Gazteen auzolandegietan landutakoa, begi bistan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/07/11 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Iurramendiko baratze parkean bi talde aritu dira lanean, eta egurrezko etxolaren kanpoaldea konpondu, eserlekuak sortu eta landaketak egin dituzte.
  • Beotibar pilotalekuaren kanpoaldean ere beste bi mural sortu dituzte bi taldek.

 

Bihar amaituko dira Tolosako Udalak antolatutako gazteen auzolandegiak. Guztira 63 gaztek parte hartu dute aurten, bost taldetan banatuta. 

Hiru alorretako auzolandegiak izan dira: indusketak eta abentura uztartu dituen astebeteko auzolandegi itxiak Irulegi eta Murillo de Gallegon; naturarekin lotutako auzolandegi irekiak Iurramendiko baratze parkean; eta muralak egiten ikasteko auzolandegi artistikoak. Azken bi horien kasuan, bina talde aritu dira, bat joan den astean, eta beste bat aste honetan.

Lehen aldi aberasgarria

Lehen aldiz antolatu ditu Udalak auzolandegi itxiak, eta parte hartzaile eta begiraleen lehen balantzea oso ona izan da. 13 laguneko talde batek parte hartu du, eta giro ederra izan dute aste osoan. 

Irulegin bertan indusketa lanak egin dituzte, Aranzadiko aditu talde baten laguntzarekin, eta Loarreko gaztelua eta San Juan de la Peña bisitatzeko aukera ere izan dute. Multiabentura ekintzak ere egin ahal izan dituzte: raftinga eta barrankismoa, esate baterako.

Esperientzia bikaina

Tolosan bertan egin diren bi auzolandegi irekietan parte hartu dutenek ere esperientzia ona bizi dutela azpimarratu dute, baita bidelagun izan dituzten Gazte Topaguneko begiraleek ere. Artearekin lotutako auzolandegietan parte hartu duten bi taldeek –20 lagun– mural bana sortu dute, Alaia Gaztelumendi eta Eñaut Irribarrez artistek gidatuta, Beotibar pilotalekuaren kanpoaldeko paretetan. Horma irudietako batek pilotari egiten dio erreferentzia, mosaiko eta pintura teknikak erabiliz. Besteak, berriz, inguru hori Kerik Gabeko Gune izendatua dela kontutan hartuta, naturarekin du zerikusia.

Ingurumen auzolandegietako bi taldeak –30 lagun– Iurramendiko baratze parkean aritu dira lanean. Espazioa hobetzeko lanak eta baratzegintzan sakontzeko jarduerak uztartu dituzte. Hala, trasteak gordetzeko erabiltzen den egurrezko etxola lixatu eta bernizatu dute, eta egurrezko eserlekuak sortu dituzte baratzeetako erabiltzaile edo Iurramendi egoitzako egoiliarrentzat eta haien senideentzat. Horrez gain, baratzeko lanak nolakoak diren ezagutu dute, eta lurra lantzeko eta zenbait landare landatzeko aukera izan dute.

Auzolandegi hauen guztien helburuak izan dira harremanak sortzea, lan ezberdinak ezagutzea eta praktikan jartzea, eta ondo pasatzea. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA