Haurren Hiria ekimenaren ikasturte berriak mugikortasun eredu berrietan jarriko du fokua

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/06/01 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Tolosako Laskorain, Samaniego eta Herrikide ikastetxeetako 3. eta 6.mailako 42 haur ibili dira aurten, 19 mutil eta 23 neska. Belaunaldien arteko transmisioa izan dute aztergai gauzatu diren 6 saioetan zehar.
  • Lorpen ugari izan du gaztetxoen lanak lau urteotan: oinezko kaleak, abiadura mugatua dutenak (30), sanjoanetako “Musika parkean” ekimena, sanjoan su txikia, iaz Usabalen ezarritako tirolina... Aurten, Alondegi Plazan lurreko jolas ezberdinak ezartzearen proposamena luzatu dute eta Udala aztertzen ari da.
  • Nuria Carbonell, Kultura, Jaiak eta Gazteria zinegotzia: “haurrek badute gaitasuna, baita eskubidea ere beraiei eragiten dieten gaietan parte-hartzeko: kontuan izan behar dugu herria erabat eraldatzen doala, eta herritar ororen neurrira eraikitako Tolosa lantzea dugula helburu”.

Haurren Hiriaren 4. ikasturtea amaitu berri da, maiatzaren 12an burutu zuten azken saioa, Mintzatxokoa, hilabeteotako lana borobildu eta Udalari ateratako ondorioak eta eskaerak luzatuz. Guztira Tolosako Laskorain, Samaniego eta Herrikide ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 3. eta 6.mailako 42 haur ibili dira aurten, 19 mutil eta 23 neska. Belaunaldien arteko transmisioa izan dute aztergai, beraien guraso zein aiton-amonekin bat, gauzatu diren 6 saioetan zehar.

Nuria Carbonell Kultura, Jaiak eta Gazteria zinegotziak eta Margi Iturriza, Haurren Hiria proiektuaren dinamizatzaileak eskaini dituzte xehetasunak Zerkausiko goikaldean egin berri den agerraldian. Zinegotziak balioan jarri du egitasmoa: “pertsona guztien ahotsa entzun, gaitasunak ezagutu eta elkarreragina sortzeko eremuak sustatzea funtsezko zaigu. Pertsona denen gaitasuna eta ezberdintasunak azalarazi nahi ditugu, balioa eman eta konfidantzan jardun. Harremanak eta gure artean erlazionatzeko moduak eraldatu behar ditugu horretarako, komunitatea osatuz eta erronkei batera eginez aurre. Eta horretarako guztiontzako elkargune izan daitezkeen eremuak behar ditugu. Eta hori da Haurren Hiria eta hori sorrarazten du gaztetxoek egiten duten lanketak, emaitza nabariak ekarriz”.

Nuria Carbonellen iritziz haurrek badute “gaitasuna, baita eskubidea ere” beraiei eragiten dieten gaietan parte-hartzeko: “kontuan izan behar dugu herria erabat eraldatzen doala, eta administrazioak, egungo zein etorkizuneko plangintzetan, txikienen ikuspuntua barneratua izatea oso positiboa da. Tolosatzenen baitan ere, ildo estrategiko da 10 urtetarako landutako plangintzan: 'herritar ororen neurrira eraikitako Tolosa' izatea gurea”.

Zinegotziarentzat balio garrantzitsuena da “herritartasuna txikitatik lantzeko aukera” ematen duela: “Herrigintzan aktibo izatea sustatzen ari gara, etorkizuneko Tolosa dira. Udalak politika publikoak gauzatzeko eran, bai eduki aldetik, zein forma aldetik, aurrerapausu ugari eman ditu. Herritar ororen iritziak eta proposamenak jaso eta aintzakotzat hartzen ditugu edozein proiektu martxan jartzerako unean. Haurren Hiria da horren bertsio gaztea”.

Horri helduz, zeharkakotasunez landutako proiektua dela berretsi du, “hainbat udal sail eta ekimen ezberdinekin egon dira hartuemanean: Gazteria saila, Hirigintza, Ingurumena... Eta Mugi Tolosa bezalako ekimenekin trukea burutu dugu, belaunaldi ezberdinen artekotasunaren ispilu”.

Lorpen ugari izan du gaztetxoen lanak lau urteotan: oinezko kaleak, abiadura mugatua dutenak (30) edo aurten hirugarrenez jarraipena izango duten San Juanetako “Musika parkean” ekimena edota sanjoan su txikia… Iaz ezarri zen Usabalen proiektuaren hasieratik eskatu izan duten tirolina. Eta aurten, Alondegi Plazan lurreko jolas ezberdinak ezartzearen proposamena luzatu dute eta zinegotziak aurreratu du “ontzat” ikusten dutela: “orain zer nola egin aztertzen ari gara”.

Datorren urteko ikasturteari begira jarria da jada Udala eta haurrekin bat, erabakia dute landuko duten gaia: 'mugikortasun eredu berriak'. Carbonellek nabarmendu du Udalaren jardunarekin bat datorrela denboran gaia, “Mugikortasun Plan berria egiteari ekingo baitiogu gutxi barru. Erabat ari naiz lotzen Tolosatzenekin gaia, baina era batera edo bestera guztiz elkarrekin doaz, eta 10 urterako plangintza horren baitan ere jasoa dugu epe laburrean pertsona erdigune duten kaleak izateak Tolosakoak, mugikortasun jasangarria eta segurua sustatzen duena, oinezkoei eta bizikletei lehentasuna emanez eta garraio publikoa bultzatuz. Horregatik egingo da plan berria eta landuko da Haurren Hirian ere gaia”.

Ikasturtea, saioz saio

1. saioa, azaroaren 14an burutu zen 'Beste garai batzuetako Tolosa' izenburupean. Helburuak honakoak ziren: taldekide berrien ezagutza sustatzea, Tolosako gaur egun aitona-amona direnak, haur ziren garaian bizitutakoa ezagutu eta partekatzea, eta herriko generazio desberdinek elkartzeko gune eta aukerak aztertzea. Margi Iturrizak azaldu duenez, “haurrek beraien intereseko galderak pentsatu zituzten eta gurekin izan genituen adineko 4 pertsonei (Ana Mari, Maite, Carmen eta Benedicto) ri luzatu zizkieten. Ondorio bezala: elkarrekin egoteko aukera emango lukeen elkargune eta egun bat bilatzea ondo egongo litzatekeela atera zen, hau da ekintzaren bat urtean behin edo egitea interesgarri izan zitekeela generazio desberdinen artean elkartrukea eman ahal izateko”.

2. saioa, abenduaren 13an gauzatua, Mugi Tolosarekin bat egin zuen Haurren Hiriak. Helburuak: Mugi Tolosa ekintza ezagutzea eta adinduekin batera zirkuitu bat Tolosatik barna komertzio desberdinetan zehar eginez goiza partekatzea. Margi Iturriza: “Tolosa Mugikoek egiten duten paseoari helburu bat jarri genion: Ginkana moduan taldetxo desberdinetan 5 denda desberdinetara joan, galdera pare bat egin eta bertakoak ematen zien esaldi bateko hitz pusketa batekin zirkuitua bukatu ondoren 'Tolosan adina ez da aitzakia, denok elkarrekin' esaldia osatu zuten. Bukaeran inkesta bat egin genuen haurren artean eta helduekin denbora konpartitzeko gehien gustatuko litzaiekeen gauza aintzinako jolasak eta eskulanak aipatu zituzten. Horretarako jendearen borondatea dela beharrezkoa aipatu zuten”.

3. saioa, urtarrilaren 30ean egina, 'Elkarretarako herria' izenburupean. Helburuak: Mundu mailan Haurren Hiria proiektua martxan jarri zuen Francesco Tonucci ezagutzera ematea, bera izan baitzen hiriak antolatzeko orduan, haurren iritzia kontuan hartu behar zela aldarrikatu zuena. Adin desberdinetako herritarrek Tolosan elkarrekin jolasteko, konpartitzeko lekuak identifikatu eta bertan egin daitezkeen jolas eta ekintzak identifikatu eta proposatzea. Margi Iturriza: “Alondegian eta Berdura plazan jolas desberdinak antolatu genituen. Alondegian klarionakin margotu zituzten gustuko zituztenak: Txingoka, Kanika zirkuitua, Twister eta 4 izkinetara jolasteko zirkuitoa. Nuria Carbonellek aipatu duen bezala hau izango d1a aurtengo edizioan udalak kontuan hartuko duen eskakizuna”.

4. saioa, martxoak 17an burutua 'herrian denok 'pintatzen' dugu'. Helburuak: guraso eta aitona-amonekin Haurren Hiria proiektua arratsalde batez partekatzea eta adin desberdinetako tolosarrek zerbait elkarrekin egin dezaketela ikustea. Margi Iturriza: “Zerkausian, kartoizko etxetxo batzuk montatu eta pintatu egin ziren. Txitxi Orbegozoren laguntza izan genuen. Artea espresio bide izan da. Saio hau oso arrakastatsua izan zen, eta adin oso desberdinetako partaideak izan genituen, helburua beraz bete zen, oso ondo pasa bait zuten etorritako guztiek”.

5. saioa, maiatzak 2, Mintzatxokoaren prestaketa. Margi Iturriza: “Taldea hiru taldetxotan banatu behar izan genuen: azken saiora ziur joango zirenak, zalantzan zeudenak eta ziur joango ez zirenen artean. Joango zirenekin elkarrizketa entseatu genuen eta zalantzan zebiltzanekin, azken lau urtetako bideoaren kontaketa praktikatu zuten. Joango ez zirenekin bertsoaren lanketa eta 6.saiorako jolasen prestaketa egin genuen”.

6. saioa, maiatzak 12, Mintza Txokoa. Margi Iturriza: “Saio hau ohikoa denez larunbata arratsaldez ospatu da, udal ordezkari, guraso eta ikastetxeetako ordezkarien partehartzearekin. Bi zati izan zituen ekitaldiak mintza txokoa deiturikoa: jolasen bidez iritziak jasotzeko balio izan zuenak. Adibide bezala Tolosako agendan haur eta helduen partehartzearekin txertatu daitezkeen ekintza berriak asmatu ziren, horien artean “pintura eguna” antolatzea, adin guztientzako eskulan tailerrak, Tolosa kantari berezia san joanetan antolatzea… eta horrela 13 bat proposamen berri, denek adin desberdinak nahasteko aukera emango luketen ekintzak izateko baldintza betetzen zutela. Ondoren lau urtetako laburpena pelikula moduan ikusi genuen eta adinekoei elkarrizketatxo bat egin ondoren, txokolatada eta musikarekin amaitu zen arratsaldea”.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA