Hodeiertz abesbatzak aitortza beroa jaso du bere 40. urteurrenean eskainitako kontzertu berezian

Tolosako Udala
2023/10/30 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Tolosako Udaleko alkate Andu Martinez de Rituerto Arregik “Hodeiertz Tolosako kultur mailan eragile garrantzitsua” izan dela nabarmendu zuen. 
  • 54. Tolosako Abesbatza Lehiaketaren baitan antolatutako hiru kontzertu berezietatik lehena izan zen pasa den asteburukoa.

 

Hodeiertz abesbatzak aitortza beroa jaso du bere 40. urteurrenean eskainitako kontzertu berezian. San Frantzisko eliza jendez bete zen larunbateko emanaldi hunkigarrian. Abesbatzak laguntzaile ugari izan zituen kontzertuan zehar, tartean abesbatza kide ohiak eta besteak beste, Tolosako Udalaren omenaldia ere jaso zuen. 

“Hodeiertz abesbatza eragile garrantzitsua izan da Tolosako kultur mailan. Ekarpen handia egin dio gure herriari eta nazioartean ere ibili da 40 urte oparo hauetan”, nabarmendu zuen Andu Martinez de Rituerto Arregi alkateak. Nazioarteko Abesbatza Lehiaketaren bilakaeraren ere talde “oso garrantzitsua” izan dela gaineratu zuen alkateak, oroitzapenez betetako hitzorduan.  

Abesbatza lehiaketako lehen kontzertu berezia

54. Tolosako Abesbatza Lehiaketaren baitan antolatutako hiru kontzertu berezietatik lehena izan da Hodeiertz abesbatzarena. Izan ere, lehiaketaz gain, emanaldi bereziak ere izango dira zaleen gozamenerako. Hodeiertzenaz gain, German Ormazabal pianistaren eta Maite Arruabarrena mezzosopranoaren errezitala, eta jaialdiari itxiera emateko, Suhar abesbatzaren kontzertuak ere izango dira datozen egunetan. 

Egitaraua hemen dago ikusgai eta sarrerak eta abonoak salgai daude webgune honetan. 

Helduen abonoak 65 euroko prezioa du aurten, eta helduen sarrerak, berriz, 15 eurokoa. Haurren sarrera 8 eurotan dago. Amaiera ekitaldirako helduen sarrerak 18 euroko prezioa du, eta amaiera ekitaldiko haurren sarrerak 10 euro balio ditu.