasle zein irakasleen segurtasuna bermatu eta eskolak baldintzarik onenetan eman ditzaten” esanez amaitu du Olatz Peon alkateak.