Herriko haurrek Keinu Txikien Herri Aliantzarekin bat egin dute Haurren Hiria proiektuaren bidez

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/01/28 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Azken urtebetean bizitako egoerak haurrengan izan duen eragina zein izan den eta haur horiek nola sentitzen diren jakiteko lehen lanketa egin da Herrikide, Laskorain eta Samaniego ikastetxeetako ikasleekin.

  • Sentipen horiek aztertuta, eta Guztion Artean Tolosatzen prozesuko Keinu Txikien Herri Aliantzarekin bat eginez, Tolosa hobeago bat lortzeko proposamenak egingo dituzte ikasleak Haurren Hiria proiektuaren baitan.

  • Haurrek egindako ekarpenetatik, haiei zein familiei zuzendutako ekintzak aztertuko ditu udalak.

 

Haurren Hiria proiektuaren zazpigarren ekitaldiak Guztion Artean Tolosatzen prozesuaren baitan martxan jarri den Keinu Txikien Herri Aliantzarekin bat egin du. Egungo egoerara egokitu da aurtengo ikasturtean Haurren Hiria proiektua, eta ez soilik lanketa egiteko moduan, baita ikasleen ekarpenak jasotzerakoan ere. Izan ere, iazko urtean bizitako itxialdiak eta egungo egoerak haurrei nola eragiten dien jasoko da, haurren emozioetatik abiatuta.

Horretarako, haurrei eman zaie hitza, nola sentitu diren, itxialdiak zer suposatu duen, eskolara buelta nolakoa izan den… jasotzeko. Sentitu dutena, izan dituzten kezkak, ilusioa zerk eragin dien… aztertu eta landu zuten urritik abendura bitartean. Herrikide, Laskorain eta Samaniego ikastetxetan ari da lanketa egiten, hamar geletan guztira, aurrez aurreko saioen bidez. Hala, gaur egun, 250 haur inguru dira Haurren Kontseiluaren parte.

Konfinamenduak emozio positiboak eta negatiboak eragin dizkie haurrei. Besteak beste, emozio positiboak eragin dizkie familiarekin egoteko izan duten denborak, anaia-arrebekin jolasteko aukera gehiago izateak, arduratsuak izan behar dutela konturatzeak, edo etorkizunera begira egoerak konponbidea izango duela pentsatzeak. Baina konfinamenduaren ondorioz musukoa erabili behar izateak, lagunekin ezin jolastu ahal izateak, familiako hainbat kiderekin ezin egoteak edo familiako norbait gaixotzeak emozio desatseginak eragin dizkie.

Keinu txikiak proposatzeko abagunea

Emozio atseginak eta negatiboak identifikatuta, apirilera bitartean emozio horien lanketa egingo dute Haurren Hiria proiektuaren barruan. Horretarako, Tolosatzen prozesuaren berri emango zaie haurrei, eta keinu txikiak proposatzeko espazioak emango zaizkie, norberak, bere egunerokotasunean, martxan jarri ditzakeen ohitura onak elkarbanatu eta denen artean Tolosa hobeago lortzeko helburuarekin.

Haurrek proposatzen dituzten keinu txikiak Herri Aliantzan txertatuko dira, eta herritar guztien eskura egongo dira. Horrez gain, haurrek identifikatu dituzten beharrei aurre egiteko ekintza plana diseinatzeko bidea ere eskainiko du Haurren Hiriak, udalak gurasoei zein haurrei zuzendutako ekintzak, hitzaldiak, tailerrak… antolatuz.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA