Gaueko aisialdian elkarbizitza sustatzeko esku-hartzeak egingo ditu Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/10/27 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Nerabe eta gazteen alkoholaren kontsumoaren ondorioak gutxitzea eta tolosarren arteko elkarbizitza sustatzea izango dute helburu.

  • Gazteak biltzen diren lekuetara joango dira hezitzaile profesionalak, alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoak eragindako ondorio eta arriskuei buruz sentsibilizatzeko, eta droga-menpekotasunari eta arriskuen murrizketari lotutako materiala banatuko zaie.

 

 

Asteburuetan gaueko aisialdiari lotuta hainbat unetan tolosarren arteko elkarbizitza apurtu egin da azken denbora honetan. Hori horrela, Udalak gaueko aisialdian elkarbizitza sustatzeko esku-hartzeak egingo ditu.

Tolosako aisialdi guneetan alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoari lotutako arriskuak prebenitzea eta murriztea dute helburu esku-hartzeek, tolosarren arteko elkarbizitza sustatzeko eta gatazkak ekiditeko. Urriaren 30ean eta azaroaren 20an egingo dira nerabe eta gazteei zuzendutako lehen esku-hartzeak Tolosan, Sasoia elkartearen eskutik, eta beste bi ere egingo dira urte amaiera bitarte.

Esku-hartzeek hiru helburu nagusi dituzte: alde batetik, nerabe eta gazteen artean edari alkoholdunen kontsumoaren normaltasun eta mitoekin apurtzea, bestetik, alkohol kontsumoaren prebalentzia murriztea gazteen artean bereziki, eta, azkenik, alkoholaren gehiegizko kontsumoa eta mozkorraldiak murriztea, alkoholaren kontsumoaren ondorioz eratorritako jarrera oldarkorrak txikitzea eta pertsonaren autokontrola sustatzea.

Sentsibilizazioa eta informazioa

Hezitzaile profesionalak gazteak biltzen diren lekuetara joango dira, alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoak eragindako ondorio eta arriskuei buruz sentsibilizatzeko, eta horrela, biztanle gazteenek eta kalteberenek kontsumo horiek saihestu ditzaten laguntzeko, eta arazo publiko bihurtzen diren ordutegiak, datak eta lekuak saihesteko.

Batetik, nerabe eta gazteei alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoaren prebentzioan sentsibilizatzeko informazioa emango zaie eta alkoholemia probak egingo dira profesionalen irizpideen arabera. Bestetik, droga-menpekotasunari eta arriskuen murrizketari lotutako materiala banatuko zaie, hala nola, erabilera bakarreko alkoholimetroak, alkohol- kontsumoaren prebentzioari buruzko informazio-liburuxkak eta preserbatiboak. Prozesu eta material guztietan genero-ikuspegia erabiliko da eta berdintasuna landuko da zeharkakotasunez.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA