Gaur irekiko ditu ateak Gazte Topaguneak

Tolosako Udala
2020/09/10 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Segurtasun protokolo zorrotz batekin eta egungo egoerara egokituta hasiko da ikasturtea.

  • Topagunera joan nahi duten gazteek aurrez abisua eman beharko dute hezitzaileekin harremanetan jarriz. Gehienez ere 20 gazte egon ahalko dira une berean Topagunean.

 

Gaur hasiko da ikasturte berria Gazte Topagunean. Segurtasun protokolo zorrotz batekin eta egungo egoerara egokituta, gazteen zein hezitzaileen osasuna babesteko. Hala, Topagunera joan nahi duten gazteen aurrez jakinarazi beharko dute, hezitzaileekin harremanetan jarriz. Horretarako, 605706937 telefonora deitu beharko da, edo kultur etxeko harrerako pertsonari jakinarazi beharko zaio, hark hezitzaileei jakinarazteko. Instagram bidez ere jarri ahalko da hezitzaileekin harremanetan, @topaguneatolosa helbidetik. Galarazita egongo da Topagunearen sarreran zain egotea, segurtasun arrazoiengatik.

Aldi berean ezingo dira 20 gazte baino gehiago egon Topagunean. Bertara sartu aurretik, gainera, fitxa bat bete beharko du gazte bakoitzak, honako datuekin: izen-abizenak, ikastetxea eta harremanetan jartzeko telefono zenbaki bat. Gazte bakoitza Topagunera zein ordutan joan den ere apuntatuko dute hezitzaileek. Modu horretan, Covid-19 kasuren bat emanez gero, protokoloa modu eraginkorrean jarri ahalko da martxan.

Horrez gainera, nerabe bakoitza ordubetez egon ahal izango da Topagunean, norbait sartzeko zain badago hari lekua egin eta Topagunera joan nahi duten gazte guztiek horretarako aukera dutela bermatzeko. Topagunean antolatutako eremuak eta txokoak erabili aurretik, hezitzaileei jakinarazi beharko zaie pilaketak saihesteko eta erabilitako materiala desinfektatu dela ziurtatzeko.

 

Protokolo zorrotza jarraituko da

Gazte Topagunearen irekierarako eta bertan parte hartzen duten gazteen zein hezitzaileen osasuna babesteko, jarduteko protokolo zorrotza osatu du Tolosako Udalak. Hala, ahal den neurrian, ekintzak aire zabalean egingo dira. Barruan egin behar diren kasuetan, berriz, espazioak sarri aireztatuko dira.

Horrez gain, sarrerak eta irteerak mailakatu egingo dira, eta ekipamendu barruan zirkulatzeko neurriak zehaztu dira, pertsonen arteko segurtasun distantzia bermatzeko. Derrigorrezkoa izango da zehaztutako zirkulazio neurriak jarraitzea. Topagunera joaten diren gazteek une oro musukoa jarrita eduki beharko dute, eskuak sarri garbitu, eta erabilitako materiala desinfektatu beharko dute.

Ekintza guztietan bi metroko distantzia mantenduko da nerabeen artean, ekintzak egingo diren lekuetan eta leku komunetan eskuak zein materiala desinfektatzeko beharrezko materiala egongo da, eta janaria eta ekintzetako materiala ezingo dira partekatu.

 

Irekiera jaia urrian

Gazte Topagunea martxan gaur jarriko bada ere, urtero egin ohi den irekiera jaia edo ekitaldia atzeratu egingo da aurten, eta urrian egingo da. Gaur egungo egoera kontuan hartuta, zuhurtziaz jokatu nahi du Tolosako Udalak, eta horregatik erabaki da ekitaldiaren data atzeratzea. Aurrerago jakinaraziko da ekitaldia noiz eta nola egingo den.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA