Euskal Barrokensembleren kontzertua eta beste hainbat kultur jarduera aste honetan Tolosan

Tolosako Udala
2021/02/15 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Aste honetan ere kultur eskaintza aberatsa antolatu du Udalak, herrian kultura sustatzen eta babesten jarraitzeko: kontzertua, erakusketa, zinea, etab.
  • Sarrera guztiak kutxako webgunean edo Leidorreko leihatilan daude eskuragarri.

Beste aste batez, hainbat kultur jarduera izango dira Tolosan herritarren eskura. Jarraian dago horien inguruko informazioa.

Otsailaren 17an, asteazkena, Euskal Barrokensemblek kontzertua emango du Leidorren 19:00etan. 2006an Bilbon sortutako antzinako musika jorratzen duen taldeak Juan Sebastian Elkanoren figura oinarritzat hartuta egitarau berri bat aurkezten du, euskaldun unibertsal horri emanaz bere garaiko munduan zehar bidaia musikal bat egingo duen itsasontzi honen agintea. Taldearen bereizgarri nagusienak dira freskotasuna eta antzezpen itxiak, baita ikuspegi pertsonaletik ematen dioten garrantzia inprobisazioari eta garai desberdinetako musika berregiteari.

Ostegunean, otsailak 18, zine foruma egongo da astero lez. Oraingoan “Sin señas particulares” filma emango da Leidorren, jatorrizko bertsioan, gaztelerazko azpitituluekin. Magdalenak ez du ezer jakin semeaz hilabetetan, Estatu Batuetako muga zeharkatzeko bere herritik alde egin zuenetik. Agintariek heriotza-ziurtagiria sinatzea nahi dute, baina semea galdu zuten guraso batzuekin topo egin du, eta Mexikon zehar hasten du bere odisea semearen bila. Bidean Miguel ezagutzen du, duela gutxi erbesteratu duten mutikoa.

Gazte Topaguneak ostegun eta ostiralean sukaldaritza tailerra antolatu du, 17:00etan. 12-16 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekintza da, eta aurrez izena eman behar da @topaguneatolosa Instagram kontuan.

Aranburu Jauregian Udalak “Jeiki Jeiki 2021” erakusketa antolatu du inauterien inguruan eta martxoaren 6ra arte egongo da ikusgai, 17:30etatik 20:30etara beheko solairuan. Guztira 22 panel ditu garai bateko zein egungo irudiekin inauterien bilakaera ikusteko, eta ikusentzunezkoak ere eskainiko dira.

Aipatu behar da baita ere, ostiralean Nøgen taldeak eman beharreko kontzertua bertan behera geratu dela. Udazkenera atzeratu da eta sarreren zenbatekoa automatikoki itzuliko da erositako bide beretik, leihatilan bertan edo interneten.

Zine saioei dagokienez, aste honetan ere bi filme eskainiko dira. Haurrentzat igandean, otsailak 21, “Fritzi, un cuento revolucionario” filma emango da 16:00etan Leidorren. Hanna Schotten haurrentzako liburuan oinarrituta, animaziozko film honek Fritzi laugarren mailako ikaslearen istorioa kontatzen du, Ekialdeko Alemaniako Leipzig hirian, 1989ko udan. Helduentzako zineari dagokionez, “23 paseos” filma emango da Leidorren larunbatean, igandean eta datorren astelehenean 19:00etan.

 

Antzerki tailer berria

Udalak antzerki ikastaro labur berri bat antolatu du antzerkigintzan murgildu nahi dutenentzat. Asteazkenetan izango da 19:30etatik 21:00etara Kultur Etxean. Martxoaren 3an hasiko da ikastaroa eta ekainaren 16ra bitarteko iraupena izango du. Honakoak dira prezioak: tolosaldekoek 32,75 euro ordaindu beharko dituzte eta gainontzekoek 49,12 euro. Kultur Etxean eman daiteke izena 943 67 03 83 telefonora deituz edo kultura@tolosa.eus helbidera mezu bat idatziz.

 

Ahoz Aho jaialdia

Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia otsailaren 18tik martxoaren 13ra egingo da aurten. Urtero bezala, Euskal Herriko artistekin batera nazioarteko hainbat kontalarik ere parte hartuko dute, eta ahozko kontakizunarekin batera magia, bertsoak eta antzerkia ere uztartuko dituzte. Ikastaroak ere egongo dira.