Haurren Hiria ekimenak mugikortasun eredu berrietan sakontzen jarraitzen du bere bosgarren ikasturtean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/04/03 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Jada burutu dituzte urteko 6 saioetatik 4. Guztira Tolosako Laskorain, Samaniego eta Herrikide ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. maila arteko 43 haurrek osatzen dute 2018-19 ikasturteko Haurren Kontseilua. Datorren maiatzean borobilduko dute ikasturtea Mintzatxokoarekin.
  • Orain arteko 4 saioetan mugikortasunarekin lotutako egoera ezberdinetan kokatu dira haurrak, bertatik, beren esperientzia oinarri, ondorioak atera eta neurri ezberdinak proposatzeko.
  • Tolosako Udala Mugikortasun Jasangarri eta Berdintasunerako Plana (Tolosako MJBP) garatzen ari da 'Tolosa Badabil' izenburupeko lan-dinamikaren bitartez. Bertan Lan Mahai bat dago eratua, eta Haurren Hiriako emaitzak eta ekarpenak ere bertan ari dira lantzen.
  • Argazki galeria amaieran.

Haurren Hiria, politika publikoetan haurren parte-hartzea sustatzen duen herri-ekimena, ikasturtea amaitzear da. 'Mugikortasuna' izan dute gaitzat eta jada burutu dituzte urteko 6 saioetatik 4, Mintzatxokoa eta bere prestaketaren saioa egiteke dituztelarik. Guztira Tolosako Laskorain, Samaniego eta Herrikide ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. maila arteko 43 haurrek osatzen dute 2018-19 ikasturteko Haurren Kontseilua.

Tolosako Udala Mugikortasun Jasangarri eta Berdintasunerako Plana (Tolosako MJBP) garatzen ari da 'Tolosa Badabil' izenburupeko lan-dinamikaren bitartez. Bertan Lan Mahai bat dago eratua, eta Haurren Hiriako emaitzak ere bertan ari dira lantzen, haurrekin ere kontraste saioak burutuz.

Orain arteko 4 saioetan mugikortasunarekin lotutako egoera ezberdinetan kokatu dira haurrak, bertatik, beren esperientzia oinarri, ondorioak atera eta neurri ezberdinak proposatzeko:

Lehen saioan, azaroan gauzatua, taldeka Tolosako kaleen plano handi bat aurkeztu zitzaien. Planoak oinarrizko erreferentziak bazituen (Oria ibaia, Usabal industrialdea, Ibarra, Donostia etorbidea…), baina ez kale, plaza, auzo eta eraikinen izenak. Plano hori osatu zuten, txartel ezberdinen bitartez, herriaren ezagutza eta haurren erreferentziak, zein egiten dituzten ibilbideak eta dituzten oztopoak azaleratzeko. Hezitzaileen esanetan, “ikusi zen haurrek eta helduek erreferentzia ezberdinak ditugula herrian mugitzeko garaian. Beren erreferentzia ikastetxea, musika eskola, parkea... dira”. Haurrek detektatu zituzten beraien desplazamenduetan arazo edo oztopoak dituzten puntu batzuk: Iurren ez dago bidegorria markatuta, kiroldegia-Ikastola ibilbidea bizikletaz egiteko ez dira beti Bidegorritik joaten, leku batzuetan bidegorriko lurra ez da aproposa, orokorrean haurrek ez zekiten bizikletaz Alde Zaharretik ezin zitekeela ibili, Triangulo aldetik Musika Eskolara bizikletaz joateko bidegorria ez dago zati batzuetan...

Behin lehen saioan haurrak elkar ezagutu eta gaia era pertsonalean kokatzearekin, eguberri aurretik garatutako bigarren saioan ikusmen eta mugikortasun arazoak dituzten pertsonen paperean kokatu ziren. Horretarako, itsu, erren, oinezko eta bizikletarien paperean sartu ziren herriko kaleetan murgilduz. Kalean topatu zituzten oztopoak mapa erraldoi batean islatu zituzten. Rol guztietan antzerako arazoak topatu zituzten: kaleak bustita irristakor egotea, espaloi estuak, zoru irregularrak, bidegorri falta gune batzuetan...

Hirugarren saioa otsailean burutu zuten. Tolosan bizikletaz segurtasunez ibili eta bizikletaren mantenua norberak egitea zuen helburu saioak. Horretarako Ginkana bat gauzatu zuten, seinaleen ezagutza ikastaroa, bizikleta tailerra eta inkesta ezberdinak bete bizikletaren erabilerari buruz. Argi geratu zen bizikletak arrakasta handia duela haurren artean eta askok egunero erabiltzen duten elementua dela.

Orain arte burutu den azken saioan gurasoek ere hartu zuten parte. Haurrek gauzatutakoa elkarbanatu zuten, haurrek antzemandakoa gurasoen ekarpenekin aberastuz. Tokian Tokiko arazoak zehaztu zituzten:

1. Alde zaharra: bizikletaz nondik gurutzatu esaten duen seinalea falta da.

2. Andra Mari kalea. Parkea eta parkingaren sarrera oso gertu daude eta baloia aparkalekuko aldapatik joaten zaie eta irteten diren kotxeekin sustoak hartu izan dituzte.

3. Arrameleko zubia eta bialaren hasiera: Zubitik Trinkete plazara pasatzeko bidegurutzea arriskutsua da, anbar dagoenean. Gainera, semaforoak oinezkoentzat oso gutxi irauten du berdea eta kotxeentzat asko.

4. Arrameleko zubia: Bidegorriaren aldean, espaloi estua.

5. Rondilla kalea: jendeak edozein lekutik zeharkatzen du.

6. Anbulatorio ingurua: espaloia oso gaizki.

7. Herrikide: ikastetxeetan orokorrean sarrera-irteeretan dagoen arazoa (auto asko, bigarren ilarak…)

8. Triangelua: zorua arriskutsua oinezkoentzat.

9. Laskorain kalea: espaloi estua eta posteak daude espaloia eta errepidearen artean.

10. Nafarroa etorbidea eta Gudari kalea: Bizikletaz zentzu bakarrean joan daiteke.

11. Oria kalea: Tabernetako mahaiek (Irrintzi taberna) bidea estutu egiten dute. Zebra bidean koskak. Bizikletarekin norabide batean joan zaitezke, baina ez bestera.

12. Zezen plaza parean, ura biltzeko kanala arriskutsua da, erdian dagoelako.

13. Ikastolara edo kiroldegira joateko, normalean errekatik joaten dira, zuzenagoa delako bidea, baina hori ez da bizikletentzat bidea, eta oinezkoek dute lehentasuna, beraz, arazoak izan ditzakete.

14. Noruegoen parkea: Eroskiko aparkalekutik parkera iristeko zebra bidea borratuta dago. Orokorrean zorua oso gaizki dago.

15. SAMeko zubia: bidegorria oso gaizki, zuloz beteta

16. Iurramendi pasealekua: bidegorriko lurra ez da batere aproposa, baldosa oso txarra da patinez edo patinetez ibiltzeko, eta arriskutsua dago, gurpilak baldosan sartu daitezke eta.

17. Paper kalea: Bidegorria borratuta dago.

Honako proposamenak egin zituzten familiek herriko mugikortasuna hobetzeko, eta jada, Udala, Tolosa Badabil Mugikortasun Plana eratzeko prozesuaren bitartez, lantzen ari da.

Datorren maiatzean borobilduko dute ikasturtea Mintzatxokoarekin. Bertan, haur, gusaro, aiton-amonek... hartzen dute parte, jai giroan, eta Udalari urte osoko lanketa helaraziz praktikan jarria izan dadin.

Lorpen ugari aurreko 4 ikasturteetan

Lorpen ugari izan du gaztetxoen lanak lau urteotan: oinezko kaleak, abiadura mugatua dutenak (30) edo aurten hirugarrenez jarraipena izango duten San Juanetako “Musika parkean” ekimena edota sanjoan su txikia… Iaz ezarri zen Usabalen proiektuaren hasieratik eskatu izan duten tirolina. Iaz Alondegi Plazan lurreko jolas ezberdinak ezartzearen proposamena luzatu zuten eta zer nola egin aztertzen ari da Udala.


 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA