Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa igandean Usabal kiroldegian

Tolosako Udala
2019/11/26 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Beñat Lizaso Alberdi, Haritz Mujika Lasa, Iban Urdangarin Lardizabal, Jokin Uranga Isuskiza, Jon Maia Soria eta Oihana Iguaran Barandiaran neurtuko dira 17:00etatik aurrera.

  • Titirijai Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren barruan antolatutako ikuskizunek eta saioek ere aurrera jarraitzen dute, igandera arte

 

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa jokatuko da igandean Usabal kiroldegian. 17:00etan hasita, eta Saroi Jauregi Aiestaranek aurkeztuta, Beñat Lizaso Alberdi, Haritz Mujika Lasa, Iban Urdangarin Lardizabal, Jokin Uranga Isuskiza, Jon Maia Soria eta Oihana Iguaran Barandiaran neurtuko dira finalerako pasea lortzeko. Saiorako sarrera guztiak salduta daude.

Kultur arloko beste zita garrantzitsu bat Titirijai Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia da. Aurreko larunbatean hasi zen, eta igande honetan, abenduak 1, amaituko da. “Hubo”, “Alicia y las ciudades invisibles” eta “Vida” lanak ikusi ahalko dira Topic-en, haurrentzako emanaldiak egongo dira Leidorren, eta Emeterio Arresen, Plaza Berrian, Zerkausian, eta Euskal Herria plazan egingo diren saioez ere gozatu ahalko da. Helbide honetan kontsulta daiteke programa guztia: Titirijai.

Hileko azken larunbata da aste honetakoa, eta, beraz, Tolosa Kantari egitasmoa ere egingo da.

Emakume atzerritarren parte hartze eta ahalduntze prozesua

Tolosako Udaleko Berdintasun sailak eta Jatorkin Al-Nahda elkarteak antolatuta, “Emakume atzerritarren parte hartze eta ahalduntze prozesua” hitzaldia egingo da ostiralean, 18:00etan, udaletxeko areto nagusian. Zoubeida Foughali, Hakima Abdoun, Narimene Mouaci Bahi, Nasara Iahdih Said, eta Mena Souilem aktibistek parte hartuko dute.

Oargiko Boulder Txapelketaren X. Edizioa eta Euskal Herriko igeriketa txapelketa

Oargiko Boulder Txapelketak X. edizioa beteko du asteburuan. Oargi mendi elkartean ospatuko da, bi mailatan banatuta: gazteen izen emateak 09:30ean hasiko dira, eta 10:15ean hasiko da txapelketa; nagusienak 15:30ean eta 16:00etan, hurrenez hurren.

Kluben arteko Euskal Herriko igeriketa txapelketa ere jokatuko da asteburuan Usabal kiroldegian. Larunbatean goizean jokatuko dira saioak, 10:30etik aurrera, eta igandean, arratsaldean, 17:00etatik aurrera.

Agenda osoa agenda.tolosa.eus helbidean kontsulta daiteke.